Pintxoen mapan, altxorrak

Iruñeko Iruñazarra jatetxeko Itsasantxoa pintxoak lortu du lehenengo saria Euskal Herriko XV. Pintxo Txapelketan. Gasteizko Mano Lenta jatetxeak irabazi du bigarren saria; hiri horretako La Regaderak, berriz, hirugarrena. Epaimahaiko kideek azpimarratu dute maila «ona» izan dutela lan guztiek.

Jose Maria Solana eta Marisa Barrio sukaldariek sopea ahate konfinatuz egin dute beren pintxoa, tamarindoarekin eta chipotlearekin. Epaimahaiaren aipamen berezia jaso dute, eta El Mexicano y Mucho Mas jatetxeko kideak dira, Gasteizen. endika portillo / foku ENDIKA PORTILLO / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun

Pintxoaren lehen osagaiak eskuetan hartu, eta oinarria egin. Ostean, elikagaiak gainean jarri, pixkanaka, eta, kontuz, egindako lana ezerezean gera ez dadin. Parte hartzaile batzuk banaka ari dira lanean; beste batzuk, binaka. Txandaka ari dira pintxoak sortzen agertokiaren gainean, aurrez eginak dituzten elikagaiekin. Maskara ere soinean dute, eta ikusleak zintzo ari dira segurtasun arauak betetzen; eserita, eta geldi. Lehen pintxoak egin ondoren, epaimahaiak lan horiek dastatzea da hurrengo urratsa, eta, horretarako, ezinbestekoa da zerbitzarien lana. Pintxoen platerak eskuetan hartu, oholtzako eskailerak jaitsi, eta epaileen esku uzten dute talde bakoitzaren lana.

Hain zuzen, hamar pintxo onenak aritu ziren atzo goizean lehian Gasteizko Europa biltzar etxean, lehenengo bi egunetan kanporaketak egin ostean. Euskal Herriko Pintxo Txapelketak, beraz, badu txapeldun berria. Parte hartzaileek, guztira, 11 pintxo egin behar izan zituzten txapelketaren hamabosgarren edizioan: bost epaimahai ofizialarentzat, beste bost herritarrek osatutakoarentzat, eta azkena, erakusketarako. Epaimahaiak azpimarratu zuen lan guztiek maila «ona» izan zutela, baita harrituta gelditu zirela gaineratu ere, hainbat lanek «nazioarteko gastronomiaren ukitua» zutelako. Azkenean, Iruñeko Iruñazarra jatetxearen Itsasantxoa pintxoak lortu zuen lehenengo saria. Horrez gain, beste bi sari ere eskuratu zituen: epaimahai herrikoiaren saria eta pintxo «zitalenarena».

Hain zuzen, zazpi osagai nagusiz osatutako pintxo bat sortu zuten Gorka Aginaga eta Laura Herrero Iruñazarrako sukaldariek. Elikagai nagusia antxoa da, baina normalean aprobetxatzen ez diren elikagaiei eman zieten garrantzia. Horretarako, besteak beste, antxoen buruak eta antxoen ontzietako olioa erabili zuten. Hala ere, eginiko lan propioez gain, orain arte txapelketetan aritu diren sukaldarien lanak ere goraipatu zituzten. Euskal Herria irla gisa irudikatu, eta mapa bat osatu zuten. Jakinarazi zutenez, altxorrak bilatzeko mapa bat da. Kasu honetan, altxorrak, aurreko edizioetako irabazleen pintxoak lirateke, eta mapa, horiek zehazki non dauden jakiteko gida gastronomiko bat.

Saritutako pintxo gehiagoren zaporeaz gozatzeko, ordea, Gasteizera egin daiteke jauzi. Hantxe daude bigarren eta hirugarren saridunak. Luis Hernani eta Juan Gartzia sukaldariek lortu dute bigarren saria. Mano Lenta jatetxeko kideak dira, eta Brisa Marina izan da saritutako pintxoa. Hirugarren saria, La Regadera jatetxeko Mikel Fiestras sukaldariak eskuratu du, Marmitum pintxoarekin. Are, epaimahaiaren aipamen bereziaren saria ere hiri berberean gelditu da. Pintxoan sopea ahate konfinatuz egin dute Jose Maria Solana eta Marisa Barrio sukaldariek, tamarindoarekin eta chipotlearekin. Hain zuzen, elikagai horien adierazgarri da jatetxe mexikar bateko kideak direla; El Mexicano y mucho mas.

Euskal Herriko urrezko pintxoak dastatu nahi dituenak, beraz, badu aukera irabazleen jatetxeetara joateko eta mokadu baten jaten diren elikagai hauez gozatzeko. Izan ere, ongi marraztuta gelditu dira pintxoen mapa eta bertako altxorrak. Halere, gogoan hartu behar da hainbat jatetxe eta taberna itxita daudela COVID-19arengatik, besteak beste, Nafarroan. Ondorioz, sukaldari batzuek gogorarazi dute pixka bat itxaron egin beharko dela pintxo batzuk dastatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.