Gorringorik gabeko arrautzen moduan dabiltza oilategietan eta oilaskotegietan. Arrautzak eta oilasko haragia garestituz joan dira azken hilabeteotan, baina ez produkzio kostuak bezainbeste. Hilabeteak igaro dituzte horrela, eta atakan dira ekoizleak: «Orain bertan ixteko moduan gara», dio Bidalar bordako Mikel Bidartek (Lete, Nafarroa). Oiloentzako bazkaren prezioa izan zen lehena goititzen, eta atzetik etorri zaizkie bestelakoena: argindarra, garraioa, ontziratzea...
Ordea, udako bero kolpeek «txikituta» utzi dituzte oiloak; «ez daude gustura ez barruan, ez kanpoan». Luzerako jo du agorteak, eta izan du efekturik hegaztien osasunean zein arrautzen produkzioan. Bidartek azaldu duenez, oilo batek 110 gramo pentsu jan ohi ditu egunean; orain, horren erdia jaten badu, gaitz erdi. «Ez hiltzeko nahikoa da, ez arrautza bat jartzeko lain».
Borda horretan jartzen dituzten ehun arrautzatatik hamabost ezin dira merkaturatu, txikiegiak direlako. 3.000 oilo dituzte bordan, egunean 1.800 arrautza jasotzen dituzte, eta horietatik 300ek ez dute balio. «Epe motzera, erdira, luzera, ez dakit. [Egoera] ez bada asko aldatzen... Ea nola osatzen diren oiloak berote hauen ostean, baina egoera negar egitekoa da», deitoratu du Bidartek.
Leteko oiloei ez ezik, tenperaturek izan dute eraginik gainontzekoengan ere. Alex Garmendia EuskalOvo Km0 kooperatibako zuzendariordeak (EuskalOvo Km0, Hobea eta Novoro arrautza markak) berretsi du: eguzkiak zuzenean jotzean, oiloa ez da kanpora ateratzen. Horrek estresa eragiten dio, eta «produkzioan nabaritzen da».
Zehaztu duenez, oilo berriak dira estres handiena sufritu dezaketenak, girora moldatzea gehiago kostatzen baitzaie. «Oraintxe bertan produkzioa izan beharko lukeenaren %60 da. Oilo helduagoek %10 arrautza gutxiago inguru jartzen dituzte».
Gabadi herrian (Nafarroa Beherea), beroaren ondorioak atzean uzten ari dira. Luma etxaldean dihardu Pettan Prebendek, eta abuztuan nabaritu dute beherakada bat arrautzetan; halere, hilabete amaiera aldera bueltan berreskuratu da. «Kontuan hartu behar da oilategiak nola antolatuak diren. Arbola gehiago direnetan, gutxiago sufritzen dute oiloek, itzala dutelako; beste batzuetan, arbola gutxiagorekin [oilategi] barnera heldu dira, eta beroarekin sufritzen dute», esplikatu du Prebendek.
Pentsuen garestitzea
Alde batetik, azkenaldian urritu den arrautza produkzioa; bestetik are atzeagotik pairatzen ari diren bazkaren prezioa usutzea. Bidarte kexu da pentsua «ikaragarri» igo izanaz: «[Eredu] Ekologikoan kostu horiek geure gain hartzea ezinezkoa da». Kalkuluak egitearren: bordako 3.000 oiloek 11 tona bazka jan ohi dituzte hilero. Egun, 780 euro inguru kostatzen zaie tona; iaz, 500 euro. Beraz, hilabetero milaka euro gehiago ordaindu behar dituzte. Egoera jasangaitza dela dio ekoizleak: «Pentsua eta zergak ordaintzeko egiten dugu lan. Oilategia hutsik bagenu, gutxiago galduko genuke».
Duela bi urtetik hona ia bikoiztu egin da oiloen eta oilaskoen pentsuaren prezioa. Espainiako Nekazaritza Ministerioak astez jarraitzen du bazkaren prezioa, estimazioak besterik ez badira ere.
Garestiago edo merkexeago, oilo erruleentzako bazka tonako 250 euro inguruan izan da zenbait urtez, ministerioaren arabera. 2020 erdialdean garestitzen hasi, eta, ordutik hona, ez du merkatze aldera egin: 2021ean 350 eurotan jarri zen bazka tona. Are gehiago: Ukrainako inbasioa hasi bezain laster goia jo zuen oilo erruleen pentsuak (471 euro tonako). Egonkortze aldera egin du, eta 437 eurotan zen uztailean.
Oilaskoentzako pentsuaren kasuan ere, berdintsu jazo da: duela bi urte 300 euro balio zuen pentsu tonak. Iazko urrian 400 euroren muga gainditu zuen, eta Ukrainako gatazka hastean, 500 eurorena. Hortik gora (520 euro) egonkortu da prezioa.
Lumagorriko kudeatzaile Gorka Jauregik azaldu du haienean ez dutela nahi izan kostuen igoerak amaierako prezioan eragitea, kontsumitzaileek erosten jarraitu ahal izateko. «Gure gain hartzen ari gara kostu horiek». Gainera, zereal espezifikoekin elikatzen dituzte haien oilaskoak; ezin dute besterik erabili, eta kosta ahala kosta, gorantzako prezioak onartu behar dituzte.
Bien bitartean, EuskalOvo Km0ko zuzendariordeak zehaztu duenez, arrautzen salneurria ez da hainbeste igo, eta «desoreka handia dago». Pentsuak ez ezik, dezente garestitu dira arrautzak ontziratzeko kartoi kaxak. Garmendiaren arabera, %50. Jende askok ez du kontuan izaten, baina «salmentako prezioaren %10 kartoiak balio du».
Bazkaren gorabeherek arrautzen salneurrian are gehiago eragingo duela dio kooperatibakoak, egun arte egin duen bezala. Kontua da ea kontsumitzailea gai izango al den egoera horri buelta emateko: «Nabaritu dugu garestitzearekin zenbait arrautza mota, landakoak edo ekologikoak izan, horien kontsumoa asko jaitsi dela. Kontsumitzaileok patrikan duguna dugularik, arrautza merkeagoetara jotzen dugu».
Luma etxaldeko Prebendek, ordea, nabaritu du pentsuen garestitzea, baina ez gainontzekoek bezainbeste: «Zereala inguruko laborariei erosten diet, eta etxean egiten dut nahasketa. Eragina nabaritu da, baina emeki-emeki helburuetariko bat da gero eta autonomia handiagoa ukan halako prezioen gorakada saihesteko».
Ikusi gehiago: Arrautzak eta oilasko haragia, gutxiago eta garestiago
Beroak hegaztiei ere erasan die
Oiloentzako eta oilaskoentzako bazka garestitzearekin aski izango ez balitz bezala, azken hilabeteetako beroteek aztoratuta utzi dituzte hegaztiak. Oiloek, pentsu gutxiago jan, eta arrautza gutxiago jartzen dituzte. Kostuak gora eta ekoizpenak behera eginik, kinka larrian dira ekoizleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu