Euskararen aztarnen atzetik

Ezkerretik eskuinera: Irulegiko Eskua; Huescan aurkitutako beste esku bat, herri iberiar batean —ez zuen idatzirik—; eta Irulegin aurkitutako xafla baten bi aldeak, signario iberiarrarekin. BERRIA.
2023ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Euskara idatziaren lehen arrastoak X. edo XI. mendekoak dira. Susoko monasterioan aurkitu zituzten, Donemiliaga Kukulan (Errioxa, Espainia), mila glosaren artean: «Izioqui dugu» eta «Guec ajutu ez dugu». Hortik atzera, mila urteko zuloa: Irulegiko Eskua aurkitu arte ezagutzen ziren arrasto zaharrenak Kristo ondorengo I. mendekoak ziren. Akitanian topatu zituzten: hildakoentzako ehunka hilarri eta dibinitateentzako dozenaka aldare.

Akitanieraren arrastotzat jo dira horietan topatutakoak. Esaterako, pertsona izenok: Cison, Andere, Sembe, Nescato. Animalia izenetatik eratorriak dira beste izen propio batzuk: Asto-ilunno, Harsi, Oxson. Zuhaitz izenetatik, beste batzuk: [H]arexo eta Arexoni, Artehe eta Artahe, Leherenn. Belex izena ere ageri da. Dibinitate izenetan, Bai-gorixo, Iluni eta Ilunni agertzen dira, adibidez.Latinez idatzi ziren horiek guztiak, eta Kristo ondorengo I. eta III. mendeen artekoak dira; Erromako kulturaren parte ziren halako aldare eta hilarriak.

Akitania ekialdean aurkitu dituzte gehienak, Garona ibaiaren arroan eta Pirinioen erdialdean. Akitania mendebaldean, aldiz, apenas agertu den halakorik.

Pirinioen hegoaldera, Nafarroan agertu dira euskararekin loturaren bat izan dezaketen izen propioak, Iruñerrian batez ere. Eta izen horietako batzuek harremana dute akitanierazko izenekin. Akitaniakoen garai bereko aldare eta hilarrietan topatu da, latinez idatziak hori ere, Umme Sahar (Lergan) izen propioa. Eta Errensae (Larragan), Larrahi (Mendigorrian), Losae (Leraten), Selatse (Barbarinen) eta Itsacurrinne (Oltzan) dibinitate izenak. Akitanierarekin lotura izan dezaketela uste da.

Baina zeltiberierazko eta iberierazko izenak ere aurkitu izan dira Nafarroan. Eta Akitaniako hilerrietan badira jatorri galiarreko eta indoeuroparreko izenak ere. Latina, bestalde. Testuinguru eleaniztunak iradokitzen ditu horrek guztiak, beraz.

Beste lurraldeetan ere agertu dira era horretako hilarriren batzuk, baina Soriako (Espainia) hilarri eta aldare multzoak deitu du arreta azken urteetan. Tierras Altas aldean aurkitutakoetan, Antestius Sesenco delako bati eskainitako hilarri bat dago, zezen bat taillatua duena. Onso, Agirseno eta Velar-thar izenak ere agertu dira horietan.

Ascoliko brontzea ere deigarria da. Italian, Kristo aurreko 91. eta 88. urteen artean Aliatuen Gerran ibilitako zalditeria bateko kideei erromatar hiritartasuna aitortzen die brontze horrek. Zaragoza —Salduie, garai hartan— aldean errekrutatu zituzten zaldun horiek, eta gehienak iberiarrak ziren arren, baskoiren batzuk ere izango ziren tartean: Enneges bat eta Arbiscar-en seme Arranes agertzen dira zerrenda horretan.

Bada horiek baino lehenagoko beste testu idatzi bat, Andeloko jauregi erromatar batean aurkitutako lurreko mosaiko batean: likine : abulo?aune : ekien : bilbilia?s. Adituek eztabaidan jarraitzen dute, zein hizkuntza ote den. Eta Irulegin topatutako beste brontze xafla bat ere bada, Irulegiko Eskuaren antzekoa eta signario iberikoa idatzia duena, baina bi aldeetatik. Zati bat bakarrik topatu zuten —1985ean, altxor bilatzaile batzuek—, oso hondatua dago, eta ez da posible irakurtzea zer jartzen zuen.

Horiez aparte, toponimoak daude. Wilhelm von Humboldt hizkuntzalariak arreta jarri zuen Pirinioen bi aldeetan errepikatzen ziren toponimoetan. Esaterako, Calagorris (Saint Mantory, Okzitania; eta Errioxa, Espainia); Elimberrum (Auch, Okzitania; eta Irunberri, Nafarroa); Iluro (Oloroe, Okzitania; eta Mataro, Herrialde Katalanak).

Baina horiek guztiak izenak dira. Eta Irulegiko Eskuak esaldi batean kokatutako hitz bat ekarri du orain, aurreneko aldiz, Donemiliagako bi esaldi horietatik mila urte atzerago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.