Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Aberria

2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Itzuli da egunokin, poetak zioen bezala, munduaren erdia ebanjelizatu zuen aberria, heretikoen mailua, Trentoko argia, Erromaren ezpata, San Inazioren sehaska... horra gure handitasuna eta gure batasuna, eta asaldatu egin ditu auzo-herriak arian-arian aski loditutako folkloreak. Izan ere, horra gangarra urratu beharrean estatu akonfesional bateko ministroak prozesioa paretik igarotzean, kantuz zer eta Millan Astray golpistak Arrifeko gerran jasotako kopla, Herioren senargaia naiz, egunotan hiru urteko haur batek, militar jantziz, milaka telefonotan milaka bider kantatu duen berbera. Asaldatu ditu masta erdira jaitsi direlako banderak kaserna guztietan, zer eta minez delako ofizialki sinesmenik ez duen estatu modernoa, terroristen mailua, batasunaren ama, Europaren bihotza, kirolari txapeldunen habia... Jerusalemen orain bi mila urte ustez gurutzean iltzatu zuten haren nekaldiaren amorez.

Erromileta honekin, otoitzean ari dela herritarrak egurtu, borondateak zapuztu, hautatuak atxilotu eta lapurrak libre uzten dituen aberriak ez du samurra zaharmin kerua uxatzen Europako lagunen aurrean. Garrantzak garrantz eta kiratsak kirats, ez dut zalantza izpirik baina, asmatuko duela, jainkoa lagun, banasta berdintzen. Hiru eguneko antzezpena baino ez da izan, herri bakoitzak bere-bereak dituen sinesmenen agerpena, exajeratua beharbada, baina mugatua nolanahi.

Pazko igandea gaur. Dilin-dalanka kanpaiak, artega hegaka usoak eta halako alaitasun berezi bat kaleetan. Aberri Eguna etxean, gurutziltzatuaren piztuerarekin batera gurea ere etorriko den esperantzan. Uste horretan ezarri zuen Aranak gaurko ospakizuna. Zelakoak gertatzen diren hitzekin. Inguruak zamatzen ditu, gaizki daramate sarritan historiaren lorra. Zer esanik ez auzoak laguntzen ez badu.

Dagoeneko gure hiztegi politikotik erauzitako hitz baten eguna dugu gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.