Aulki bana hartu eta borobil erdia sortuz eseri dira hamalau emakume. Bizkarra tente, hankak gurutzatu gabe eta aurrera begira. Parez pare dute Saioa Baena fisioterapeuta, bizkarrezurra eta pelbisa irudikatzen dituen egitura bat eskuetan. «Hemen ikasten dituzuen ariketa guztiak barneratu eta egunerokoan praktikan jartzea da helburua» esanez eman dio hasiera pelbis zorua indartzen ikasteko sesioari. Astelehen goiza da, ikastaroaren bigarren eguna dute gaur, eta lehen eskolan ikasitakoa martxan jartzen hasiak dira. Jesartzeko modua barneratu dute, pelbis zorua estutzen ez duen posturan jarri dira.
Arrasateko emakumeen txokoa (Gipuzkoa) dute elkargune, eta jabetze eskolari dagozkion ikastaroen artean antolatu dute pelbis zorua ardatz duena. Guztira hamabost saioz osatutako ikastaro bat da. Teoria eta praktika uztartzen ahalegintzen da Baena, emakumeek beren gorputzaren kontzientzia har dezaten. Pelbis zorua organo «tabua» da, gordeta dagoena, ezkutukoa. «Pelbisa osatzen duten gihar, nerbio eta hezur sistemari esaten zaio perineoa». Eskuetan duen hezurdura seinalatu du. Pelbisaren barrunbeak erakusten dituen marrazkiak banatu dizkie ikastaroko parte hartzaileei. «Perineoaren barruan dagoen gihar sarea da pelbis zorua. Bi gihar multzo ditu: azalekoa eta sakona».
Pelbis zoruak funtsezko bi egiteko ditu: esfinterrak ixteaz arduratzen dira azaleko giharrak. Maskuriari, umetokiari eta ondesteari eusten diete, aldiz, gihar sakonek. Irakasleak azaltzen segitu du: «Adibidez, doministiku egiten dugunean, automatikoki aktibatzen dira azaleko giharrak, zulo guztiak itxiz; barrurago dauden giharrek prolapsoak, hau da, organoen erorketak saihesten dituzte». Behintzat pelbis zorua osasuntsu dagoenean.
Hitzez azaldu, irudiz lagundu, eta nork bere gorputza miatu. Ikastaroak hiru urrats horiekin egin du aurrera. Giharrek indarra galtzen dutenean datoz arazoak. «Etengabe ari gara pelbis zorua estutzen, izugarrizko presioa egiten dugu: garrasi egitean, eztula egitean, makurtzean, zutik jartzean... Eremu hori babesten ikastea da gakoa». Ezjakintasunari aurre egiteko tresnak ematen ahalegindu da Baena.
Izan ere, emakume gehienek onartu egin dituzte sintomak. Hala uste du Joana Telletxea fisioterapeutak: «Gernu jarioa edo organo bat erortzea normalizatuta daude; emakumeek gorde egiten dute, ezkutatu». Zentro bat du Errenterian (Gipuzkoa), eta pelbis zoru ahula duten andreak artatzen ditu. Soluzioak aurkitzeko oztopo da isiltasuna: gernu, gorotz eta haize galera, idorreria, sexu harremanetan mina sentitzea; eta, kasurik okerrenean, organoren bat erortzea; horiek dira ohiko sintomak.
Gutxi-asko, gaitz horietako bat gutxienez pairatu dute ikastaroan bildu direnek. «Prebenitzeko bidea nola funtzionatzen duen ulertzea eta arriskua noiz dagoen jabetzea da; egun, gorputzetik deskonektatuta bizi gara», erantsi du Telletxeak.
Ukituz ezagutu
Hutsune horren jabe izanda, Baenaren saioetan ezinbestekoa izan da teoria eta praktika bateratzea. Pelbis zorua zer den eta nola funtzionatzen duen ulertuta, Baenak zenbait jarduera proposatu ditu. Aulkitik altxatu, eta lastaira bana hartu dute andreek. Ahoz gora etzan dira. Ukitzea da nahitaezko baldintza. «Saia zaitezte pelbisaren hezurra, sakro hezurra, ipurmasaileko hezurrak eta kokzixa aurkitzen, ukitzen eta mugitzen». Barneratzea da helburua, pentsatu gabe ekitea.
Agerian geratu da berehala parte hartzaileen ohitura falta. Dena da ezbai. «Nik asko kontzentratu behar dut», «ez dakit igartzen dudan ala ez», «zerbait nabaritu dudala uste dut, baina ez dakit zer den». Emakumeek zailtasunak dituzte eskatutakoa egiteko gai diren ala ez antzemateko. Irakasleak giroa baretu du: «Ez larritu; oso kontzientzia gutxi dugu pelbis zoruaren inguruan, ez diogu inoiz jaramonik egiten».
Zutitu eta aulkietara bueltatzeko esan die Baenak. Egoki altxatzea ere erronka bihurtu da. Gehienak, inertziaz, sabelaldea indartuz altxatu dira. Pelbis zoruaren zaintzari begira, aukera okerra. «Abdominal bat egiten jaikitzen ari zarete, eta horrek izugarrizko presioa eragiten dio pelbis zoruari. Ez mintzeko, jarri alboz eta eskuekin indarra eginez altxa zaitezte, sabelaldea estutu gabe». Atzera etzan dira denak, zutitzeko manera egokia barneratzeko asmoz.
Berriz ere aulkietan eserita, bigarren jarduerarekin antzera gertatu da. Kegelen ariketa bat esplikatu du Baenak: «Bagina ixtea da helburua; eskuarekin pubisa heldu, baginaren hezurra bilatu eta sartu pixka bat atzamarrak. Saia zaitezte bagina ixten. Imajina ezazue txiza egiten ari zaretela; txiza etetea da helburua». Begiak itxi eta esandakoa bete dute denek. «Itxi bagina, eutsi pare bat segundoz eta askatu; orain, berriro, baina gorputza aurrerantz makurtuta; orain gorputza aterantz botata». Batzuek, posturaren arabera, zerbait nabaritu dute. Dena den, nahasmena da nagusi.
«Arnasketa, desorekak eta posturak kontuan hartzen dituzten metodoek pelbis zorua indartzen dute», zehaztu du Telletxeak. Bere zentroan hiru ardatz horiek dituzten ariketak aholkatzen dituzte: gimnasia hipopresiboa eta Kegelen ariketak, besteak beste. «Pelbis zoruko giharrak bi zuntz motaz osatuta daude: posturazkoak eta indarraren zuntzak. Lehen multzokoak dira nagusi pelbis zoruan, eta horiek aktibatzeko ariketetan oinarritzen da gimnasia hipopresiboa». Eskuterapia eta elektroterapia dira, batez ere, zentro espezializatuetan gailu bereziak erabilita konbinatzen diren beste teknikak. Baenak eta Telletxeak horrelakoekin osatzen dituzte eguneroko ariketak, kasuan-kasuan. «Oso garrantzitsua da emakume bakoitzaren beharrizanei egokitzea tratamendua; horretarako, ebaluazio pertsonalizatuak egiten ditut. Haztatze baginalaren bidez, pelbis zoruaren elastikotasuna, indarra, erresistentzia eta akidura neurtzen ditut», zehaztu du Baenak. Ikastaroan parte hartzen duten emakumeek aukera dute ebaluazio pertsonalizatua egiteko.
Ikastaroan, praktikaren bidea sakondu dute. Irakasleak Kegelen ariketa errepikatzeko eskatu die hamalau andreei; oraingoan, baina, pelbis zoruari presioa eginez. «Egin doministiku, garrasi, eztula». Gehienek aldea nabaritu dute; presioak egiten duten indarraz kontzientzia hartzen lagundu die.
Ama izatearen ondorio
Adinari erreparatuz, talde heterogeneoa osatu dute. Gazteenak 29 urte ditu, eta zaharrenak, berriz, 70en bueltan. Oihane Zeziaga da gazteena. Erditu eta hiru hilabetera murgildu da ikastaroan. Bi haurdunaldi izan ditu: lehenengoan, erditze baginalak oso luze jo zuen; bigarrenean, urgentziazko zesarea egin zioten. Bere gorputzaren zaintza lehen lerroan jartzea erabaki du. «Badakigu pelbis zoruak sufritzen duela erditzean; asmoa da pixkanaka normaltasuna berreskuratzea. Gainera, askotan hitz egiten da erditze uneaz, eta oso gutxi, erditu osteko aldiaz».
Patricia Moralesen kasua antzekoa da. 38 urte ditu, eta ama da. «Eztula egitean edo korrika egitean nabaritu dut txizak ihes egiten didala, eta, orain zerbait egiten ez badut, okerrera egingo du adinarekin». Arrasateko emakumeen txokoak emandako ikastaroaren berri izatean, aukera ona iruditu zitzaion: «Ez dago kontzientziarik pelbis zoruaren inguruan; alaba bat dut, eta gustatuko litzaidake ikasten ari naizena berari helaraztea etorkizunean».
Telletxeak ohartarazi du ohiko egoera dela haurdunaldi eta erditze baten ondoren pelbis zorua ahultzea. «Korrika egitean, pisua hartzean eta, oro har, esfortzuak egitean ere ahultzen dute pelbis zorua; eztula egitea, oihukatzea edo barre egitea esfortzuak dira». Bestalde, menopausia garaian gertatzen diren aldaketa hormonalek ere izan dezakete eragina. Gomendagarriena espezialistei galdetzea dela uste du Telletxeak. «Garrantzitsuena edozein sintomaren aurrean, arina izanagatik ere, fisioterapeuta espezializatu batengana jotzea da, edo, gutxienez, emaginari edo ginekologoari kontsultatzea». Beti da hobea aurreikustea gero erantzutea baino. «Ginekologoen, urologoen eta fisioterapeuten elkarlana behar da prebentzioari begira, eta ez soilik tratamenduetan», dio Baenak.
Gorputzarekin konektatu, adiskidetu, ezkutuko gorputza azaleratu. Baenak azken ariketa bat proposatu die ikastaroko andreei, etxean egin beharrekoa. «Hartu ispilu bat etxean eta begira ezazue zuen bagina; kanpoaldeko ezpainak pixka bat irekiz, aztertu barnealdea. Gaur ikasitako organoak aurkitzen saiatu, eta ahalegindu zaitezte nola mugitzen diren ikusten. Begiratzea ezinbestekoa da ulertzeko».