2013ko irailean estreinatu zuen ETB1ek Euskal Herria zuzenean saioa, Sara Gandara aurkezle zela. Lehen denboraldiaren ostean, hainbat aldaketa egin zituzten. Xabier Euzkitze jarri zuten aurkezle eta Agustin Ezenarro zuzendari. Bigarren denboraldiko kontratua ekainera arte bazen ere, amaiera aurreratzea erabaki du ETBk. Ostiral honetan amaituko dute denboraldia. ETB1eko programaziora datorren udazkenean itzuliko den ala ez zalantzazkoa da.
Edu Barinaga ETBko zuzendariak adierazi du ikusle datuengatik dela aurretik kentzeko erabakia: «Denbora dezente zeraman saioak datu eskasak ematen. Hori da arrazoi bakarra». Udazkenean programa itzuliko den ala ez ezin da jakin, Barinagaren arabera: «Oraindik ez dugu erabaki udazkeneko programazioa zein izango den. Orain udakoa ixten ari gara».
Agustin Ezenarro Euskal Herria zuzenean saioko zuzendaria, berriz, «itxaropentsu» dago, eta uste du irailean ETB1eko arratsaldetan izango direla. Gauza bera adierazi du Xabier Euzkitze aurkezleak: «Taldean itxaropen osoa daukagu irailetik aurrera jarraitzeko».
Programaren amaiera hilabete bat aurreratzeak ez du esan nahi saioa betiko amaituko denik, Ezenarroren ustez. «Ekainean amaituta ere, ez genuke berehala jakingo udazkenean itzuliko ginatekeen ala ez».
Nahiz eta azkeneko asteetan saioaren ikusle datuek behera egin duten, Ezenarrok nabarmendu du ikasturteko datuak ez direla hain txarrak izan oro har: «Saio guztiek izaten dituzte gorabeherak, eta ez dut uste arrazoia hori denik». Joan den astean egun batzuetan txukun ibili zen arratsaldeko saioa, ETB1en batez besteko ikusle kuotatik gora; maiatzean %1,6ko kuotan dabil.
Euzkitzek nabarmendu du arratsaldeetan ETB1en «basamortu luze» bat egon dela, eta hor «oasi polit bat» sortu duela Euskal Herria Zuzenean-ek. «Horrez gain, iluntzeko Gaur Egun-entzat tranpolina izan gara, ikusle datuei begiratuz gero, hutsetik hasten baikinen».
Ezenarro «pozik» dago denboraldi honetan egindako lanarekin. «Kaleko ahotsa hartzen saiatu gara, eta herritarrek gaurkotasuneko gaien inguruan duten iritzia jaso dugu». ADierazi du, halaber, Euskal Herriko artistekin egindako talent show modukoak ere ondo funtzionatu duela.
Etzi amaituko da ETB1eko 'Euskal Herria Zuzenean'
ETBko zuzendaritzak ikusle datu txikiengatik aurreratu du amaiera hilabete batez.Saioko lantaldeak «itxaropena» du irailean itzultzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu