Sinadurak biltzen ari dira Disney euskaratzeko

2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Disney Plus hasia da katalanezko edukiak eskaintzen, eta BERRIAk galdera egin zion Jaurlaritzari Disney Plus plataformarekin dituen harremanen inguruan. Azaroaren 15ean argitaratu zen haien erantzuna: «Ez dugu aukerarik ikusten, Disneyk euskarazko merkatuan interesa hartzen ez duen bitartean». Erantzun hori ikusita, herritar talde bat sinadurak biltzen hasi da Interneten, bi eskaera egiteko: «Disneyri eskatzen diogu bere ekoizpenak euskaraz eskaini ditzala bai Euskal Herriko zinema aretoetan bai Disney Plus plataforman, eta utz diezaiola euskaldunak diskriminatzeari. Bestalde, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Elkargoari, Disneyrekin harremanetan jar daitezela haur euskaldunen eskubideak bermatuak izan daitezen». Atzo arratsaldean ia 2.800 atxikimendu jaso zituen eskaerak.

Horrez gain, egunotan beste eskaera bat ere bolo-bolo dabil sarean: Twitch plataformak euskara hizkuntza ofizial gisa onartzea. Bideo jokoetan espezializatutako zuzeneko online bideo emanaldiak egiteko plataforma da Twitch, eta egunero milioi erdi ikusletik gora batzen ditu. Emisioa egiterakoan 34 hizkuntza aukeratu daitezke, eta euskara ez dago zerrenda horretan. Katalana plataformako hizkuntza ofiziala da, eta hala izatea lortu zuten 3.000 boto lortu ostean. Kopuru horretara iritsi nahi dute euskarazkoa lortzeko, eta atzo arratsaldean 1.700 bototik gora jasoak zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.