Immigrazioa. 'Aita Mari' ontzia

«Heriotzari izkin egin diogu»

Portura iritsi dira 'Aita Mari' ontziak igandean eta astelehenean erreskatatutako 158 etorkinak. Afrikatik eta Bangladeshtik iritsiak dira. Libian bizi izandako infernuaz mintzo dira gehienak

Aita Mari ontziak Mediterraneoan erreskatatutako 158 etorkinak atzo lehorreratu ziren, Messinako (Sizilia, Italia) portuan. ARGAZKIAK: PABLO GARCIA.
Pablo Garcia.
Messina
2020ko otsailaren 14a
00:00
Entzun

Senegal, Nigeria, Bangladesh, Kamerun, Boli Kosta, Gambia, Ghana... atzean utzita abiatu zuten bidea; infernua bizi izan dute denbora luzean, eta atzo iritsi ziren Europara. Luze amestu duten unea iritsi zaie; Messinan (Sizilian, Italia) lurreratu dira. Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundearen Aita Mari ontziak 158 pertsona erreskatatu ditu astebete baino gutxiagoan; 93 igandean, eta 65 astelehenean.

«Heriotzari izkin egin diogu», pentsatu zuen Zakariasek Aita Mari ontzia zapaltzean. Senegalgoa da Zakarias, eta 17 urte ditu. Igandean erreskatatutako txalupan zihoan. Libiatik atera ziren, eta afrikarrak dira gehienak. Ordu asko zeramatzaten itsasoan, noraezean, eta txalupa oso «kaskar» zegoen. Bigarren ontzian zihoan Rasel Shepai. Itsasoa zakartzen ari zen Aita Mari-koek txalupa ikusi zutenean: «Lehorrera iritsi nahi dut, eta lehenbailehen emaztearekin eta seme-alabekin kontaktuan jarri, onik nagoela esateko». 31 urte ditu, eta duela hiru hilabete utzi zuen Bangladesh, emaztearen eta familiaren iritziaren kontra.

Zakarias (Senegal, 17 urte): «Txalupan geundela, lurrera iristea besterik ez nuen buruan, baina, orduak pasatu ahala, nekea oso handia zen».

8:00etan iritsi ziren atzo portura, eta 10:00ak inguruan hasi ziren lehorrera jaisten. Italiako osasun zerbitzuak Aita Mari ontzira igo ziren, txalupetan iritsitako etorkinei gutxieneko osasun azterketa bat egitera, eta, pixkanaka-pixkanaka, eguerdirako lehorrean ziren denak.

158 lagun eta 158 istorio elkartu dira Aita Mari ontziaren kubiertan azken lau egunetan. 150 lagunentzako tokia duen itsasontzian 158 erreskatatu eta tripulazioko 14 lagun. Pilatuta, baina pozik, batik bat Sizilian lur hartzeko baimena eman zietenetik. Asteartetik asteazkenerako gaua izan zen gogorrena: itsaso zakarrak jo zituen, eta olatuak itsasontzi barruraino sartzen ziren. Popan eta brankan zeudenak ahal zen neurrian barrura sartu zituzten, eta erizaindegia ere ireki zuten horretarako. Herenegun heldu ziren Siziliako kostara, eta gaua portuan egin zuten. Bazekiten, ordea, gaua besterik ez zela izango, atzo goizean lurrera jaitsi ahalko zirela, Italiak baimena emana baitzuen.

Atxikitze zentroetara eramango dituzte orain, eta ez dute erraza izango aurrerantzeko bidea, baina atzean utzitako une latz eta gogorrak gainditu dituztelakoan daude.

Genos (Nigeria, 33 urte): «Kartzela sufritu nuen, eta torturak ere bai. Horregatik erabaki nuen patera batean sartzea Europara iristeko».

«Jendea nekatuta dago, eta iristeko eta atseden hartzeko gogoz», esan zuen Iñigo Mijangos Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak atzo, lehorreratu zirenean. Gizonezkoak dira gehienak, baina emakume eta adingabeak ere «asko» dira: «Ia herenak adingabeak dira, eta horietatik 34 helduen laguntzarik gabe etorri dira». Hiru emakume haurdun ere baziren tartean. Mijangosek nabarmendu du askotariko jatorri eta egoeratatik etorritakoak direla, baina gehienek ibilbide «oso gogorrak» dauzkatela: «Gerratik ihesi datoz, bortizkeriatik ihesi, miseriatik ihesi».

Pistolekin mehatxuka

3.500 euro ordaindu zituen Rasel Shepaik pateran leku bat izateko. Ondorioz, ez zuen espero pasatu duten beldurra eta arriskua pasatuko zituztenik. «Esan ziguten bost orduko bidea zegoela Italiara, bide erraza zela, eta gutako inork ez zuen pentsatzen bizia arriskuan jarriko genuenik». Orain, uste du txarrena gerta zitekeela itsas salbamendukoak iritsi ez balira: «Izan ere, irten ginen gauean olatu handiak zeuden, eta gehienok ez genuen atera nahi. Baina pistolekin mehatxu eginda behartu gintuzten txalupara igotzera».

Lovely (Kamerun, 34 urte): «Prostituzioan aritzea beste irtenbiderik ez dut izan. Emakume beltzei ez digute beste lanik egiten uzten Libian».

Txalupa hartzeko ordaindutakoaz gain, Shepairen familiak eurentzat dirutza bat dena ordaindu behar izan zien mafiei hura aska zezaten. 24 urteko emaztea eta 2 eta 6 urteko seme-alabak utzi zituen Bangladeshen duela hiru hilabete. «Emazteak eta senideek ez zuten nahi nik ihes egiterik. Baina nik Libia nuen jomuga, gure herrian dugun irudia baita lan egiteko toki ona dela, etorkizun hobe bat egiteko tokia». Bi hilabetean zeharkatu zuen basamortua, eta Libiara iristean lana ere topatu zuen, margotzaile gisa.

Libia ez zen izan, ordea, berak uste bezalakoa. «Mafiek bahitu ninduten, eta hilabetez eduki gatibu. Jipoiek ez zuten etenik, eta mehatxu egiten zidaten, hilko nindutela familiak ez bazituen erreskatearen 3.000 dolarrak ordaintzen». Dirua lortu zuten, eta Rasel Shepai aske gelditu zen. Berehala ohartu zen Libiako kaleen arriskuaz: «tiroketak nonahi, lapurretak...» Hasierako asmoa ez zen Europara heltzea: «Baina ihes egin behar nuen Libiatik».

Rasel Shepai (Bangladesh, 31 urte): «Olatu handiak zeuden, eta gehienok ez genuen atera nahi. Pistolekin mehatxu eginda behartu gintuzten».

Hiru urte prostituzioan

Lovelyk manta buru gainean bota du, Mediterraneoko gau hotzean babesteko. 34 urte ditu, eta pozik dago, uste baitu pauso garrantzitsu bat eman duela bere ametsa betetzeko: «Europara iritsi nahi nuen; bakean bizitzeko modua izango dudan edozein herrialdetara joan nahi dut, eta amari dirua bidaltzen hasi». Ama da Kamerunen geratzen zaion senide bakarra. Lau urte dira ama bakarrik utzi zuela: «Aita eta ahizpa hil zizkidaten, eta ihes egitera behartuta nengoen». Nigeria, Togo, Niger, Mali eta Aljerian barrena egin zuen bidea, Libiari iritsi arte. Motorrak zeramatzaten kamioi batean egin zuen ibilbidea.

Orduan, Europara iristea gero eta hurbilago ikusten zuen: «Nahiko zoriontsu izan nintzen garai hartan, Libiara iritsi nintzen arte. Hiru urte egin ditut han, eta prostituzioan aritzea beste irtenbiderik ez dut izan bizibidea ateratzeko. Emakume beltzei ez zaigu beste aterabiderik gelditzen; ez digute beste lanik egiten uzten». Kontrola oso zorrotza izan arren, zerbitzari lanetan ere aritu da Lovely, etxeetan: «Baina hor ere, azkenean, prostituitzen amaitu dut».

Lamin Fathi (Gambia, 17 urte): «Mafiek esan zidaten itsas zeharkaldia erraza zela. Pateran gaua igaro ostean ohartu nintzen engainatu nindutela».

Lovelyk bosgarrengo aldian lortu du Mediterraneoa zeharkatzea. Diru kopuru handiak ordaindu ditu aurretik, 3.000 dolar (2.760 euro) artekoak. Ahalegin bakoitzean kartzelan amaitu zuen, eta dirutza ordainduta bakarrik lortu zuen irtetea. 1.000 dolar pagatu ditu azken bidaia hau egiteko. «Mafiek erabakitzen dute zenbat ordaindu behar duzun; 300 eta 1.000 dolar artean ordaindu genituen txalupa hau hartzeko».

17 urte baino ez dituen arren, Zakariasek bidaia zaila egin du Siziliara heltzeko. Senegalgo Tamba Kumba eskualdekoa da, eta hiru hilabete behar izan zituen Libiara iristeko. «Gurasoak utzi nituen han. Bizimodu hobe baten bila irten nintzen, eta gurasoei laguntzeko helburuarekin. Baina Libiatik ezinezkoa zen, eta Europara iristen ahalegintzea erabaki nuen». Marokotik barrena saiatu zen lehenik, baina atzera Libiara itzuli zen. «Lehen aldia da Libiatik ahalegintzen nintzela. Orain, lana topatzeko errezatzen ari naiz, eta ea egunen batean ikasketak egitea lortzen dudan».

Dabne (Boli Kosta, 24 urte): «Libia uzteko nahiak eta etsipeak behartuta hartu dut txalupa igerian jakin gabe eta bi ume txikirekin».

Oso gogorrak egin zaizkio pateran bizi izandako orduak: «Txalupan geundela, lurrera iristea besterik ez nuen buruan, baina, orduak pasatu ahala, nekea oso handia zen. Erreskate ontzia ikusi genuenean, ulertu nuen heriotza atzean uztea lortu genuela».

Zakarias bezala, adingabea da Lamin Fathi ere. 17 urte ditu, eta urtebete behar izan zuen Gambiatik Libiara iristeko. Tartean hainbat lanetan aritu zen, hori baitzuen bidaian aurrera egiteko modu bakarra. «Aljerian saiatu nintzen itsasoa gurutzatzen, baina, lortu ez, eta Libiara iritsi nintzen gero». Igeltsero lanetan aritu da, txalupa ordaintzeko dirua eskuratu arte: «Mafiek esan zidaten itsas zeharkaldia erraza eta motza izango zela, baina, orduak pasatu ahala eta, batez ere, pateran lehenengo gaua igaro ostean, ohartu nintzen engainatu egin nindutela, ontziko beste 92ei bezala». Europara iristean, aire girotuko makinekin zerikusia duen zerbait ikastea du amets.

Sakib (Bangladesh, 32 urte): «Mafiek bahitu eta torturatu egin ninduten. Bakean utzi ninduten konturatu zirenean zein pobrea den nire familia».

Aita Mari-n hartutako adingabeen artean umeak ere baziren; horien artean daude Dabnerenak. Bi umerekin bidaiatu du Dabnek; Boli Kostakoa da, eta 34 urte ditu. Bortxaketen ondorio dira umeak, eta bat oso-oso txikia da. «Libian tratu txarrak sufritu ditu mafiengandik, eta baita atxikitze zentroan ere. Libiatik ateratzeko edozein prezio ordaintzeko prest nengoen, nire umeak handik kanpo hazteko. Libiatik kosta ahala kosta ateratzeko nahiak eta etsipenak behartuta hartu dut txalupa, igerian jakin gabe eta bi ume txikirekin».

Engainuaren beldur

Dabnek begirada tristea du, baina itxaropenez begiratzen dio geroari. Kosta egiten zaio bizi izan duen infernuari buruz hitz egitea. Ez du gogoratu nahi. Askotan egin diote iruzur, eta, ondorioz, erreskatatua izan ostean ere ez da guztiz fio salbatu dutenekin: «Orain eskatzen dudan bakarra da ontzi honetakoek ez gu engainatzea, eta Europara eraman gaitzatela, ez gaitzatela itzuli Libiako kostaldera».

Sakibek gutxi hitz egiten du bizi izandakoaz ere. Ez da hitz askorik behar, ordea, sufritutakoa azaltzeko: 32 urte ditu, eta bi hilabete behar izan zituen Bangladeshtik Libiara iristeko. «Iristean mafiek bahitu eta torturatu egin ninduten. Azkenean, baina, bakean utzi ninduten, konturatu zirenean zein pobrea den nire familia; ezin du ezer ordaindu».

Abdel Nasser (Ghana, 22 urte): «Lau hilabetez bahituta eduki ninduten, eta oso tortura gogorrak sufritu nituen ihes egitea lortu nuen arte».

Genosek ere pobreziatik ihesi utzi zuen sorterria. 2017an atera zen etxetik; 33 urte ditu, eta familiarik gabe egin du Siziliara arteko bidea. Nigerian, gurasoak bakarrik utzi zituen: «Libiarantz etorkizun hobe baten bila abiatu nintzen, baina han kartzela eta torturak sufritu nituen. Torturatu egin ninduten, eta oso gogorra izan zen». Kartzelatik irten zenean, ez zeukan ez lanik, ez jatekorik. «Horregatik erabaki nuen handik ere ihes egitea, eta patera batean sartzea Europara iristeko». Europan bizimodu duinago bat besterik ez du lortu nahi; lan bat, eta ez bizitzea inork torturatuko duen beldurrez.

Bakean bizi nahi du Abdel Nasserrek ere. 22 urte ditu, eta Togon bizi zen, baina Ghanakoa da. Jada lau urte dira etxea utzi zuela, eta Europara iritsi artekoak «latzak» izan dira: «Lau hilabetez bahituta eduki ninduten, eta oso tortura gogorrak sufritu nituen, ihes egitea lortu nuen arte». Kostata egiten du irribarre, baina esperantza du Europan bizileku bat topatzen duenean berreskuratuko duela irribarre egiteko indarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.