Zientzia

Saturnoko ekaitzei so

Eraztunen planetan segidan sorturiko bi enbata behatu, ikertu eta neurtu dituzte lehen aldiz. EHUko Planetologia Taldeak mundu osoko astronomo amateurren irudiak erabili ditu fenomenoa aztertzeko.

EHUko ikertzaileek azterturiko ekaitzak. Behean, simulazioak. EHU.
Edu Lartzanguren.
2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Jon Legarreta beti dabil Saturnori eta Jupiterri begira. Eguzki sistemako planeten atmosferak ikertzen ditu EHUko Planetologia Taldean. Besteak beste, Hubble teleskopioaren eta astronomo amateurren irudiak hartzen ditu, eta horien bitartez kalkulatzen du gasezko erraldoi horietako haizeen abiadura. Eredu matematikoak erabiltzen ditu, eta gero horien simulazioak egiten ordenagailuan. «Gero, errealitatearekin konparatzen ditugu». Planetaren ipar poloan sorturiko hainbat ekaitz ikertu dituzte lehen aldiz.

Taldeak datu base handi bat dauka: PVOL (Planeten Behatoki Birtuala eta Laborategia); datu base horretan mundu osoko astronomoek harturiko irudiak biltzen dituzte. «Hortik hartzen ditugu, esaterako, Saturnoren eta Jupiterren irudiak, hamar orduan behin hartuak; hau da, planeten errotazio bat. Eta neurtzen ditugu horietan agertzen diren lainoak, jakiteko zer abiadan mugitzen diren. Horrela neurtzen ditugu planeta horien haizeen mugimendua».

Saturnoko ipar poloko ekaitza Brasilgo zale batek aurkitu zuen, 2018ko martxoaren 29an. Legarretaren taldeak dei egin zien astronomiazaleei ekaitz hori behatzen jarraitzeko. «Hurrengo bi hilabeteetan beste orban bat agertu zen, iparralderago, kontrako norabidean. Gero, beste bi ekaitz agertu ziren, eta, azkenean, eremu osoa nahastu zen». Horretan datza EHUko taldeak zuzendu duen ikerketaren berrikuntza. «Orain arte, ekaitz txikiagoak —1.000 kilometrokoak— behatu dituzte, beste latitude batzuetan, eta bakartuak. Oraingo kasua guztiz ezohikoa da». Astronomoek ez dakite zergatik sortu den halako ekaitz segida bat.

Lur planetan, halako ekaitzek egun batzuk baino ez dute irauten. Saturnon, ordea, hainbat hilabete iraun dezakete. Jupiterreko Orban Gorria deituriko urakana Galileok behatu zuen duela hirurehun urte, Legarretak azaldu duenez, «eta oraindik dabil bueltaka». Ekaitz hori neurtzen dabil taldea orain, eta «laster» argitaratuko dute artikulu bat. Litekeena da ekaitzak luzeago irautea han, planeta horiek guztiz gasez osaturik daudelako. «Misterio handia dago: Lurrean zaila bada asmatzea, Saturno eta Jupiterren, zailagoa».

Ez da taldearen lehen arrakasta: 2011n, 20.000 kilometroko ekaitz erraldoi bat neurtu zuten. Horiek 30-60 urtetik behin sortzen dira, eta planeta osoa nahas dezakete.

Ekaitzak aztertu dituzte, beraz. Lurrean eguraldia aztertzearen parekoa litzatekeena. Planeta horien klima aztertzea beste kontu bat litzateke: azaltzeko, esaterako, nola manten ditzaketen planetok halako haize azkarrak urteak joan urteak etorri. «Hori planeta osoaren klima edo dinamika argitzea litzateke». Planeten klimak, batez ere Lurrarenak, jakin-min handia sortzen du azken boladan. Ikas al daiteke zerbait Saturnoren klimaz Lurra ulertzeko baliagarri izan daitekeena? Hala uste du Legarretak. «Beti topa daitezke legeak gero Lurrari ere aplika dakizkiokeenak, unibertsoaren legeak orokorrak baitira», esan du. Planetak, azken batean, laborategi erraldoiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.