Jokoa martxan jarri ondoren erabiltzaileak hizkuntza aukeratzeko botoia sakatu eta nekez topatuko du bideo jokoan euskaraz aritzeko aukerarik. Ziurrenik, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez aritzeko hautua egingo du, besterik ezean hizkuntza horietan aritzen baitira oro har Euskal Herriko jokalariak. Euskara jokoz kanpo geratzen da ia beti. Apenas baitago ekoizpenik, Garikoitz Larrañaga Game Erauntsia komunitateko kideak dioenez: «Euskarazko bideo jokoak anekdotikoak dira».
Bideo jokoen industria oso indartsua da, eta euskal garatzaileak normalean nazioarteko merkatura begira daude. Kanpoko garatzaileek, era berean, ez dute ahalegin berezirik egiten euren eskaintza hizkuntza gutxituetara itzultzeko, eta, horregatik, ez dago apenas euskarazko eskaintzarik. Urtean bi edo hiru joko. Gutxi horietako bat da, esaterako, 2017an Binary Soul estudioak garatu zuen Sorginen Kondaira. Santiago Cordoba da estudioko zuzendaria, eta dioenez, euren lehen lana izan zen, eta ez zuten salmenta ikuspegitik garatu. Marka sortzeko bide bat izan zen. Horrek erakusten du halako saiakerak ez direla ohikoak. Eta urtero sortzen diren joko gutxi horietatik gehienak bideo jokoak egiteko ikastaroetan sortuak dira. Hau da, bogan dauden jokoetan ez dagoela euskara aukeratzeko botoirik.
Baina, era berean, herritarren praktiketan txertatuta dagoen ohitura bat da bideo jokoena. Kulturaren Euskal Behatokiak 2019an egindako txostenaren arabera, Euskal Herriko biztanleen %20 egunero edo noizean behin aritzen dira bideo jokoren batean. Euskarazko eskaintzarik apenas dagoen, eta, beraz, gutxi izango dira euskaraz arituko direnak. Eta horrek indartu egiten du hizkuntzaren normalizazioan dabiltzan ikerlariak aspaldion nabarmendu duten gabeziaren ideia: aisialdi informalean euskara presentzia galtzen ari dela, batez ere gazteen artean. Egoerari buelta eman, eta hizkuntzaren biziberritze prozesuan aurrera egin nahi bada, arlo horretan lan egin behar dela esaten ari dira.
Ikusi den bezala, euskara herren dago bideo jokoen ekoizpenean. Gaur egun, ordea, arlo hau ez da norbanakoaren praktikara bakarrik mugatzen. Sareetan gero eta arruntagoa da jokoei buruz iruzkinak egiten dituzten youtuberren bideoak ikustea, eta hor ere ia ez dago euskaraz diharduen erabiltzailerik: «Ekosistema osatzen dutenak dira jokoen garatzaileak, jokalariak, eta streamer-ak [plataforma ezberdinetan bideo jokoez aritzen diren erabiltzaileak]; bideo jokoetan euskararen normaltasuna lortzeko, beraz, ekosistema horretan guztian eragin beharko litzateke», azaldu du Larrañagak.
Hutsunea betetzeko taldea
Asmo horrekin sortu zuten 2014an Game Erauntsia bideo jokoen euskal komunitatea. Hasierako asmoa gai horiei buruz aritzen ziren youtuberren hutsuneari buelta ematea bazen ere, laster hasi ziren bideo jokoei lotutako ekintzak sustatzen. Besteak beste, jokoak itzultzen, eta euskaraz dagoen eskaintza bateratu eta hedatzen. Egiten duten lanari esker, ia ezer ez zegoen eremu batean euskarazko eskaintza apur bat hedatzea lortu dute. «Itzuli daitezkeen jokoak bilatzen ditugu, askotan ezin baitira itzuli nahi diren joko guztiak». Behin horiek topatuta, urterik urte bi edo hiru joko euskaratzeko martxa hartu dute. «Bideratzen ditugun itzulpenez gain, badaude beste erabiltzaile batzuk borondatez itzultzen dituztenak bideo jokoak ere». Horiek denak bilduta, une honetan, euren webgunean euskaraz sortutako edo euskarara ekarritako 38 joko daude. Tartean, besteak beste, Minecraft, Super Mario, eta Legend of Zelda.
Bideo jokoen eremua euskalduntzeko eragile bakarra da, eta, gaur-gaurkoz, arlo horretan euskara sustatzeko Eusko Jaurlaritzak ez dauka proiektu jakinik. Game Erauntsiak jasotzen duen diru laguntza da ildo bakarra.
Euskarazko bideo jokoen eskaintza handitzeko lanean ari diren arren, streamer-en eremuan eragin nahian ari dira. Ildo horretan, Euskaraldiak iraungo duen egunetan euskal bideo jokoen zaleen komunitatearekin batera eskaera argi bat egingo dute: Twitch plataformak euskara hizkuntza ofizial moduan onar dezala. Bideo jokoetan espezializatutako online bidezko zuzeneko bideo emanaldiak egiteko plataforma da Twitch, eta egunero milioi erdi ikusletik gora batzen ditu. Emisioa egiterakoan 34 hizkuntza aukeratu daitezke, eta euskara ez dago zerrenda horretan. «Euskara hizkuntza ofiziala bihurtzeak euskal sortzaileen edukiak iragazteko aukera dakar», azaldu dute ohar bidez ekinaldia sustatu duten eragileek. Katalana plataformako hizkuntza ofiziala da, eta hala izatea lortu zuten 3.000 boto lortu ostean. Kanpaina honekin, kopuru horietara iritsi nahi dute.
Egitasmo horiekin guztiekin, beraz, apurka-apurka lan egiten ari dira euskarak bideo jokoen arloan ere ikusgarritasuna izan dezan. Baina bidea luzea izango da.