Espainiako Barne Ministerioak iragarri duenez hark du espetxeen ardura—, Hego Euskal Herriko eta Espainiako kartzeletako presoak komunikazioak eta irteteko baimenak berreskuratzen hasiko dira, «pixkanaka». Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak igorri du espetxeetako neurriak malgutzeko agindua Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE), eta, bertan dioenez, helburua da kartzeletako neurriak gainontzeko esparruetan egiten ari den «normaltasunera itzultzeko prozesuaren» pare jartzea.
Barne Ministerioak erabakian dioenez, «osasun publikoa bermatzea» da neurriak malgutu edo gogortzeko hartuko duten erreferentzia. Hala, baimenduko dituzten jarduerak hauek dira: «Presoen ohiko komunikazioak, irteteko baimenak eta programatutako baimenak, betiere osasun zerbitzuen aholkuei jarraituz».
Horrez gain, hirugarren graduan dauden edo erregimen malgua duten presoak irteten hasi ahalko dira martxoaren 14a baino lehen egiten zituzten jarduerak egiteko —egun hartan ezarri zen osasun larrialdia—.
Aurrerantzean, presoak lekualdatzea ere posible izango da, betiere epaileek hala eskatzen badute, osasun arrazoiengatik edo erregimen edo tratamenduagatik beharrezkoa bada. Espetxeetako ekintzei ere berrekingo diete presoek, hala nola hezkuntza, formakuntza, kirol, kultur eta erlijio jarduerei, horiek espetxe barruan egiten baldin badira behintzat.
Garapenaren arabera
Azkenik, aginduak dio neurri horiek aldatu egin daitezkeela pandemiaren garapenaren arabera, bai espetxe bakoitzarentzat, bai guztientzat. Hego Euskal Herriko lau kartzelak Zaballan (Araba), Basaurin (Bizkaia), Martutenen (Gipuzkoa) eta Iruñean daude.
Koronabirusaren pandemia hasi zenetik, hainbat elkartek eskatu diote Madrili preso eriak, haurdun daudenak eta 70 urtetik gorakoak aske uzteko.
Komunikazioari dagokionez ere neurriak hartzeko exijitu zioten Barne Ministerioari: lehenbailehen berrekiteko senideek eta lagunek presoei bisitak egiteko aukerari, eta presoei doan jartzeko telefono eta bideo deiak. Halaber, elkarte haien arabera, bukatu egin behar zen espetxe barruko jardueren etena. Presoek bi hilabete itxaron behar izan dute jarduera horiek berreskuratzeko.
Indar politikoek ere antzeko eskaerak egin dituzte. Joan den astelehenean, Espaniako Kongresuko Unidas Podemos, ERC, Junts Per Catalunya, EAJ, EH Bildu, Mas Pais, CUP, BNG eta Compromis taldeek Espainiako Gobernuari eskatu zioten COVID-19a dela-eta estatuko kartzeletan dauden presoen egoerari erreparatzeko eta egoerarik ahulenean daudenei premiazko neurriak aplikatzeko. Bost puntu zituen talde haien manifestu bateratuak. Lehenean, 65 urtetik gorako presoak eta COVID-19aren aurretik patologia kroniko eta larriak zituztenak aske uzteko eskatzen zuten. Bigarren puntuan, zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkaten presoak askatzea galdegin zuten. Hirugarrenean, Osasun, Justizia eta Barne ministerioen arteko elkarlana sustatzea galdegin zuten, pandemiaren egoera aztertzea eta presoei proba azkarrak egitea. Laugarrenean, presoek pandemiaren inguruko informazio osoa jasotzeko eskubidea bermatzeko eskatzen zuten.
Azkenekoan, ahal bezain laster presoak euren bizilekutik gertuen dauden espetxeetara gerturatzeko eskatzen zuten agiria sinatu zuten eragile politikoek. Oraingoz, «normaltasunera itzultzeko» iragarpena da Espainiako Gobernuak eskariei eman dien erantzun bakarra.
Koronabirusa
«Normaltasuna» apurka itzuliko da Espainiako espetxeetara
Komunikazioei eta irteteko baimenei berrekingo diete presoek. Prozesua «osasun zerbitzuen aholkuei jarraituz» egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu