Itziar Olasagasti.
'TXIKI'-TIK

Hasi dira

2019ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Hasi dira gainerako ligak, eta gu aste honetan hasiko gara. Bi asteburu badira ETE, KAE 1 eta KAE 2 ligek ekin zutela, eta azken asteburuan hasi da TKE Eusko Label liga. Aste honetan hasiko da Euskotren liga, Kantabriako uretan.

Hiru asteburu daramagu lehiaketarik gabe. Ez nuen sekula pentsatuko hain luze egingo zitzaizkidanik. Zer esanik ez azken asteburua. A zer nolakoa! Hori kolorekoa. Herriko beste bi traineruek erronka polita bota digute!

Iazko abuztuan, Euskotren liga amaitzean, hau idatzi nuen sare sozialetan: «Bosgarren aldiz aritu gara Euskotren ligan. Aurten, lehen aldiz egin dugu bigarren. Hamalau aldiz, hain zuzen, hamalau aukeretatik. Erregularrak izan garenik ezin uka. Baina gehiago nahi dugu». Hamar hilabete pasatu dira, baina mezua argia da. Aurtengo motxilan iazko esperientzia guztia daramagu, denboraldi-aurrea primerakoa izan da, eta aurkariak prest ditugu. Ez ahaztu iaz Arraun Lagunak-eko neskek garaipen bat lortu zutela. Ziur lehiarako prest daudela. Txiki-tik ekingo diogu lehiari, semaforoarekin, Santanderko uretan eta lehenengo aldiz emakumezko patroi onenaren saria ere jokoan.

Aurtengoan, San Juanek utzitako itzalean aritu beharko dugu. Azken urteetan egindako guztiaren ondoren, dagoeneko sarri entzun dugu eta gehiagotan entzun beharko dugu hori. Horrelako esanek min egiten dute, ez dezagun ahaztu San Juan uretan dela, beste liga batean, baina uretan. Gertatzen dena gertatzen dela, guk egindako lanaren emaitza izango da, ez San Juan beste liga batean egotearen ondorio.

Animoak iaztik falta diren guztiei, eta bultzada txiki bat aurten hor jarraitzen dugun guztioi. Hasiberriei, lasai hartu, ikasi, txikitik handira hezten eta hazten joateko, sufrituz gozatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.