Ez dira udal hauteskunde soilak

Brasilen udal hauteskundeek egiten dute agintaldi erdiko bozen lana, eta gobernuan den alderdiaren edo buruzagiaren indarra ere neurtzen dute. Baliteke Jair Bolsonaro ahulduta irtetea oraingo hauetatik.

Araujoko hautesmahai bateko kideak lanerako prest, udal hauteskundeetako lehen itzulian. FERNANDO BIZERRA / EFE.
Gabriel Puricelli.
Brasilia
2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Brasilek ez du agintaldi erdiko hauteskunderik sistema presidentzialeko beste herrialde batzuek bezala, eta, beraz, gaurko udal hauteskundeak izango dira Jair Bolsonaroren egungo eta etorkizuneko grabitazioa neurtzeko termometroa, haren presidentetza ere agintaldi erdira gerturatzen ari baita —2022an egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak Brasilen—. Lehen itzulia joan den azaroaren 15ean egin zuten, eta lau urtean behin presidentea aukeratzen duen herritar unibertso berak parte hartu zuen. Horri esker ikusi ahal izan zen zer-nolako bilakaera izan duten alderdiek 2016. urtean Dilma Rousseff orduko presidentea kargugabetu zutenetik. Gaur egingo dute hauteskundeetako bigarren itzulia.

Pandemia betean egingo dituzte udal bozak. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, 165.000 herritar hil dira han, eta sei milioi kutsatu. Osasun arloan, berrogeialdia ezartzearen aurka agertu diren estatuburu bakanetako bat izan da Bolsonaro, eta mugitzeko askatasunaren gaineko murrizketak eskualdeetako gobernadoreen gain utzi ditu. Hala ere, alor ekonomikoan, estimulu fiskalari esker, BPG barne produktu gordinak %4ko muga gainditzea lortu du, eta munduan garabidean diren herrialdeek izandako emaitza hirukoiztu. Horrek azaltzen du zergatik gaitza «gripetxo bat» zela esanez COVID-19a gutxietsi ondoren—duela egun batzuetako adierazpenak dira horiek—, eta pandemiak eragindako milaka heriotzengatik sufrimendua adierazten dutenei «maritxu» deitu ostean, Bolsonaroren gobernuak %40ko babesa duen, osasun krisia hasi aurretik zuen %25eko sostengutik urrun.

Alkatetzak eta zinegotzi karguak lortzeko lehia indarkeria politikoko gertaera larriz zipriztindua egon da. Brasilgo hauteskunde kanpainak beti daude halakoez zikinduta, baina udal bozek beti nabarmentzen dute gehiago ezaugarri ezkor hori. Aurten, egoerak nabarmen egin du okerrera. Cesec Herritarren eta Segurtasunaren Ikerketa Zentroak indarkeria politikoaren inguruan egin duen ikerketaren arabera, 82 militante politiko hil dituzte urtea hasi zenetik, haietako hamahiru irailean, kanpaina hasi zuten hilabetean.

Azken asteetako indarkeria, hala ere, miliziek egindako ekintzekin dago lotuta. Talde parapolizialak dira horiek, Poliziatik erretiratutako kideek eta oraindik jardunean daudenek osatutakoak, jada ez direnak soilik aritzen zelatatze lanetan edota justizia beren kabuz ezartzen, baizik eta hauteskundeetan parte hartzen ere hasi direnak, publikoki edo zeharka erakunde horiekin lotutako pertsonen bidez.

Milizia horiei lotutako hilketa ezagunenetariko bat izan zen Rio de Janeiroko zinegotzi Marielle Francorena, 2018ko martxoan. Milizien loturak boterearen goreneko karguetara heltzen dira. Adibide bat jartzearren: justizia Flavio Bolsonaro senataria ikertzen ari da, presidentearen semea hain justu, haren kanpaina politikoak eta Rion Adriano Nobrega polizia ohiak zuzentzen zuen milizia legez kanpo finantzatzeagatik. Nobriega bera aurtengo otsailean hil zuten.

Babesaren arriskuak

Presidentea ez da buru-belarri sartu pandemiaren ondorioz hilabete eta erdi atzeratu dituzten udal hauteskunde hauetako kanpainan. Hala ere, Sao Pauloko Unibertsitateko Zientzia Politikoetako doktore Gonzalo Berronek dioen moduan, «herritar guztien parte hartzea ahalbidetzen duen eta herrialde bateko lurralde osoa hartzen duen edozein hauteskunde da gobernu nazionalari buruzko erreferendum bat». Alde horretatik, Bolsonaro gaur partidurik ez duen presidente bat den arren, haren ideien gertuko diren hautagaien zoria berea ere bada. Hortaz ohartuta, banatu egin du bere babesa, eta estatuetako hiriburu handietan aurkeztu diren eta ustez irabazteko aukera duten hautagaiekin konprometitu da soilik. Baina egunen joanak eta lehen itzuliko emaitzek erakutsi dute oker zegoela.

Okerreko estrategia

Bolsonaroren plana, kalkulu oportunistarekin eta ahalik eta kalte gutxiena izateko estrategiarekin nahastuta, erabateko porrota izan da. Bolsonarok jendaurrean babestu zituen 27 hiriburuetatik bostetan aurkezten ziren hautagaiak: Celso Russomanno Sao Paulon, Coronel Menezes Manausen, Bruno Engler Belo Horizonten, Capitao Wagner Fortalezan, eta Marcello Crivella Rion. Horietatik guztietatik, bakar batek ere ez zuen lortu lehen itzulian aukeratua izateko beharrezko %50a, eta soilik Wagner eta Crivella lehiatuko dira bigarrenean; ia ziurra da biek galduko dutela.

Porrotik agerikoena Russomannorena da. Hego Amerikan biztanle gehien duen hirian, bigarren itzulitik kanpo geratu zen, aipatutako beste biak bezala, zeinak —are okerrago— ia ez ziren agertu ere egin azken zenbaketan. Aldez aurreko inkestek erakusten zuten hautagaien aldeko boto asmoak behera egiten zuela presidenteak haien aldeko adierazpenen bat egiten zuen aldiro edo haiek estatuburuaren alde sutsu egiten zuten bakoitzean. Gonzalo Berronen iritziz, emaitzek erakusten dute herrialdearen hegoaldean bereziki arbuioa zaiola presidentearen irudiari, eta horrek batez ere lotura estua du, AEBetan duela gutxi egindako hauteskundeetan gertatu bezala, osasun krisiaren kudeaketaren ondorioekin.

Bolsonarok ez du alderdi politikorik 2018. urtean hauteskundeak irabazteko baliatu zuen Alderdi Sozial Liberala utzi zuenetik. Kongresuko bloke anitzen babesa du haren gobernuak, zeintzuek sostengu politikoa ematen dioten gobernuko karguak lortzearen truke edota euren eskualdeetan inbertsio handiagoak eskuratzearen truke.

Atomizatutako eremu bat da, eta Centrao delakoak hartzen du grabitatearen zentroa, hainbat siglak osatutako eremu kontserbadoreak; sigla horiek beti doaz aldatuz, baina batez beste ikur politiko guztietako agintarien legealdiak ahalbidetu dituzte 1985. urtean herrialdean demokrazia ezarri zutenetik.

Eremu horretako hautagaiek lortu zituzten emaitzarik onenak azaroaren 15ean egin ziren udal hauteskundeetako lehen itzulian. Joera horren bi adibide dira Alexandre Kalilek Belo Horizonten lehen itzulian lortu zuen garaipen izugarria eta Eduardo Paesek bigarren itzulian Rio de Janeiron ia ziurra duen garaipena.

Emaitzek erdigunetik ezkerrerako mapa ere zehaztu dute. Langileen Alderdiak (PT) atzeraldi handia izan du, eta hautagai bakarrari eusten dio, Marilia Arraesi, zeina estatu bateko hiriburuan aurkezten den, Recifen. Alderdi Demokratiko Laboristak (PDT) eta Alderdi Sozialistak (PSB), berriz, hautagai bideragarriak dituzte hiri handi askotan. Ezkerrerago dagoen eremuan, bigarren itzulian lehiatuko diren hautagaietatik hauek nabarmentzen dira: Manuela D'Avila komunista (PcdoB), Porto Alegren, eta Gulherme Boulos Sozialismoa eta Askatasuna Alderdikoa (PSOL), Sao Paulon. Biek dute orain PTren eta PDTren babesa. «Lulopetismoa» esan izan zitzaion haren oinordekoak dira, 2018. urtean PT alderdiko kide Fernando Haddaden zerrendan presidenteordetzara aurkeztu zen emakumea lehena, eta Luiz Inacio Da Silva Lula presidente izandakoaren lagun handia bigarrena, nahiz eta PT alderditik banatu zen talde bateko kidea den eta Lularen lau agintalditan oposizioko kide izan zen.

Brasilgo herritarren gaurkobotoek agian ez dute izango berehalako eraginik politika nazionalean, Jair Bolsonaroren kontrolpean jarraituko baitu. Baina gaur hasiko da berrantolatzen 2022ko presidentetzarako hauteskundeetarako egoera politikoa, eta horren jakitun dago egungo estatuburua bera ere. Horregatik, gertutik erreparatuko die gaurko bozen emaitzei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.