Kamerungo armadak Iparralde Urruneko lurretan Boko Haram milizia islamistaren kontrako «garbiketa operazio bat» egin du azaroaren 26tik 28ra bitartean, Nigeria ipar-ekialdeko mugaldean, eta, ehun ekintzaile hiltzeaz gain, Estatu Islamikoari leialtasuna agindu zion taldeak bahituta zeuzkan 900 gatibu askatu dituztela adierazi du Joseph Beti Assomo Defentsa ministroak.
Defentsa Ministerioak eta Kamerungo armadako eledun Didier Badjeck koronelak informazio bera eman dute, eta operazioa eskualdeko herrialdeek osatutako misioaren babesarekin egin dutela nabarmendu dute. Baina gobernuko eta armadako iturriez gain, Boko Haramen kontrako erasoaldiari buruzko baieztapenik ez du beste inork eman.
900 gatibuak non eta noiz bahitu zituzten ere ez dute argitu, eta ikuskizun dago Chibokeko eskolan atzemandako 219 neskatoak horien artean diren. Boko Haramek 2009an Nigerian matxinada hasi zuenetik, 17.000 pertsona hil dira borroketan, eta 2.000 bahitu izan dira, Amnesty Internationalen arabera.
Nigeriatik kanpo mugaz gaindiko erasoak ugaldu egin ditu aurten, eta urte hasieran haren kontrako borroka ere nazioartekotu egin zen, Nigeriak, Kamerunek eta Txadek indarrak batzea erabaki baitzuten. Gerora, Niger eta Benin ere batu zaizkio Boko Haramen kontrako koalizioari.
Kamerungo armadak Boko Harameko ehun kide hil eta 900 gatibu askatu ditu
Nigeria ipar-ekialdeko mugan hiru eguneko erasoaldia egin dute.Bahituen jatorria ez dute argitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu