Larunbat goizez ari naiz, hamarrak eta hamarrean. Goizeko lauretan abiatu den trena iritsi berria izango da. Hotz egingo du segur aski, eta kafetegietara joko zuten, taldetxoetan, zerbait hartzera. Erretzaileak sarreran geratuko dira, berriketan bat baino gehiago direnean, begira eta pentsakor bakarra den kasuetan. Goizeko seietan abiatu den trenekoak lozorrotik esnatzen hasiko dira helmuga hurbil sumatuta. Batzuk eta besteak elkartu, eta hamar bat mila laguneko taldea osatuko dute. Berrogeita bost mila kataluniar eta Brusela aipatuko du norbaitek, baina esango diote ez konparazio lelorik egiteko, gutxiago garela izan gu, eta gurea ez dagoela hain fokupean. Horregatik duela balio handia Frantziaren bihotzeraino hankak eta mihia astintzera joan izanak.
Aurreikuspenak baino ez dira orain artekoak. Zutabe honekin batera eta berripaper berean jakingo duzue egiatan zer gertatu den. Baina gertatu, zerbait gertatu da. Orain artean aldebatekoa izan zena behingoz bi aldekoa izan dadin urrats bat eman da, eta jendarte zibilak eragina, gainera. Hortik aurrera, Frantzia zenbaterainoko lokatzetan sartzeko prest legokeen edo frantziar agintarien jarrerak Espainia zenbat estutu dezakeen asmatzeko ez naiz gai. Senak ez dit ematen.
HITZ ETZANAK
Igarle
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu