Bihar, 1900. urteko euskal ezkontza batera joateko aukera egongo da Donibane Garazin. Antzerkiarekin orain mende bateko ezkontza erakutsiko dute.
15:00etan hasiko da ekitaldia, desfilearekin. Berrehun parte hartzaileek jantzi tradizionalak erakutsiko dituzte kalean. Desfilea geltokitik hasiko da, eta Renaud etorbidera joango da. Ondoren, Gaulle eta Floquet plazetara joango dira. Azkenik, udal frontoian antzerkiarekin hasiko dira.
Desfilea karro baten inguruan bilduko da. Karroan, emaztegaiaren eraztuna, erabiliko dituzten altzariak, baserriko lanabesak, gonbidatuen opariak eta arbola pastela gordeko dira. Antzerkian erabiliko duten materiala erakutsiko dute.
Desfilea frontoira iristean hasiko da ezkontza, 16:30ean. 1900. urteko dantzak izango dira, polka, scottish eta mazurka, besteak beste. Nafarroako dantza tradizionalak ere egingo dituzte, hala nola kuadrilla eta salto. Kantatuko dituzten abestiak ere nafarrak izango dira.
Garai hartan gonbidatu guztiak beraien opariekin ezkongaien etxera joaten zirela antzeztuko dute. Ondoren, guztiek elkarrekin eta musikarekin urte haietako ospakizun berezietako erabiltzen zuten tarta jango dute: arbola pastela.
Sarrerak zortzi euro balio du, eta hogei pertsonako taldeentzat, sei euro. 12 urtera arteko haurrek doan dute sarrera. Turismo bulegoan daude salgai.
Gerizpean. Uda-pasa
1900. urteko ezkontza
Donibane Garazin iragan mendeko ezkontza antzeztuko dute bihar; aurretik, desfilea egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu