Carola Racketek mezu bat errepikatu du azkeneko egunotan: Sea Watch 3 itsasontzian zeramatzan 40 migratzaileak geroz eta okerrago zeudela fisikoki eta mentalki, egoera jasangaitza zela ontzian. Ostegunean, kasurako, bi ebakuatu behar izan zituzten, osasun arazoak direla medio. Baina Italiako agintariek ez zioten argibiderik ematen. Migratzaileak erreskatatzen dituzten GKE gobernuzko kanpoko erakundeen ontziei bere portuetara iristea debekatzen die Italiak; are, bere uretan sartzea. Baina agindu horri jaramonik egin ez, eta, joan den asteazkenetik, Racketek ontzia ainguratuta zeukan Lampedusa uhartetik itsas milia batera. Azkenean, atzo goizaldean, 01:30 inguru zirenean, aingurak jaso, eta bi aste pasa Mediterraneoan noraezean zebilen ontzia Lampedusan porturatu zuen kapitainak, Libiako kostaldearen parean ontzi puzgarri batetik erreskatatu zituen etorkinak lurrean utziz. 02:00 inguruan atxilotu egin zuen Italiako Mugetako Poliziak, eta, oraingoz, etxeko atxiloaldian daukate, Leonardo Marino bere abokatuak jakinarazi zuenez. Gerraontzi baten kontrako erresistentzia edo indarkeria egotzi diote, eta delitu horrengatik hiru eta hamar urte arteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.
La Repubblica egunkariaren arabera, Sea Watch GKEaren ontziak porturako bidea hartu zuenean, Mugako Poliziaren ontzi batek gelditzeko agindu zion, eta, gelditu ez zenez, Poliziaren ontzia jo zuen. Ez zen kolpe handiegia izan. Racketek barkamena eskatu zuen horregatik. Matteo Salvini Italiako Barne ministroa RAI Italiako irrati publikoan mintzatu zen goizean, eta Racketeri leporatu zion «jarrera kriminala» edukitzea. Herbehereetako bandera duen ontzia Italiako uretan sartu zenean, joan den asteazkenean, ontzia atxikitzen eta kapitaina atxilotzen bazuten «pozik» egongo zela nabarmendu zuen.
Bost herrialdetara
Rackete 31 urteko alemaniarra—Alemaniakoa da Sea Watch GKEa—, berriz, Italiako Barne Ministroak azken urtean migrazioaren kontra ezarri dituen politiken aurkako sinboloa bihurtu da. Atzo goizaldean, ontzia porturatu baino lehenago, bideo bat jarri zuen Twitterren. «Iristen ez den irtenbide baten zain jarraitzen dugu. Horregatik erabaki dugu porturatzea», salatu zuen.
Beste herrialde batzuk migratzaileak hartzera konprometitu arte, Salvinik ez zion ontziari porturatzeko baimenik eman nahi. Hori exijitzen zuen. Bai Sea Watchek eta bai Italiako Gobernuko pare bat ministrok ere esana zeukaten bazirela zenbait herrialde etorkinak hartzeko prest. Baina ontzian horren berri eduki gabe jarraitzen zuten. Salvinik atzo iragarri zuenez, estatu batzuek konpromisoa hartu dute. Enzo Moavero Milanesi Atzerri ministroak herenegun jakinarazi zuenez, Luxenburgora, Finlandiara, Frantziara, Portugalera eta Alemaniara eramango dituzte etorkinak.
Sea Watchek Twitterren jarritako bideoetan ikusten da jada egun argitan jaitsi zirela migratzaileak itsasontzitik. Eskifaiako kideak bostekoa emanez eta besarkatuz agurtu zituzten horietako batzuek. Portuan zain zeuden dozenaka lagunek txalo jo zieten Lampedusara ailegatu zirenean.
Giorgia Linardi Sea Watch Italiako bozeramailearen hitzetan, Racketek ez zuen «bestelako aukerarik». GKEaren presidente Johannes Bayerrek Salviniren aurka egin zuen: «Berak [Racketek] itsasoko legea bete zuen eta jendea salbatu. Rackete ikertu beharrean, Salvini ikertu beharko lukete, bahiketagatik eta nazioarteko legedia urratzeagatik». Ontziaren kapitaina ikerketapean dago herenegundik, ustez pertsonen trafikatzaileei laguntzeagatik. Gainera, joan den ekainaren 11n Italiako Gobernuak onartutako lege dekretua kontuan hartuta, bere herrialdeko uretan baimenik gabe sartzeagatik 50.000 euroko isuna jarriko diote GKEari, eta itsasontzia bahituko dute.
Joan den ostegunaz geroztik ontzian zeuden Italiako oposizioko bost parlamentariak ere Lampedusan porturatu ziren. Azkeneko hiru urteotan Italiako Azpiegitura eta Garraio ministro izandako Graziano Delrio zen horietako bat, eta adierazi zuen justiziak ebatzi beharko duela Racketek deliturik egin ote duen. «Dena den, beharra dagoenean, legeak urratu daitezke», gehitu zuen. «Nola iritsi ote gara egoera honetara?», galdetu zuen Nicola Fratoianni ezkerreko parlamentariak. Iazko ekainetik da Salvini eskuin muturrekoa Barne ministroa. Ordutik, 2014 eta 2017 arteko kopuruekin alderatuz, papergabe gutxiago iristen dira Italiara. Barne Ministerioaren arabera, azken hamasei egunetan 500 inguru ailegatu dira.
'Sea Watch 3'-ko kapitaina kartzelatzeko arriskuan dago etorkinak lehorreratu eta gero
Lampedusan porturatu da 40 migratzaile zeramatzan ontzia, eta Carola Rackete atxilotu du Italiak. Matteo Salvinik «jarrera kriminala» edukitzea leporatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu