Arrauna. Eusko Label liga

Atzokoa ez utzi gaurko

Oriok bi garaipen eskuratu ditu Bermeon: bandera eta Eusko Label liga, aurreneko aldiz. Gaur bukatuko da aurtengo lehiaketa, Portugaleten

Orio eta Hondarribiko ontziak ziaboga ematen, atzoko estropadan. L. J: / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Irabazle sena du Oriok, eta denboraldi honetako taldea ez da salbuespena klubaren historian aurretik jardun izan direnekin. Atzo zeukan aukera Eusko Label liga aurreneko aldiz irabazteko, eta ez zion utzi aukerari pasatzen. Atzo egin behar zuena ez zuen gaurko utzi, eta garaipen historikoa berretsi zuen. Klub historikoak ligaren hamazazpigarren aldian lortu du koroa eskuratzea. Hasi eta buka eraman du soinean Gorka Aranberri patroiak liderraren kamiseta gorria, eta gaurko azken jardunaldiaren faltan, Portugaleten (12:30, ETB 1), zortzi bandera dauzka irabaziak Jon Salsamendiren kuadrillak.

«Onenak irabazten du liga, ez erregularrenak», esan zuen duela aste batzuk oriotarren entrenatzaileak. Arrazoi du. Izan baitaiteke talde bat oso erregular, beti azkena eginda, eta Oriori inork ez dio esango erregularra izan ez denik, baina onenean izan da emaitzetan segida zuzen-zuzenaren jabe. Ligako hemeretzigarren estropada zen atzokoa, eta datuek ez diote gezurrik: zortzi banderez gain, bost aldiz izan da bigarren, hirutan hirugarren, bitan laugarren, eta behin bosgarren. Gaurko estropadaren faltan, hamasei puntuko koska ateratzen dio bigarrenari, Hondarribiari. Zenbaki horiekin, ez dago inola ere zalantzan jartzerik oriotarren garaipen historiko hau.

Atzoko jarduna Kontxako bigarren igandekoaren hirugarrena izan zen, segida baten parekoa. Donostian bezala, elkarren ondoan jarri zituen kale zozketak ligako liderra eta bigarrena, baina gaur zortzi ez bezala, Orio zen lehen kalean eta Hondarribia bigarrenean. Santurtzik hartu zien aurrea, ordea, lehen luzean, eta ziabogan, bina segundora zituen Orio eta Hondarribia.

Estrategia, alde eta kontra

Hortik aurrera, bi talde horiek jarri ziren buruan. Hondarribia zetorren aurretik bigarren ziabogara, baina Aranberrik trainerua asko trabestuz, Orio aurretik ateratzea lortu zuen. Segundoa eta bi segundoren arteko koskan ibili ziren biak hortik eta amaiera arte. Azken luzean, bi taldeak zero kaletik gerturatu ziren helmugara. Bermeon ohikoa izaten da azken metroetan ababor aldera joatea, eta horren jakitun, Hondarribiak preso eduki nahi zuen Orio. Lortu zuen, baina bere aukerei ere kalte egin ez ote zien, oso azkenera joan baitzen ababor aldera atzo Iker de la Linde patroi zuen trainerua. Oriok segi eta segi, norabideari eutsiz, bandera eta liga eskuratu zituen, iazko garaipena berdinduz Bermeon.

Txanda nagusian, Santurtzi hiru segundora sartu zen, eta Zierbena gero, 33 segundora. Lehen txandan, Urdaibai nagusitu zen, eta laugarren egiteko balio izan zion, herritarren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.