Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Berdintasuna

Berdintasuna. Nola jarri zaintza erdigunean

Alderdi politiko gehienak bat datoz guraso baimenak parekatzeko proposamenetan, eta 0-3 urteko hezkuntzan doakotasuna zabaltzea ere jaso dute beren programetan. Zaintza ereduez aritzean agertu dituzte alde nabarmenenak.

2019ko martxoaren 8an, greba feministarekin bat egin duten alderdi gehienetako emakumeek. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Feminismoaren loraldiaren lekuko izan da Eusko Legebiltzarra azken lau urteotan. 2018ko eta 2019ko martxoaren 8an mugimendu feministak egindako grebek agenda politikora eraman dituzte emakumeek bizitza iraunarazteko egiten dituzten lan ikusezinak, eta COVID-19ak eragindako krisi soziosanitarioak are ageriago jarri du gogoeta eta aldaketa premia. Zaintza erdigunean jartzea izan da feministen eskakizun nagusietako bat, eta alderdi politiko gehienek bere egin dute mezu hori: hauteskunde programetan jaso dute EAJk, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk. Lelo hori gauzatzeko, ordea, oso bestelako ereduak eta neurriak proposatu dituzte gai gatazkatsuenetan.

Irakurri gehiago:Airean geratu da berdintasun legearen erreforma

Berdintasun politiken parte handi bat bereganatu dute zaintzarekin lotutako auziek, are gehiago koronabirusak eragindako konfinamenduaren ostean: agerian geratu da batik bat emakumeak arduratzen direla haurrak eta mendekoak zaintzeaz, eremu formalean zein informalean, eta lan horrek eragotzi egiten diela, besteak beste, autonomia ekonomikoa erdiestea eta bizi proiektu askea garatzea. Hartara, alderdi politiko guztiek aipatu dute kontziliazio neurriak indartzea eta erantzukidetasuna sustatzea. Adibidez, denboraren erabilerari buruzko legea proposatu dute PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek, eta ordutegiak «malgutzeko» edo «harmonizatzeko» neurriak beste alderdiek.

Hainbat proposamen zehatzetan, gainera, ia erabateko adostasuna ageri da alderdien programetan. 0 eta 3 urte arteko haur hezkuntzaren doakotasuna bultzatzea aipatu dute denek, PPk izan ezik, nahiz eta azken urteetan legebiltzarrean horretara bideratutako ekinbideak atzera bota dituzten Jaurlaritza osatu duten alderdiek; PSEk, gainera, haurrak etxean zaintzeko «formula profesionalizatuak» garatzea ere proposatu du.

Hautagaiak bat etorri dira, era berean, guraso baimen parekideak zabaltzen jarraitzeko premian. Espainiako Gobernuarena da eskumena —Kongresuak aspaldi onartu zuen baimenak apurka berdintzea, baina aurrekonturik ezean, hilabetera baino ez da luzatu bigarren gurasoarena—, baina legegintzaldi honetan Eusko Jaurlaritzako funtzionarioen artean ezarri dituzte pareko baimenak. Orain eremu pribatura zabaltzea aipatu du EH Bilduk; enpresa batzuekin programa pilotuak abiatzeko eskatu izan du koalizioak parlamentuan, baina EAJk, PSEk eta PPk atzera bota izan dizkiote proposamenok. Izatez, sozialistek, Madrilgo gobernua goratzeko asmoz, «lortutzat» eman dituzte baimen parekideak, eta bestelako lizentziak sustatzeaz jardun dira hauteskunde programan. Ildo horretan, «aitatasun positiboa» sustatzea jaso dute jeltzaleek eta sozialistek.

Soldata arrakalarekin lotuta ere ageri dira kontziliazioaren aldeko neurriak. EAJk estrategia bat landu nahi du 2030erako, emakumeen eta gizonen soldaten batezbestekoan dagoen aldea %20 murrizteko: «enpresa kultura berri bat bultzatzeaz» mintzatu da. EH Bilduk ere estrategia integral bat abiatu nahi du, «lanaren antolaketaz hausnartzeko» eta «sektore feminizatu eta prekarizatuetako baldintzak duintzeko». Ildo berean, pobreziaren feminizazioaren aurka aritzea nabarmendu du Elkarrekin Podemosek, baita prekarizazioaren kontra egitea ere, besteak beste, lan ikuskaritza indartuz. «Enplegu duinak sortzen jarraitzea» aipatu du PSEk, eta PPk, berriz, andreak «jardun ekonomikoan erabat txertatzeko» plan bat lantzea. Guraso bakarreko familien babesa ere handitu nahi dute talde denek.

Zahar etxeetan fokua

Baina zaintzarekin lotutako gaien artean, auzi bat leherrarazi du COVID-19aren kolpeak: zahar etxeen eredua. Gaitzak gogor jo du adinekoen egoitzetan, eta, besteak beste, osasun artaren eta langileen baldintzen inguruko gabeziak azaleratu ditu. Koronabirusaren krisia aipatu gabe, zaintza formalaren eta informalaren arteko «oreka berri bat sustatu» beharraz mintzatu da EAJ, eta hainbat proposamen jaso ditu erakundeen ardurapeko zaintzaren alorrean: adinekoei arreta etxean bertan ematea, zaintzaileentzako atseden eta laguntza programak onartzea, eta «pertsonan zentratutako egoitza eredu integral bat» sustatzea. Eremu horri etekin ekonomikoa ateratzeko modua ere ikusten du: «adinekoekin lotutako jarduera ekonomikoa sustatzeko estrategia bat» diseinatu nahi du, «silver economy delakoaren eremuan enpresa eta berrikuntza egitasmoak» bultzatzeko. Sektore publikoaren, pribatuaren eta sozialaren elkarlana sustatu nahi du alor horretan.

PPren hauteskunde programak ez du zahar etxeei buruzko aipamenik egin, ezta PSErenak ere, baina sozialisten asmoen artean ageri da «zaintza komunitarioen eredu baten definizioa lideratzea», zaintzari «prestigioa» emateko, «berrikuntzaren bidez, eta sare formalaren eta informalaren arteko aliantzetan oinarrituta». Bide horretan, gizarte zerbitzuen eremuan «ikerketa, garapen eta berrikuntzaren agenda bat» landu nahi dute.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, paradigma aldaketa bat proposatu dute, «merkantilizaziotik» urrun. Koalizio abertzaleak «zaintza duin eta unibertsalen sistema publikoa» aldarrikatu du, eta, horretarako, erakunde berri bat eratzea proposatu du: Gizartekintza. Laguntzak eta zerbitzuak «birdefinitzeko» beharra ikusten du EH Bilduk, eta «zaintzen unibertsalizazioa eta aukera askea bermatzeko» lege bat aurkeztu nahi du. Zahar etxeetako baldintzei eta ratioei buruzko dekretua «berritzea» agindu du, eta irizpide bat ezartzea: «Egoiliarrei bi orduko arreta zuzena bermatzea».

Antzeko kontzeptuak erabili ditu Elkarrekin Podemosek ere: zaintza eskubide subjektiboa dela gogora ekarrita, «euskal zaintza zerbitzu publikoa, doakoa, integrala, integratua eta unibertsala» defendatu du. Zaintzarekin lotutako politika publikoen inguruan instituzio arteko mahai bat eratzea proposatu du, baita eztabaida sozialeko prozesu bat bideratzea ere, «zaintzaren eta bizitzaren iraunkortasunaren aldeko itun» bat onartze aldera. Adinekoen egoitzak sistema soziosanitarioan txertatzea ere hitzeman du, eta zentroetan «langile eta baliabide gehiago» jartzea.

Zaintzaren eremuan diharduten langile gehienak emakumezkoak direla eta, haien lan baldintzak «duindu» beharra nabarmendu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek: zahar etxeetako profesionalak ez ezik, etxez etxeko laguntza zerbitzuetako beharginak eta etxeko langileak ere izan dituzte gogoan; lan arlo horiek «arautuko» dituzte.

Hezkidetzan, aurrera

Hezkuntzaren eremuan ere jardun nahi dute alderdiek, haur eta nerabeen artean berdintasun baloreak zabaltzeko. II. Hezkidetza Planarekin aurrera jarraitu nahi du EAJk, eta zentro guztietara zabaldu. Elkarrekin Podemosek ere «hezkuntza sistema osoan eta adin guztietan» hedatu nahi du hezkidetza. PSEk curriculumean txertatu nahi du «berdintasunaren eta hezkuntza afektibo-sexualaren inguruko trebakuntza», eta mutilen artean maskulinitate eredu berria sustatu. EH Bilduk, berriz, sailburuordetza bat sortu nahi du Hezkuntza Sailaren barruan, «hezkidetza plan integral bat» garatzeko, Nafarroako Skolae programa erreferentzia gisa hartuta.

LGTBI komunitatea ere hizpide hartu dute indar politikoek. Kolektibo horietako eskubideen defentsa jaso dute EAJk eta PPk, gehiago zehaztu gabe. Hezkuntzan «sexu eta familia aniztasunaren aitortza» txertatzea aipatu du PSEk. Elkarrekin Podemosek, berriz, lege bat proposatu du, «sexu identitatearen eta genero adierazpidearen autodefinizioa» bermatzeko, eta kontseilu bat abiatu nahi du. EH Bilduk behatoki bat eratu nahi du, Berdindu arreta zerbitzua «osatu» eta Jaurlaritzaren barruan zuzendaritza bat eratu, «LGTBI politikak bultzatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.