Mikel Hiribarren.
Mixel Berhokoirigoin hil da. IRITZIA

Elkarlanak indarra

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Azken ateraldi bat egin genuen Mixelekin Leitza herrirat aurtengo urtarrilean. Dantxarineatik sartu ginen Nafarroarat, Mugairen hartu genuen Iruñerako bidea. Autoan sartu ginen ordutik solasean genbiltzan. Eta solasen artetik duda sartu zitzaigun; nik, bide onean ginela Iruñetik, eta hark, nonbait oker hartu genuela eta itzuli behar genuela. Arrazoin eman nion maisuari; susmo zuzena zuen, Mugairen Doneztebe hartu behar zen. Leitzarat heldu ginen noizbait.

Han ziren, lehen Guardia Zibilaren kuartel izandako hartan, Etxaldeko lagunak, birus madarikatu honengatik aspaldi ikustekoak genituen Nafarroakoak eta beste hiru lurraldetakoak. Zenbat bilkura egin ote zuen ibilbide guzian Mixelek ? Milaka. Ipar Euskal Herriko herri guziak eta baserri asko ezagutuak zituen. Frantziako Confederation Paysanne sindikatuaren sortzaile eta kudeatzaile izana zen. Eta begi bat bazeukan oraino berriki Bruselan erabakitzen ari den Nekazaritza Politika Bateratuaren eztabaida eta negoziazioetan. Sakonean ikertu eta jarraiki behar zituen hunkitzen zituen gai guziak, laborantzaren etorkizunari lotuak zirenak bereziki.

Buruari emana zuen mundu hau zuzengabetasunez betea zela, eta elkartuz, elkarrekin gogoetatuz, kolektiboki antolatuz, bazela bidea dena zuzenago bideratzeko. Eta entzunen dugu datozen egunetan, isuriko dizkiogularik txaloak eta omenak, erantzungo digu berak egin duenak baliorik ez duela, elkarrekin egiten den horretan bai behar dela fidatu eta lehiatu...

Milaka bilkura egin izan ditu Mixelek Frantzian eta Euskal Herrian, baina ezin helduzko Leitzako hori izan zen menturaz azkena, berriz aipatzen zirela hor besteak beste Caparrosoko behitegi erraldoia eta Frantzia Iparreko mila behitakoaren porrota.

Utzi gintuen Leitzan Gotzone, Miriam, Alazne, Unzalu, Amets eta beste lagunak. Itzuli ginen nekazari xintxoak bezala gure baratze eta alorren lantzerat, Doneztebe, Mugaire eta Dantxarinean barna. Bisita egin diot egun Gamarteko maisuari. Hitz egiten segitzen du, gizonaren bazterrean dagoen aulkian zintzilik Iruñeko panuelo gorria. Emango nioke buruan txapela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.