Azken egunetan, ugaritu egin dira osasun arloko langileek osasun krisiari aurre egiteko dituzten baldintzen eta material faltaren inguruko kritikak. Horien inguruan, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak esan du «ahal dutena eta direnak eta ez direnak» egiten ari direla osasun materialen hornidura «bermatu eta denboran mantentzeko». Urkulluk nabarmendu du ezinbestekoa dela material hori «ahalik eta gehien optimizatzea». Horren harira, Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak atzo azaldu zuen Jaurlaritzak 400.000 maskara eta 3.000 bata banatu dituela Osakidetzako beharginen artean, eta Jaurlaritzak «identifikatuta» dauzkala «hainbat azpiegitura», beharrezkoa balitz ere horiek erietxe gisa erabiltzea.
Izan ere, koronabirusa gogor jotzen ari da Euskal Herria; jada 97 dira hildakoak, eta 2.397 kutsatuak. Atzo emandako datuen arabera, beste hamasei pertsona hil dira azken orduetan. Gehienak, Araban: zazpi. Hain justu, herrialde horretan kutsatu zen herritar gehien herenegun: 98.
Ipar Euskal Herrian, asteazkenetik daude konfinamenduan, eta, hasieran hamabost egunerako bazen ere, litekeena da bihar iragartzea epe hori luzatuko dutela. Atzo, Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak esan zuen oraindik ez dakitela neurriak zenbat iraungo duen: «Baina gauza bat segurua da: pazientzia izan beharko dugu eta solidarioak izan».
Bortxa matxistari arreta
Nafarroako Gobernuak, berriz, indarkeria matxistaren biktimengan jarri du begirada, eta bakartze garaian indarkeria matxistako kasuak gehitzeko arriskua dagoelakoan, kontzientziazio kanpaina bat jarri du martxan Nafarroako Berdintasunerako Institutuak. Javier Remirez Nafarroako presidenteordeak atzo eman zuen kanpainaren berri; norbaitek indarkeria matxistako kasuen susmorik badu, 112 edo 016 telefono zenbakietara deitzeko eskatu die Remirezek herritarrei. Larrialdietakoa da lehenbizikoa; informaziorako bigarrena. Oraingoz ez dute antzeman indarkeria matxistako kasuak gehitu direnik, baina badaezpada ere nahiago izan dute zuhur jokatu: «Prebentzioarekin eta egoerari aurrea hartuta jokatu nahi izan dugu, eta mezu argia helarazi nahi diegu emakumeei: ez daude bakarrik».
Agerraldi berean, Eduardo Santos Migrazio Politiken eta Justizia kontseilariak esan zuen osasun alorreko profesionalak diren berrehun migranteren curriculumak jaso dituztela azken egunetan. Osasun zerbitzuetan lanean aritzeko prest dira denak, eta migranteek alarma egoera ezarri zutenetik izan duten «eskuzabaltasuna» eta «ardura» eskertu zituen. Izan ere, gogora ekarri zuen kolektibo zaurgarrienetako bat izan daitekeela.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea ere mintzatu zen atzo; luze aritu zen, eta espero zen iragarpenen bat egitea, baina egoera xehatzera mugatu zen. Argudiatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirusari aurre egiteko definitutako estrategiari jarraitu diotela krisiaren hasieratik: «haren hedapenari eustea» izan da helburua, «denbora irabazteko. Denbora, osasun sistema hobeto prestatua egoteko eta txerto bat bilatzeko». «Etsai baten aurka borrokatzen ari gara; ezagutuz goazen heinean, aldatzen ari gara hari aurre egiteko modua», erantsi zuen.
Bere gobernuaren kudeaketa babestu zuen Sanchezek, argudiatuta «munduko neurririk zorrotzenak» hartu dituztela, eta ohartarazi zuen oraindik ere hazi egingo dela hildako kopurua: «Egun gogorrak datoz, eta prestatu behar dugu psikologikoki. Oso indartsu iritsi behar dugu datorren astearen amaierara».
Koronabirusa
Jaurlaritza «ezinezkoa» egiten ari da osasun arloan materiala bermatzeko
97 lagun hil dira birusak jota; 2.397 daude gaixo. Frantziak konfinamendua luza lezake bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu