'Anna Bolena' opera taularatuko du OLBEk hilaren 19tik 28ra bitarte

Opera Lagunen Bilboko Elkartearen ekoizpen berriak Anna Bolena erreginaren azken egunak ditu kontagai. Lautan erakutsiko dute

Anna Bolena operaren irudi bat. ALAN HUMEROSE.
Erredakzioa
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
OLBE Opera Lagunen Bilboko Elkarteak ekoizpen berri bat estreinatuko du asteburu honetan: Gaetano Donizettiren Anna Bolena, Isabel I.a Ingalaterrakoaren inguruan osatu zuen trilogiako lehen obra eta erromantizismoko lehen operatzat hartu ohi dena. Besteak beste, Isabel I.aren ama izan zen Bolena, baita Henrike VIII.a Ingalaterrako erregearen bigarren emaztea ere, eta burua moztu zioten 1536an, adulterioa, intzestua eta traizioa egotzita. Haren azken egunen gaineko kontakizun dramatikoa eskaintzen du, bada, Donizettiren obrak. Lau bider taularatuko dute Bilbon: azaroaren 19an, 22an, 25ean eta 28an; guztiak Euskalduna jauregian eta 19:30ean —larunbat honetakoa 19:00ean hasiko da—.

Operako laukote protagonista Joyce El-Khoury sopranoak —berak jarriko dio ahotsa protagonistari—, Silvia Tro Santafe mezzosopranoak, Marko Mimica baritonoak eta Celso Albelo tenorrak osatuko dute. Jordi Bernacerrek zuzenduko du Bilboko Orkestra Sinfonikoa, lehen aldiz; eta Bilboko Opera Korua, berriz, Boris Dujinek zuzenduko du.

Bestalde, ostiral honetan, lehen emanaldiaren bezperan, Pablo L. Rodriguez musikologo eta dibulgatzaileak Donizettiren lanaren inguruko hitzaldi bat emango du Deustuko Unibertsitatean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.