Arnaldo Otegi. EH Bilduko koordinatzaile nagusia

«EAJk uko egin dio proiektu nazional anbiziotsu bati»

Otegiren hitzetan, «errenuntziek umezurtz utzitako sektoreengana» heldu behar du EH Bilduk; apirilaren 5ean, baina baita bozen logikatik harago ere: «Ez dugu gobernuan egon nahi; guk gobernatu nahi dugu».

JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

Aldartea aldatzen zaio Arnaldo Otegiri (Elgoibar, Gipuzkoa, 1958) Telesforo Monzonen hitzak boz gora oroitzean: «Gelditu gaitez ixtan bat. Eta inguruetara begira. Nondik gatozen behar. dugu gogoan hartu. Nora goazen ere». Nahiago du arnasa luzeko gogoeta, baina, azken hilabeteetan, hauteskunde zikloak agintzen du politikagintzaren agendan.

Zaldibarkoak, gertakari gisa, zer eragin dezake politikoki?

Zaldibarkoa hauteskundeen arabera neurtu nahiko dute batzuek, baina harago doa: jendeak ikusi du dena ez dagoela kontrolpean, gezurra dela ziurtasunari buruzko diskurtsoa; gobernu bat dagoela bere gestioa mahai gainean jarri duena eredugarri gisa, hankaz gora joan zaiona; gobernu bat gezurra esan duena. Mito batzuk erori dira: gestio eredugarriarena, ziurtasunarena. Osasun publikoari dagozkion ardurei uko egin die gobernuak, eta, funtsezkoena, jendeari ez zaio egia esan.

Nola jokatuko zukeen EH Bilduk holako krisi bati aurre egiteko?

Lehenik, egia esanda. Halako egoera bat baduzu eta ez badituzu datu guztiak, jendeari esan egin behar diozu. Bigarrenik, hasiera-hasieratik jendearekin enpatia izan behar duzu. Azkenik, gobernantza berri bat martxan jarrita: eragile guztiekin bildu eskualde horretan. Ez da gobernuaren edo EH Bilduren arazo bat, herriarena baizik; krisi kabinete bat ez da soilik gobernuarena. Egia esan behar da, jendearekin egon behar da, jendeari aukera eman behar zaio gertatzen ari diren gauzetan kontrola izateko. Gobernantza eredu berri bat behar dugu, egungoa guztiz zaharkituta dagoelako.

Zer iruditu zitzaizkizun Urkulluren azalpenak legebiltzarrean?

Marketin operazio bat egin zuen. Norbaitek esan zion [hauteskundeetara deitzeko prentsaurrekoan] izan zuen jarrera izugarria zela eta beste bat eduki behar zuela. Zein da benetako Urkullu? Apaltasun kristauaren ariketa egin zuena edo haserre erantzun zuena? Sakoneko arrazoiak daude pentsatzeko hemen gauzak modu desegokian kudeatzen direla eta gobernantza eredu hori zaharkituta dagoela, ezin dela mantendu; zabortegiak ezin dira esku pribatuetan egon, kontrol publikorik gabe.

Oposizio gisa, nola jokatzen ari da EH Bildu?

Norbaitek pentsatzen badu ezker subiranista Zaldibarren gertatutakoaren inguruko hausnarketa egiten ari dela hauteskunde batzuk daudelako, ez gaitu ezagutzen. Agian, kontua ez da EH Bildu hori egiten ari dela hauteskundeak daudelako; agian, batzuek ez dute egia guztia esaten hauteskundeak daudelako. Ezin dute onartu ez dutela kontrolatzen egoera, eskuetatik ihes egin diela, emandako irudia penagarria izan zela. Lehendakari honek kontrolatzen ez duen oro mespretxatzen du, harrokeriaz.

EAEko aurrekontuak negoziatu zenituzten, eta Maria Txibiteren nahiz Pedro Sanchezen inbestidurak ahalbidetu dituzue. Interpretazio bat egin duzue jokatu beharreko rolaz?

Espainiako Estatua egiturazko krisi batean dago. Guk ate bat ireki dugu Madrilen: alor sozialean, murrizketak gainditzeko; alor nazionalean, onartzeko hemen ere mahai bat behar dela presoez, autodeterminazioaz eta naziotasunaz hitz egiteko; eta, hirugarrenez, bestelako espetxe politika baten arloan. Bitartean, EAJrekin akordio bat genuen [EAEko estatus politikoaz], baina errenuntzia batzuk jarri dira; EAJk uko egin dio proiektu nazional anbiziotsu bati. Ahal Dugu-k, aurrekontuekin, uko egin zion ezkerreko alternatiba bati. Bakarrik geratu gara errenuntziarik gabe ordezkatzeko burujabetza eta politika aurrerakoiak nahi dituzten sektoreak.

Haatik, aliantzak zabaldu dira.

Zer gertatzen da EAJk uko egitean? Guk ere aukera ireki diogu beste batzuekin akordioak egiteari. EAJk esklusibotasuna eskatzen du akordioetan, baina gero polimaitasunean bizi da. Guk ere polimaitasuna aurkitu dugu. Datorren legebiltzarrean, PSE, Elkarrekin Podemos eta gu gehiengoa izango gara; aukera bat da. EAJ eta gu ere oso gehiengoa izango gara; bada beste aukera bat da. Hirugarrena, bizikleta estatikoarena: EAJk eta PSEk salbazio laboraleko gobernu bat osatzea eta ez egotea ez subiranismorik, ez ezkerreko politikarik. Hori saihestu nahi dugu.

Jokaleku horrek hazteko eremu bat uzten dio EH Bilduri, baina, hazi arren, EAJ ere gora doa.

Herri hau EAJ baino ekologistagoa, feministagoa, sozialistagoa eta subiranistagoa da. Herri honek beste balio batzuen inguruan osatu nahi ditu gobernu eta estatu bat. Oraingoz, ez du islarik izan hauteskundeetan, nahiz eta ezker subiranista hazten doan. Helduko da momentua. Guk ez dugu gobernuan egon nahi; guk gobernatu nahi dugu. Politika ezkertiarrak eta subiranistak egiteko, EH Bildu oso indartsua ez bada, ez da egongo ez bata ez bestea; inertzian jarraitzeko gobernu bat egongo da. Ez dugu presarik, gauzak ondo egin behar dira eta komunitate nazional kohesionatu bat behar da, baina horretara goaz. Errenuntzia horiek umezurtz uzten ari dira sektore asko, eta horiengana heldu behar gara; EH Bildun alternatiba bat ikusi behar dute.

PSErekin bada paradoxa bat: eurekin batzartu zinen jendaurrean (2006), baina, 2019an, ukatu egiten dute zuekin negoziatu izana. Zergatik?

Mundu guztiak daki gu alderdi sozialistarekin hitz egiten ari garela azken 40 urteetan. Egin genuen bilera ofizial bat Espainiako Kongresuan; Nafarroan esaten zuten gurekin ezin zela ezer adostu, eta aurrekontuak hitzartu ditugu, bilera publikoak egongo dira estatuan aurrekontuen arloan... Hori normaltze bidean doa; gu bigarren indarra gara, eta gurekin kontatu behar da. [Ukazioa] Mantendu nahi dute batzuek, aldatzeak aliantza politikak aldatzea ekar dezakeelako. Baina hori eroriko da, denborarekin.

Bilerak publikoak ez ziren heinean, bazen irudipen bat: EH Bilduren babesa doan dela. Horrek zenbateraino ahultzen du zuen posizioa negoziazio batean?

EAJk ildo bat irekia du horren inguruan: gratis et amore; ezker abertzaleak doan ematen dituela bere babesak. Badakite ez dela horrela, baina hori esan behar dute. Baina non legoke herri hau milaka lagunek hainbat gauza doan egin izan ez balituzte. Ni harro nago Euskal Herrian badagoelako sentimendu komunitario bat kapaz dena gauza pila bat egiteko, gratis et amore.

Beraz, gratis et amore?

Guk baldintza batzuk ditugu, eta baldintza horietan jokatu behar dugu, ardura guztiarekin. 40 urtez, Espainiako gobernuak CiUren eta EAJren mende egon dira. Emaitzak badakizkigu: estatutua ere ez da bete. Orain, koalizio gobernu bat dago, ezker independentismoaren mende. Agian, ez da ezer gertatuko; ikusiko dugu. Baina jendeak ikusiko du zer gertatzen den Espainiako Gobernua batzuen edo besteen mende dagoenean. Zergatik etorriko da espetxe eskumena, etortzen bada, 40 urtez ez bada etorri? Hori da jendeak egingo duen galdera, eta guk jarraituko dugu esaten: bai, gratis et amore.

EH Bildurentzat, bazkide fidagarriak dira PSOE eta Podemos?

Espainia ezin da demokratizatu guk nahi dugun terminoetan: ez dago indar harremanik edo bokaziorik. Ezin da soilik fronte popularraren itxura egin: fronte popular baten agenda demokratizatzailea eduki behar da. Agenda hori Llotja de Marrekoa da: frankismotik oinordetzan jasotako erregimen juridiko eta politikoarekiko haustura. Horrek esan nahi du nazio aniztasuna eta erabakitzeko eskubidea, lan legeria, mozal legea eta abar atzera botatzea, eta euskal presoak kalean egotea. Eszeptikoak gara, baina partida jokatuko dugu.

Hego Euskal Herrian, udal mailan egon dira ezkerreko akordio batzuk; azkena, Irunen (Gipuzkoa). Bide baten hasiera da?

Egoera bat normaltzen da horrela. Gu estatu bat bagina, zer gobernu legoke EAEn? Zentro-ezkerretik ezker sozialistara doan bat; Maddalen Iriarte litzateke lehendakaria.

Estatus politikoaren oinarrietan ados jarri zineten EAJrekin. «Historikotzat» zenuten. Espero al zenuten edukiak aldatzea?

Zalantza genuen. Mundu guztiak zuen, denok kontziente garelako behin betiko ondorio batzuk atera behar zirela egungo EAJ zuzentzen duen elite politikoarekin. EAJ ez da Madrilera joango konfrontatzera; ez da bere estrategia. Baina guk ez genien soilik konfrontazio eskaintza bat egin. Testua bien artean idaztea proposatu genien: testu subiranista bat, oso aurreratua eskubideen atalean, eskumen soziolaboral guztiekin; Madrildik ezetz esango baligute, gestio plan bat proposatu genuen. Gainera, egonkortasun instituzionala eskaini genien. Hori guztia jarri genuen mahai gainean, eta ezetz esan zuten. Kontraproposamen bat egin ziguten, baina hori azaltzea eurei dagokie.

Proposamen hori zen, hain zuzen, hainbat gai estatutuaren erreformatik ateratzea eta erreforma konstituzional bidez tramitatzea. EH Bilduk ez zuen onartu.

Mundu guztiak daki zein diren Espainiako Konstituzioa aldatzeko mekanismoak, eta, beraz, guk ulertu genuen estatutu erreforma bat aurrera atera nahi zela, eta gainerakoa, ad calendas graecas. Hori sekulako akats historikoa iruditzen zaigu. EAJko burkideei entzun diet esanez ez dela garaia autodeterminazio eskubidea Madrilera eramateko. Ez bada garaia orain, zein gobernurekin izango da? Arazoa da ez dutela eraman nahi, ez dago euren proiektuan. Herri honek merezi du marmotaren ziklotik ateratzea.

EAJren 2004ko proiektuaren eduki ugari bere egin ditu EH Bilduk, baina, halere, hautsi da ituna. Ezker subiranistan bertan kritikak egon dira, ea bide hori egitea beharrezkoa ote zen.

Ez gara gai izan eztabaida hau eztabaida herritar bat bilakatzeko. Akatsa egin dugu hor. Esaten da mugimendu emantzipatzaile berriak daudela, baina ez dugu hori konektatu burujabetza estatus berri batekin. Euskal Herriko feministek zer markotan uste dute posible dela haien zapalkuntzari aurre egiten hastea? Guk diogu hori Euskal Herri burujabe batean dela. Egin dugu estatus politiko burujabe bat hori guztia jasotzen duena, baina ez gara kapaz izan hori herri proiektu bilakatzeko. Halere, bide hori egin behar zen; herri txiki bat gara, eta aukera guztiak baliatu behar ditugu. Batzuek esaten digute: «Esaten nizuen EAJk hau egingo zuela». Norbaitek uste du sorpresaz hartu gaituela? Ez, baina saiatu behar ginen. Eta saiatuko gara.

Autogobernu Lantaldera proposamen bat aurkeztean, kritika zen estatu independente bati uko egin izana.

Sekula ez dugu jarri, ordea; ez KAS alternatiban, ez Lizarra-Garazin, ez autonomia estatutu nazionalean, pentsatzen genuelako independentziarako bideak tarteko helmugak izango zituela. Zein da independentzia egoera batetik gertuen dagoen estatusa? Konfederazioa. Oraintxe, EH Bilduk egin duena proposamen aurreratuena da; KAS alternatiba baino askoz harago doa.

«Errenuntzia» hori ikusirik, zer dagokio orain EH Bilduri: hurrengo proposamena lantzen hastea? Zein da B plana?

Eztabaida parlamentario bat izan dugu, eta orain hori sozializatzea dagokigu. Arazoa da hauteskunde eztabaida batean sartu gaituztela. Baina guk eztabaida herritar bat zabaldu nahi dugu gure proposamenaren inguruan, eta bloke historiko bat osatu, ezkerrekoa eta subiranista.

Asko hitz egiten da Bilbo Handiaren garrantziaz, baina gutxiago hor egin behar denaz.

Herri txiki bat gara, eta Bilbo da metropolia. Ez dago proiektu independentistarik gu %10 garen bitartean. Aztertu behar da zeintzuk diren gure mezuak, lan moldeak eta jendearen beharrak. Hausnarketa horretan onartu behar da zein den errealitatea eta nola eman buelta horri. Proiektu integral bat eskaini behar diogu jendeari, eta egia da independentismoak burujabetzaren aldeko apustua lotu behar duela beste eredu sozial eta gobernantza batekin. Baina ez dezagun ahaztu herri honek bere identitate nazionala arriskuan duela. Hori ahazten bazaigu, gaizki ibiliko gara. Nahi dugu burujabetza beste politika publiko batzuk egin nahi ditugulako, baina baita abertzaleak garelako ere. Hemen arriskuan dagoen identitate nazionala euskaldunona da.

Arantza duzu lehendakarigai ez aurkezteagatik?

Ez. Gezurra esango nizuke esango banu ez litzaidakeela gustatuko Urkullurekin eztabaida publiko bat egitea [barreak]. Baina dena ezin da, eta oso ongi aukeratu dugu Maddalen lan horretarako. Nirea beste bat izango da.

Apirilaren 5etik, hauteskunderik ez da espero Hego Euskal Herrian 2023ra arte. 2021ean, EH Bilduren kongresua. Zer panorama zabalduko zaizue?

Oso ondo etorriko zaigu patxada hori. Herri honek bigarren transformazio potente bat behar du; 1970ekoa izan zen aurrekoa, baina agortze zantzuak ditu: euskararen normalizazioa, hezkuntza... kolapsatuta daude. Gainean erronkak ere izugarriak dira: trantsizio energetikoa, industriala... Prestatu behar dugu tresna bat horri guztiari erantzungo diona. Datorren kongresuan horri erantzun behar diogu: gertaera bilakatu behar dugu, ez soilik politikoa. Pentsa dezagun herri honen erronketan. Hauteskunde hauetan hamarkada baten inguruko plangintza bat irekitzen da.

Koordinatzailea, jarraitzeko indarrez?

Printzipioz bai, baina ni esaten ari naiz: ez nago bizi osorako hemen. Ni ez naute botako; uste dut edukiko dudala argi nahikoa esateko: honaino. Baina trantsizio potolo bat egin behar dugu, eta kostatzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.