SIDERURGIA GORI-GORI DAGO

Garai gozoa da Euskal Herriko altzairutegientzat: lan karga handiak dituzte, eta aurreikuspenak onak dira. Altzairuaren prezioa azken urteetako garestiena da. Sektoreak, halere, «mehatxu eta erronka handiei» egin behar die aurre.

jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Euskal Herriko galdategiak hauspo betean dabiltza lanean. Azken hilabeteetan siderurgia albiste bihurtu da lan gatazkengatik, baina gutxiago hitz egiten da altzairutegiak 2021ean bizitzen ari diren udaberri berriaz: gehienak lanez gainezka daude. Hala hasi zuten urtea; berdin jarraitu dute lehen seihilekoan, eta aurrera begirako aurreikuspenak ere onak dira. Baikortasun mezuak nagusitzen ari dira, baina sektoreko arduradunak tentuz mintzo dira, halako joerak «koiunturalak» izaten direlako.

Hainbat faktore daude susperraldiaren atzean, baina, nagusiki, bat: eskaria izugarri handitu da; Txinan, gehienbat. Hango altzairu ekoizpena —mundu osokoaren erdia baino gehiago— han geratzen ari da, hango industriaren gosea asetzeko. Horrek, altzairua ekoizteko lehengaien prezioak garestitu baditu ere, badu bere alde ona Europako siderurgiarentzat, altzairu txinatarra baita haren arerio nagusia kontinentean eta hortik kanpo. Europako industriaren beharrak bertako altzairuarekin betetzen ari dira, eta, bereziki, mota batekin: planta elektrikoetan egiten denarekin.

Izan ere, Europako CO2 emisioen merkatuan izandako garestitzeak eraman dituzte ekoizleak produkzio hori lehenestera, labe garaien kaltetan. Eta hor Euskal Herriko altzairutegiek beren alde dute haizea, bertako galdategi guztiak elektrikoak direlako. Arrazoi batzuengatik zein besteengatik, garai gozoa da sektorearentzat.

Hori nabari da Arcelor Mittalen lantegietan, adibidez. «Zalantzarik gabe, egungo egoerak mesede egin die Euskal Herrian ditugun plantei». Alberto Carrera taldeko komunikazio buruak dioenez, Asturiasko (Espainia) labe garaietako produkzioaren zati handi bat ekarri dute. Bertako lantegiak, gainera, suspertzen ari diren beste bi sektorerentzako egokiak diren altzairu motak ekoizten dituzte: autogintzarentzat eta eraikuntzarentzat. «Behar handia dago arlo horietan: altzairuaren stockak hustu zituzten iaz, ziurgabetasuna oso handia zelako, eta orain eskaria dago».

Kasu adierazgarrienetako bat Sestaoko ACBrena da. Azken urteetako krisia gehien nabaritu duen altzairutegi bat izan da —duela pare bat urte plantaren bideragarritasuna ezbaian jarri zuen Arcelor Mittalek—, eta taldeak kontinentean duen nagusietako bat da orain. «Han egiten diren altzairu espezialek azken urteetan asko sufritu dute Txinako inportazioengatik. Baina orain horiek gutxitu izanak eraman gaitu planta hori indartzera. Gainera, gure taldeak produktu hori egiteko Europan duen galdategi bakarra da».

Zuhurtzia, halere

Sektore osoak bezala, urte zailak igaro ditu Arcelor Mittalek ere, eta iaz, koronabirusaren krisiaren lainoek are gehiago belztu zuten egoera. Taldeko altzairutegiek ekoizpena murriztu behar izan zuten pandemiaren lehen hilabeteetan, langileak aldi baterako erregulazioetan sartuta, baina urteko azken lauhilekoan eta, bereziki, urte berria hastearekin batera, izugarri handitu zitzaien lan karga, eta hala jarraitzea espero dute, «gutxienez urtea amaitu arte».

Iazko emaitzak, gainera, ez ziren osasun krisia hasi zenean aurreikusi zituzten modukoak izan. 2019koak hobetu egin zituzten: Hego Euskal Herrian hiru milioi tona baino gehiago ekoitzi zuen sektoreak. Eta aurtengo aurreikuspenak hobeak dira: azken bost urteetako emaitzarik onenak izango direla uste dute.

Baina zenbat iraungo du bolada onak? «Denbora batez jarrai dezakeen susmoa dago sektorean. Europako erakundeen babes handiagoa espero da, AEBetako muga zergen auziagatik eta Txinaren lehiari aurre egiteko Bruselak har ditzakeen neurriengatik. Hala ere, oraingo lan kargak eta prezioak fikziozkoak ere badira neurri batean», ohartarazi du Asier San Millan Siderex Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako siderurgien klusterreko buruak.

Sindikatuen arabera ere «garai onean» dago sektorea, baina horrek ez luke «itsutu» behar. «Zaila da epe ertainerako aurreikuspenak egitea», azaldu du Unai Martinezek, ELAko Industria federazioko idazkari nagusiak. Antzera mintzo da LABeko Zorion Ortigosa ere: «Arcelor Mittal eta Sidenor, adibidez, sekulako dirutzak lortzen ari dira, baina irabazi horiek egungo egoeran altzairuaren prezioa izaten ari den gorabeheren araberakoak dira. Ezin da esan arriskuak desagertu direnik eta sektoreak dituen erronkak atzean utzi behar direnik».

Egoera ona izanagatik ere, enpresa guztiek ezin dute gauza bera esan. Ekoizten dituzten produktuen araberakoa da: ona da autogintzarako eta eraikuntzarako altzairuak egiten dituztenentzat; ez, ordea, tutugileentzat. Tubacex eta, bereziki, Tubos Reunidos azken urteetako egoerari buelta eman ezinda dabiltza. Bereziki larria da bigarrenaren egoera: erreskate publikoa eskatu du. Tubacexek ere erabaki gogorrak hartu ditu dagoeneko: lantaldea %20 inguru murriztu du mundu osoan, eta 129 langile kaleratu ditu Laudioko eta Amurrioko plantetan.

Bihar eta etzi izango dute kaleratzeei buruzko epaiketa, Bilbon, eta hor ikusiko da behar beste arrazoituta dagoen zuzendaritzaren erabakia: enpresak argudiatutako krisia koiunturala ala estrukturala den. Ortigosak argi du: «Pandemiaren aurretik esan zuten hazkunde prozesuan zeudela. Egoera hau baliatu nahi dute enplegua prekarizatzeko».

Hodi ekoizleen kasuak, dena den, baditu bereizgarri batzuk: haien produkzioaren zati handi bat gas eta petrolio instalazioetara dago bideratuta, eta azken urteotan erregaien prezioak apaldu izanaren ondorioak nabaritzen ari dira; putzu gutxiago zulatzen direnez, hodi gutxiago behar dira. Asiako ekoizleen konpetentzia ere handia da, eta horri batu behar zaizkio AEBek, haien bezero nagusiak, Trumpen agintaldian Europako altzairuari jarritako zergak.

Aste honetan Boeing-Airbus auzian Washingtonek eta Bruselak sinatutako su-etenarekin batera, muga zerga batzuk kentzeko aukera adostu dute. Sektorean zain daude: «Txinarekin duen merkataritza gerraren ondorio izan ziren Europako altzairuari jarritako zergak, baina horrek ez du zentzurik. AEBetako industria ere eskatzen ari da kentzeko, hango siderurgia ez delako gai behar den guztia produzitzeko», azpimarratu du San Millanek.

Sindikatuek, oro har, faltan botatzen dituzte epe ertain-luzerako estrategiak. «Arcelor Mittalek, adibidez, inbertsio gutxi egin ditu azken urteetan Euskal Herrian. Ez dute benetako apusturik egin. Oraingo egoera aprobetxatu nahi dute ahalik eta etekin handiena lortzeko, eta langileen kontura egin nahiko dute, kontratazio gutxi eginda eta lan baldintzak okertuz», salatu du Martinezek.

Celsa da beste talde nagusia Euskal Herrian; hark ere eskatu du erreskatea. Lantegi bat du Trapagaranen (Bizkaia), eta arnasa hartu dute azken hilabeteetan, lan karga sartuta. Kataluniako konpainiak, halaber, beste planta bat du Baionan. Berriki aliantza bat sinatu du Frantziako Intersig-ekin, eta inbertsio handi bat iragarri dute altzairutegian laminazio tren edo egitura elektriko bat sartzeko. Bi konpainiek azaldu dutenez, beren asmoa da laminazioen «erreferente» bihurtzea Europan.

Eta batuko balira?

Euskal siderurgiak azken urteetan igaro duen krisia dela eta, kooperazio edo kontzentrazio hitzak maiz entzun dira sektorean. Jose Antonio Jainaga Sidenorreko presidenteak 2020aren hasieran talde handi bat sortzeko proposamena luzatu zien Tubacexi, Tubos Reunidosi eta Olarrari, baina urtebete geroago esan zuen ez zuela interesik ikusi haien partetik.

Dena den, Jainagak ez du amore eman. Sindikatuek uste dute elkarrizketek aurrerajarraitzen dutela. «Jaurlaritza jakinaren gainean dago, baina ez digu ezer esan nahi. Langileen hitza entzun gabe egin nahi dute aurrera, eta uste dugu Tubacexen eta Tubos Reunidosen egin nahi dituzten doikuntzak horrekin dutela lotura. Bat egitea positiboa izan daiteke lanpostuak multinazionalen menpe gera ez daitezen, baina herri gisa hartu beharko litzatekeen erabakia da», azpimarratu du Ortigosak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.