Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Euskalduna

2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Hura zen gizona, hura! Zazpi oin eta erdi bai luze, makal zuhaitzaren irudira zuzen, pagorik lodiena baizen zabal, arte gogorra bezala trinko, gorosti hezearen antzera zimel. Sendoak zeuden oraindik haren beso zaintsuak, txit azkarrak bere oinak, zindoak bere bular-hauspoak.

Horrelakoxea da prentsak aurkeztu digun izenik gabeko Joanes. Metro bitik gorako gizona, ez zaigu esaten zergatik, ez dakigu nola, eman diote altoa behintzat Coruñako kaleren batean, poliziek susmoa hartuta, antza, seko arraildurik datorrela autoan, kakota mandoa dakarrela, ez duela txikia atxurra, lanbasa, sastarra, ziminoa, atuna, axeri-larrua, melokotoia.

Jaitsarazi dute, bada, tarrantatik; hasi zaizkio alkoholemia kontrola egin behar diotela, asaldatu da morroia, piztu da piztia, harrotu da lehoia, eta hor egin dio eraso kontroleko txinel pareari aurrena, komisaldegian gatibu izan duten biei gero eta epaitegietako kalabozo zaintzaileari ondoren. Bost polizia nahikoa ez, etatriskatu du patruila-autoa, zotz bihurtu armairua eta ostikoz jota bost metrora jaurti ordenagailua.

Epailearenera eraman dutenean itzali da Sanson. Justizia itsua begira duela otzandu da, orduan erakutsi du ordura arte izan ez duen jendetasuna. Jarri da pronto idazkaria, hasi zaio galdezka jujea eta... euskaraz deklaratu nahi duela. Axularren hizkuntzan, non eta Coruñan.

Prentsari, emateko moduko albistea begitandu zaio, hain da irrigarria eta txirenea gertaera: «Senegaldar batek bost poliziari eraso egin eta euskaraz egitea exijitu du gero». Eta euskaldunak, berriak hasieran eragin dion poz txikia lausotuta, bere buruari ekin dio errietan. Hainbeste mende eta ez du ikasi. Zer ari da bera ere, kazetariak egin duen bezalaxe, exotismora kondenatzen nornahirentzat gura duen hizkuntza; zer dabil bera ere pertsona mendean hartu eta estanpa kolonial bihurtzen hiztuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.