GAKOAK

2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Euskaraldia hurbildu ahala, egoera batzuetan nola jardun hausnartzen hasi dira parte hartzaileak. Bakoitzak erosoen sentitu bezala jokatzea hobetsi du Emuneko aholkulari Ainhoa Lasak. Hala ere, gomendio batzuk eman ditu:

1. Gogoan izan beharrekoak. Euskaraldia hasi aurretik ere negoziatu daitekeela esan du Lasak: «Erabakia norberarena da, baina ingurukoekin aurrez negoziatu daiteke nola egin: laguntza eskatu daiteke eroso aritzeko». Hala ere, oroitu du Euskaraldia bera dela negoziazio bat, eta rolen bidez adierazten dela: «Buruan izan behar dugu euskaraz ulertzen digutela, eta nahi duguna egin dezakegula».

2. Norbere burua aztertu. Aurrez azalpenak ematea alboratuz gero, Euskaraldia hastearekin batera abia daitezke aldaketak. Egoera deserosorik suertatzen bada, bizitzako beste egoera batzuetako baliabideak erabiltzea gomendatu du Lasak: «Nola egiten ditugu aldaketak beste esparru batzuetan? Hor aurkituko ditu bakoitzak bere tresnak; umorea izan daiteke, antzerkia...».

3. Probatu. Laborategi bat izango da Euskaraldia, Lasaren ustez: «Aukera emango digu beste une batean geure buruari baimenduko ez genizkiokeen jokabideak izateko». Ildo horretan, norbere konpromisoen barruan, unean uneko egoeretara egokitutako irtenbideak bilatzera deitu du: «Zortzi laguneko bazkari batean bik ez badakite euskaraz, zer egingo dut? Bada, joka dezaket bi hizkuntzekin».

4. Erraztu. Euskara ulertzeko zailtasunak dituztenekin malgu jokatzea garrantzitsua da Lasarentzat: «Hasieran arraroa izango da haiekiko hizkuntza aldatzea, baina haien ulermena ere erraztu daiteke: adibidez, erdarazko hitz batzuk sar daitezke; berez hala egiten dugu euskaraz ari garenean».

5. Solaskideak bilatu. «Pertsona bat edo batzuk bilatzea komeni da, Euskaraldia nola bizitzen ari garen hitz egiteko, haiekin gogoeta egiteko; une batzuetan beharrezkoa izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.