Koronabirusa

Urkulluren arabera, legegintzaldi bat beharko da lehengora itzultzeko

Lehendakariak adierazi du «eusteko garaia» dela, eta «egonkortasuna» behar dela instituzioetan

Tapia sailburua eta Urkullu lehendakaria, eragile ekonomikoekin atzo izandako bileran. IREKIA.
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako zauriak ixteko legegintzaldia izango da hurrengoa: hala adierazi du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Argitzeko dago oraindik uztaileko bigarren edo hirugarren igandean egingo diren bozak, berak nahi bezala, baina orduan izan ala udazkenean izan, hauteskundeen ondorenean jarria du burua. Haren ustez, hurrengo legegintzaldi osoa beharko da koronabirusaren krisiaren aurreko egoerara itzultzeko.

Lehendakariak azpimarratu duenez, «eusteko garaia» da, «behar handiena duten familiei laguntzeko unea, eta ahalik eta enplegu gehien mantentzen saiatzeko unea». Utzitako bideari «berriz ekiteko» eta azken asteetako joera «iraultzeko», uste du beharrezkoa izango dela «batasuna» izatea eragile ekonomikoen artean eta «egonkortasuna» erakundeetan, ekonomia eta enplegua «bermeekin» suspertu ahal izateko «hurrengo legegintzaldi osoan». Hala, eragile horiei proposatu die enplegu eta suspertze ekonomikorako plan bat egitea, «momentura egokitua eta etorkizunera bideratua» egongo dena.

Urkulluk EAEko Mahai Sozioekonomikoaren bileran egin zituen adierazpenok, atzo. Han izan ziren zenbait sailburu eta hiru foru aldundietako ordezkariak, sindikatuetakoak, patronaletakoak, merkataritza ganberetakoak eta Mondragon Taldekoak, besteak beste.

Lehendakariaren ustez, koronabirusaren krisiak arrasto latza utziko du ekonomian. Espero du urtebeteko epean pandemiaren aurreko mailara itzultzea jarduera, baina ohartarazi du horrez gain beste bi urte beharko direla galdutako enplegua berreskuratzeko eta langabezia tasa %10etik behera kokatzeko.

Urkulluk epe motz-ertainari begirako aurreikuspen ezkorra egin du. Azpimarratu du «oso litekeena» dela hurrengo bi hiruhilekoetan galtzea «azkenengo zazpi urtetan irabazitakoa». 2013ko martxoan, Lanbiden 179.000 pertsona baino gehiago zeuden langabezian (%15), eta, azken datuen arabera, 138.000 daude (%13)—2019 amaieran, %9,6—. Lanik gabe daudenen artean, 21.404k (%15) lanpostua galdu dute azkenengo sei asteetan. «Espero zen datua da hori, baina, edonola ere, negatiboa da», adierazi du Urkulluk.

Giharra eta beharrak

Lehendakariak uste du euskal erakundeak 2008ko krisian baino hobeto daudela, kontuak «onbideratuta» dauzkatela, eta hiru lurraldeek oinarri industrialeko ekonomia sare lehiakorra dutela. Horrek «giharra eta krisiari aurre egiteko gaitasuna» eskaintzen duela adierazi du, baina ohartarazi du susperraldiaren bidea «zailtasunez beteta» egongo dela. Hala, haren ustez, etorkizunera begirako «trantsizioak» hiru sektoretan oinarritu beharko luke: teknologiko-digitalean, energia berdean, eta gizarte eta osasun arloetan.

Horri begira eta beharrezkoak izango diren beste inbertsio batzuei aurre egin ahal izateko, baina, erakundeen defizit eta zor baldintzak malgutzea ezinbestekoa izango dela uste du Urkulluk. Horiek Espainiako Gobernuarekin negoziatu beharko ditu berriz Jaurlaritzak; bozen ondoren osatuko den gobernuak, alegia.

Egun, 10.000 milioi euro ingurukoa da gobernuaren zorra—%12,6ko pisua du hiru lurraldeen BPGan—. Espainiako Gobernuarekin adostuta zeukan %11,8 ez gainditzea aurten, baina Madrilek derrigor handitu beharko ditu zor eta defizit mugak, koronabirusaren krisiak eraginda. Jaurlaritzaren helburua zen defizitik gabe amaitzea aurten eta horren bidez koska bat jatea zorrari. Baina, oraingoz, aurreikusi baino 800 milioi gehiago erabili behar izan ditu osasun gastuetarako eta bestelako laguntzetarako. Horri gehitu egin behar zaio krisia dela-eta zerga bidez jasotzeari utziko diona: 2.000 milioi euro inguru.

Lehendakariarekin izandako bileratik zalantza ugarirekin irten dira sindikatuak, eta haren jarrera kritikatu dute; salatu dute aurrez komunikabideen bidez jakinarazitako asmoak azaltzera mugatu dela, eta beren proposamenei ez diela erantzun. Besteak beste, eskatu dute langileen osasuna bermatzeko, zerbitzu publikoetan murrizketarik ez egiteko, gizarte laguntzen sistema zabal bat ezartzeko, eta herritarren osasunaren eta zaintzarekin lotutako jarduera batzuen pribatizazioa eteteko eta horiek publiko egiteko.

Komunikabideetara bidalitako ohar batean, ELAk esan du «elkarrizketarako eta negoziaziorako prest» dagoela, baina eduki «errealen» inguruan aritzeko, eta horiek finantzatuko dituen konpromisoarekin. LABen arabera, bileran argi geratu da Jaurlaritzak ez duela plan bat partekatu nahi, eta enpresarien elkarteen neurriak «inposatu» nahi dituela. CCOOk «epe luzera begirako eztabaidak» hasteko beharra nabarmendu du. UGT izan da Urkulluk aipatutako enplegu plan berriari buruz mintzatu den sindikatu bakarra: elkarrizketak «berehala» abiatzeko prest azaldu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.