Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Handia

2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Katalanez gain, zortzi hizkuntzatan eman zuen urriaren 2ko azala, digitalean, Ara egunkariak. Auzoko handietan ez ezik, txikietan ere argitaratu zuen, tartean euskaraz: «Lotsa eta duintasuna». Bistan da, dena ez da eman ta zabal zazu; hartzailearekiko jarrerera itxuraz sinboliko horrekin gorririk erakusten du bere burua igorleak. Esan gabe doa: badakitelako zer den egunero hizkuntza gutxitu batean aritzea(eta makala aldea 10 milioi hiztun izanda!) erakutsi dute sentsibilitate hori.

Ostegunean, hedabide publikoetako langileak izan dira, TV3, Catalunya Radio eta Agencia Catalana de Noticiasekoak, Espainiako gobernuaren esku-hartzearen kontrako manifestua zazpi hizkuntzatan eman dutenak. Euskaraz ere bai, duda ala?

Egun bereetan, Handia filmaren publizitatea Euskadi Irratian. Ahotsak sei kazetatako kritikariek esandakoak ematen ditu, bakarra jatorriz euskarazkoa, egunkari honetakoa hain zuzen. Azken tokian, bakar-bakarrean, baina hortxe. Espainolezkoan ere, Radio Euskadin, alegia, sei dira promoziorako erabiltzen dituzten aipuak. El Correo-n agertutako kritika txatalak ordezkatu du euskarazkoa. Bestenaz, berak dira.

Egoitzen, entzule profilen eta probintzialismoen borrokan sartzeke, deigarria da, eta ezin argiagoa, berriz ere, ikustea zer garen erdaraz gain euskaraz ere bizi garenok etxekonentzat. Zakurraren putza don da gure aldean.

Kontua da baten batek erabaki duela beharbada euskarazko iritziak ez duela gaztelerazko beste seien maila. Edo agian jakinki itzulpenekin zer lardaskeria gertatzen diren, ordezkatzea ebatzi duela ezin delako gutxieneko bermez eman espainieraz Angel Aldarondoren esaldia: «Poesia bisuala».

Katalanezko hedabideek bezalaxe, gorririk erakusten du jokabide honek ere igorlearen neurria. Txikia egunero bizi da handiekin. Handi honek, bere motzean, ez du filma ere ikusi: ez du ez txikirik ez beste handirik behar bizitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.