Zientzia. Roger Wiens eta Samuel Clegg (NASAko ikertzaileak)

«Harrigarria litzateke inoiz Marten bizia egon ez izana»

Marte esploratzen dabiltza bi zientzialariak, 'Curiosity' robotarekin, eta EHUrekin lankidetzan ibili dira 'Mars 2020' robotak han erabiliko duen kamera egiteko.

«Harrigarria litzateke inoiz Marten bizia egon ez izana».
Edu Lartzanguren.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun

NASAko ikertzaile Roger Wiens eta Samuel Clegg Euskal Herrian izan dira egunotan, Marteren esplorazioan egin duten lanaren berri ematen eta datorren urtean planeta gorrira bidaliko duten Mars 2020 robotarentzat garatu duten SuperCam kamera berezia zertan den azaltzen. Kamera horri esker, inoiz baino zehatzago aztertu ahalko dute Marteko harrien osaketa, han bizitza izan ote den, eta etorkizuneko astronautentzat zer arrisku egon daitezkeen. EHUko IbeA (Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoa) taldeko Juan Manuel Madariagak ekarri ditu ikertzaileak. Izan ere, haiekin lanean estu ari dira EHUkoak kamera horretan.

Haurra zinela, teleskopio bat egin zenuen anaiarekin, Marte ikusteko. Orduko Roger Wiensek irudikatzen zuen urte batzuk geroago Marte bertatik bertara aztertzen dabiltzan kameren ikertzaile nagusia izango zela?

ROGER WIENS: Haurrak ginen. Ispiluak erosi genituen, eta egurrezko ohol batean muntatu genuen teleskopio hura. Hesola batean jarri genuen, zelaiaren erdian. Marrazki batzuk egin genituen ikusi genuenarekin. Harrigarria zait orain Marte gertutik aztertzen aritzea han dagoen Curiosity ibilgailuaren bidez.

SAMUEL CLEGG: Haurra nintzela, liluratuta nengoen laserrekin, besteak beste filmengatik. Gogoratzen dut goiz jaikitzen nintzela Challenger transbordadoreak nola jaurtitzen zituzten ikusteko telebistan. Bizitza osoa pasatu dut laserrekin lan egiten, baina onartu behar dut ez zitzaidala inoiz burutik pasatu egun batean ibilgailu baten bidez beste planeta batean lanean aritu nintekeela.

Nolakoa da eguneroko lana tresna milioika kilometrora daukan langile batentzat?

R. W.: Oso prozesu konplikatua da robotari bidaltzeko aginduak garatzea. Beraz, gaur, gehienetan, txantiloi bat erabiltzen dugu; esaterako, robotari agintzeko harri bateko bost puntu joko ditugula, koordinatuak ematen dizkiogu, eta zenbat laser tiro egingo ditugun erabakitzen dugu. Orain zientzialari talde bat dugu lan hori egiten, ni egitasmoa zuzentzen ari naizelako. Baina, hasieran, eskuz egin behar izaten genuen dena.



Txantiloi bat? Beraz, NASAn kopiatu-itsasi egiten duzue?

R. W.: Bai [barrez], egun leku guztietan bezala. Goizean, operazio gelan elkartzen gara —espero dugu Juanmak [Madariaga] hemen ere bat edukitzea egun batean—, ikusten ditugu robotak gauean bidali dituen irudiak, eta jomugak bilatzen ditugu, batez ere robota lekuz mugitu baldin bada. Zer jo erabakitzen dugu orduan.

Nola erabakitzen duzue harri jakin bat aztertzea, eta ez aldamenean dagoena?

S. C.: Marten orbitan dauden sateliteek bidalitako informazioaren bidez, geologoek erabakitzen dute zer aztertu, informazio hori baieztatzeko edo zalantzan jartzeko.

Uztailaren amaieran, Curiosity robotak metano pilaketa bat antzeman zuen Marteko airean. Planetan gaur mikrobio biziak daudela frogatuko luke horrek? Zenbat falta da jakiteko Marten bizia dagoen edo, behintzat, inoiz egon den?

R. W.: Orain arte, metanoa oso kontzentrazio txikitan antzeman dugu Marten, eta, bat-batean, asko neurtu zen. Oso harrigarria izan zen. Oraindik ez dugu ulertzen. Lehen ere ikusi ditugu halako tontorrak neurketetan. Argi dago ez datorrela robotetik; beraz, galdera da: nondik dator? Leku jakin batetik al dator, edo une jakin batean gertatzen den kontzentrazio bat da? Erabat misteriotsua da.

Ziur zaudete biziaren zantzuak topatuko direla Marten?

R. W.: Ez gaude ziur. Baina polita litzateke. Oso zoru zaharretan ari gara begira, badakigulako Lurrean garai berean bizia zegoela. Litekeena da Lurreko puskek Martera bidaiatu izana meteoritoen talken eraginez, eta hura bakterioz erein izana, duela 3.500 milioi urte. Beraz, harrigarria litzateke inoiz Marten bizia egon ez izana. Baina oraindik ez dugu topatu.

Datorren urteko udan jaurtiko dute Mars 2020 robota planeta gorrira. Dena ondo bidean, Jezero kraterrean lurreratuko da, 2021eko otsailaren 18an. Zuek Los Alamos Laborategi Nazionalean (AEB) garatu duzuen SuperCam kamera eramango du. Zer abantaila ekarriko du horrek biziaren zantzu horiek topatzeko?

S. C.:SuperCam kamera bereizmen handiko koloretako tresna da, eta erabakigarria izango da osagai kimiko horiek antzemateko orduan.

R. W.: Horrez gain, NASA 90 milioi dolar baino gehiago gastatzen ari da aurten, Mars 2020 robotak jasotako harri eta zoru laginak Lurrera bidaltzeko sistema bat garatzen. Azterketa teknika asko ezin dira bidali espaziontzi txiki batean Martera. Askoz jende gehiagok, askoz teknika gehiagorekin, eta askoz tresna handiagoekin aztertu ahalko dituzte laginak Lurrean. Isotopo erradioaktiboak aztertu ahalko dituzte, adibidez karbono-14a, gela handi bat baino gehiago okupatzen duten azeleragailuekin. Puskak egin ahalko dituzte, eta elektroi mikroskopioekin aztertzeko aukera izango dute.

S. C.: Martera bidaltzerik ez duzun gai kimikoekin erreakzionatzen jar ditzakezu laginak Lurreko laborategietan, esaterako.

Marten aztertuko dituzuen gauzen artean arriskuak daude. Marte arriskutsuegia da gizakiontzat?

R. W.: Hasteko, aztertuko dugu Marten gai toxikoak ote dauden; esaterako, artsenikoa. Orain arte ez dugu ikusi horien kopuru handirik. Baina beste arrisku bat hautsa arnastea izan liteke, oso fina baita: oso partikula zorrotzak eta txikiak badira, kalte egin diezaiekete astronauten birikiei. Erradiazioa arrisku handia da; hori badakigu. Orokorrean, jendeak lur azpian bizi beharko luke. Ez da atsegina izango. Beraz, errealista al da pentsatzea gizakiak Marten biziko direla? Ez oso, erradiazioarengatik. Joango denak bizitza motzagoa izango du.

Nolatan ari zarete elkarlanean EHUrekin? Nola garatu da elkarlan hori?

R. W.:Mars 2020 misiorako argi genuen gaur Curiosity-n dugun ChemCam kamerako kalibrazio jomugak baino hobeak nahi genituela, ez direlako behar bezain onak. Beraz, 2013. urtean, Raman espektroskopia erabiltzen duen Valladolideko Unibertsitateko [Espainia] Fernando Rull geokimikariarekin harremanetan hasi ginen, eta hark gomendatu zigun Juan Manuel Madariaga irakaslea. Lanean hasi ginenean, oso argi ikusi genuen hemen, EHUn, badirela erabil genitzakeen azterketa teknika asko. Azken bi urteotan, horietako asko erabili ditugu, eta Mars 2020 robotean instalatu ditugu. Madariagaren taldea aditua da Raman espektrografiaren datuak interpretatzen, eta guk hartuko ditugun laginak aztertuko dituzte.

Zuen tresnak Artizarrera ere bidaltzeko asmoa daukazue. Lagunduko al dute Lurraren berotegi efektua eta klima aldaketa ulertzen?

S. C.: Aukera dago, bai. Gero eta gehiago ari gara lan egiten Artizarraren inguruan, kamera eraikitzen amaitu dugunetik. Bizpahiru urte barru prest egongo gara esateko Artizarrera joateko moduan ote gauden, eta tresna ote dugun hango azalean zientzia egiteko, tartean lehen zuzeneko azterketa mineralogikoa. Egingo dugun galderetako bat hau izango da: zer harreman dute planeta bateko azaleko prozesuek berotegi efektua kontrolgabe handitzen denean? Zoruak erregulatzen du? CO2 iturria izan da zorua, edo xurgatu egin du? Indusketa txiki bat egin nahiko genuke Artizarraren atmosferak higaturiko azalean eta azpian zentimetro gutxira dagoen ukitu gabeko zoruan, biak parekatzeko. Ikusiko genuke horrek zer esaten digun. Artizarrerako misioarekin galdera honi erantzungo genioke: Artizarra Lurra bezalakoa izan da inoiz?

Espazioaren esplorazioak garai interesgarria bizi ditu. Zer egitasmok pizten dizue miresmenik eta irrikarik handiena?

S. C.: Espektroeskopista naizenez, irrikan nago ikusteko Europako lankideokin aztertuko ditugun harriak eta Txinako robotak emango dituen datuak.

R. W.: Zientziaren alor honek espero gabeko aurkikuntzak ekar liezazkiguke, eta hori oso kitzikagarria da. Ez dakigu zer; etorkizuna delako, hain zuzen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.