Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Tripazainok

2017ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Beharrezkoa izan zen talka, harrizko gau luzearen eta kontzientzia galegistaren artekoa, ezinezkoa obratzeko: futbol talde bat kultura elkarte bihurtzea. Hala sortu zen Miño ibaiaren hegian, Salvaterran, Sociedade Cultural e Desportiva do Condado. Bazkideen artean fabriketako obreroak, etxeko langileak, trenbidekoak, erizainak, kontulariak... ez irakaslerik eta ez idazlerik. Agian horrexegatik antolatu zuten Condadoko Poesia Jaialdia, hasi zenetik 36 urtera ere, egun Galizian ospatzen direnen artean gora handikoena.

Urteetako ibilian, eguneroko kezka-minetan osaturiko sarea. Poetak eta musikariak gonbidatu dituzte; galegoak ez ezik baita portugesak, katalanak eta euskaldunak ere. Musikan, beste horrenbeste, lusofoniakoak ahantzi gabe. Denborarekin, antzerki saioak ere sendotu dira, dokumentalak, umeentzako jolasak... Eta ez da Poesia Jaialdia soilik. Sinesten lanak dituen egitaraua urtean zehar borondate hutsez ari den jendeak antolatua.

Condado beste zerbaitegatik ere bada ezagun, ordea. Mahats tokia da, milaka lagun elkartzen da urtero Ardoaren Festa egunean. Eta harako hartan bezala, talka gertatu da ostera, ideologikoa oraingoan ere. Udalak ardoaren museoa ezarri nahi du kultura ekitaldietarako erabiltzen den Dona Urracaren gazteluko sotoan, toki zoragarria zoragarririk bada.

Jan-edanaren bueltan antolatutako ekitaldiek kulturari espazioa ebastearena (fisikoa bezainbeste diskurtso mailakoa), ez zaigu arrotz. Nahikoa dugu telebista piztea ikusteko nola gizentzen den bata eta nola kondenatzen ahidurara bestea. Ez da harritzekoa, beraz. Ez dugu azkenaldian tripazaintza bihurtu, hain zuzen, gure ongizatearen ikur (barka, izar)?

Elkarren lehian aurkeztuta, irainka dator diskurtsoa: kultura elite intelektual baten apeta dela ari zaizkigu esaten lotsagabeki, herri xeheak zurrut eta purrut ibiltzea duela maite. Eta ito hurran gaituzte. Ardo onetan, hori bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.