Kanaldude «telebista oso» bihurtzeko urratsa

Irudi eta gune berria abiatuko ditu Nafarroa Behereko tokiko telebistak datorren astean, eta lurraldearen geroaz hausnartzeko saio bat

Kanaldudeko langileak Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren inguruko saio bat grabatzen. BERRIA.
Edu Lartzanguren.
2014ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Irudia aldatu eta Interneteko gunea moldatuko du Kanaldudek datorren astean, «telebista osoa» bihurtzeko bidean. Interneteko baliabideak hobeto erabiltzeko, hainbat gune zabalduko dituzte: lurraldearen geroaren inguruan gogoeta egiteko emankizun bat osatuko dute, gazteentzako saioak eta Euskal Herriko beste euskarazko telebistek egiten dituzten saioak zabaltzeko bidea.

Urriaren 2an, gaur zortzi, ikusi ahalko du jendeak Kanaldude telebistaren irudi eta gune berritua eta aurrerantzean erabiliko duten logoa. «Ari gara Kanaldude garatzen telebista kate gisa, Iparralderako baina baita Hegoalderako zein diasporarako ere», dio Ximun Karrere (Lekuine, Lapurdi, 1973) Kanaldudeko gerenteak.

1997. urtean hasi zen lanean telebista Alduden, Nafarroa Beherean. Hasieran, uhinen bidez zabaltzen saiatu ziren, baimenik gabe, baina gero, beste telebisten uhinen bidez euren lana zabaltzeko hitzarmenak lortu zituzten. Gaur, itunak dituzte TVPI, Hamaika eta Xaloa telebistekin. «Ateak zabalik» dauzkate, hitzarmenak egiteko.

«Ari gara aztertzen frekuentzia bat lortzea, baina ez dugu antzematen segidan aukerak izango direnik», dio Karrerek, «baina aukera handiak ikusten ditugu Internet bidez gauzak egiteko eta plataforma mugikor guztietan». Izan ere, aplikazio bat sortu dute Kalanaldudeko gunea eta ikus-entzunezkoak sakelakoetan eta tabletetan erosoago ikusteko. GooglePlayn eta Apple Storen dago eskuragai.

Saio bat estreinatuko dute datorren astean: Pantxika Maitia kazetariak zuzenduko du, eta lurraldeko eragileei begira jarriko dira, gizarte eta kultur aldetik zertan ari diren erakusteko eta geroaren inguruko hausnarketa egiteko. Oraindik ez dute erabaki saioaren izena; datorren asterako espero dute ebaztea.

Horrekin batera, gazteentzako saioak egingo dituzte, gazteek beraiek sortuak eta garatuak.

Horrez gain, Baxter & Rojos ekoiztetxearekin partaidetza adostu dute: haiek Hemen saioa egiten dute. eta kanaldude.tv gunean erakutsiko dute.

Irudi berriarekin, Kanaldude telebista ez dela bukatzen adierazi nahi dute. Telebista tresna bat besterik ez dela, eta eurena jendearen eskuetan den hedabidea dela. Horren harira, Maialen Duguine izendatuko dute programazio arduradun, laguntzailetaldeak animatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.