Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Jatorriak

2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Asteon zarratu da azkenik, que veinte años no es nada bider bi, Argentinako azken diktadurako errepresio-arduradunen kontrako epaiketarik luzeena. Atxilotuak torturatu, sedatu eta, loeroan zirela, hegazkinetatik behera La Plata ibaira bota izana leporatu zaie kondenatuei. Hauen artean, garai baten ikur bihurtu direnak, Alfredo Astiz fragata-kapitaina eta.

Ez dugu aukera handirik izan inon irakurtzeko euskal jatorrikoa dugula Astiz, eta hala zirela, Argentinatik eta Prozesu garaitik (1976-1983) urrundu gabe, Batzorde Militarreren lan zikinetan nor izan ziren Albano Harguindeguy jenerala (barne ministroa sei urtez: atxiloketen txostenak zituen egunero mahai gainean), Juan Bautista Sasiain jenerala, Antonio Arrechea eta Leandro Aguirre teniente koronelak,Ricardo Jaureguiberry eta Jorge Alcides Larrateguy koronelak, Hugo Augusto Vidarte maiorra, Juan Agustin Oyarzabal ofiziala…

Argentinako jendartea nola osatua dagoen ikusita, eta biktimak izan baziren (Alberto Barandiaran kazetariak jaso zituen batzuk Ez zaigu ahaztu liburuan) nola ez da egongo euskal “jatorri garbiko— errepresorerik. Arrazoi sozio-ekonomikoak agerikoak dira. Hasierako oldeetan iritsiak, logikoa dirudi egituretan ondo kokaturik izatea bertako biztanleak sarraskitu ostean sortu zuten estatu moderno berrian, izan gobernuan, aginte militarrean zein lobby ekonomikoan.

Bistan da, leinuen eta oinordekoen jolas honetan norberarenak dira ardurak eta alferrikakoak zuhaitz genealogikoak. Baina hau horrela bada, badugu garaia gure diasporari buruz ematen dugun irudia aldatzeko. Idahoko euskal jaien kronika egiten dugunean erakusteko, Irakeko erasoen babes, ikurrinen ondoko Support our troops afixak; Garbiñe Muguruza venezuelar tenislari irabazlearen aita azkoitiarra dela erakusten bada maila berean etxekotzeko Astiz eta bere lagunak.

Zor diogu hainbeste geure buruari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.