Proposamen mordoa ageri da hauteskunde programetan. Hara planteamendu nagusiak:
1. Haur eskolak. 0-2 zikloa doakoa izatea jaso dute hauteskunde programetan EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek, PSE-EEk eta PPk. EAJk, azken urteetako bidetik, proposatu du kuoten zenbatekoa gutxitzea familiaren errenta kontuan hartuta.
2. Lanbide Heziketa. Eskolaren eta lan arloaren arteko lotura areagotzeko proposamenak daude programetan —EAJk, adibidez, xedetzat jarri du ikasle gehienek ikasketa dualak egitea, eskola eta lana uztartuz—. Ingelesa ardatz nahi dute PSE-EEk eta PPk; EH Bilduk, euskarazko eskaintza handitzea.
3. Unibertsitatea. EHU sendotzeko proposamenak egin dituzte EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk; PPk orokorrean aipatu ditu unibertsitateak, eta EAJ «euskal unibertsitate ekosistemaz» mintzo da. Euskarazko online heziketa haztea aipatu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.
4. Curriculuma. Aldaketa bat baino gehiago proposatu dute. EAJk «garapen iraunkorreko helburuak» txertatu nahi ditu; EH Bilduk, «curriculum propioa», eta materialak bertan sortzea; PPk «doktrinamendu nazionalista» kentzea aipatu du programan.
5. Hezkidetza. Curriculumean hezkidetza era zabalagoan txertatzea proposatu dute PPk ez gainerako alderdiek. Nafarroako Skolae programa eredugarri modura aipatu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.
6. Irakasleak. Egonkortasuna kezka iturri da urteotan, irakasle asko ari direlako behin-behinean. Egonkortzeko proposamenak ageri dira programetan. Baita prestakuntza egokitzekoak ere; Irakasleak Prestatzeko Institutua sortzea proposatu du, adibidez, PSE-EEk. Irakasleei buruzko eskumena Espainiak izan dezala nahi du PPk.
7. Erlijioa. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk berretsi dute erlijioa eskola ordutegitik kentzearen aldeko jarrera; PPk eta EAJk ez dute gaia aipatu.
BESTE GAI BATZUK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu