Badira hitz batzuk, denboraren poderioz, lizundu egin zaizkigunak, edonon esan ezin direnak, hain da antigoalekoa erakusten duten mundua. Erabiltzen baditugu, gauzak primitiboak eta sinpleak, eskaera sozialak hil edo bizikoak ziren garai batera garamatzate. Eta nork nahi du gaur egunean gainditutakoari begira bizi, gibelera itzuli.
Ez ditugu asko izango etxean XX. mendeko lehen herenari Alfonso Rodriguez Castelaok bezain zorrotz begiratu dionik.1920-1936 artean Galiziako prentsan argitaratu zituen irudien artean, askok dute justizia gai. Pare batean, gauzak zuzen egingo badira, zerutik konpondu beharko direla iradokitzen da. Batean, «Ez didate justiziarik egiten», diotso agure batek harrizko jainko gurutziltzatuari. Beste batean, ama bat da, otoitzean, umeei eskatzen diena: «Aitaguretxo bat Jainkoak justiziatik libra gaitzan». Samurtasun dramatikoa, honetan; heldu bat eta ume bat kalean lo: «Ondo egiten dute, horrela eurentzat justizia dagoela amesten dute». Sarkastikoago, beste hau; bi lagun berriketan: «Eta orain, norengana jo behar dugu justiziatik libra gaitzaten?». Brutalago, hiru nekazari feria egunean: «Saldu zenuen behia? Bai, saldu nuen, baina oraindik ez zait heltzen justiziatik libratzeko». Gaiztoagoa, gizon bat, eskua kokotsean lege-liburu piloaren aurrean: «Hauek guztiak dira injustiziak darabiltzan armak».
Governaren kontrako eraso judizialaren begian, Auzitegi Goreneko funtzionarioek juerga bizian «Puigdemont presidenta, zuloan errementa» kantatzen dutela, Audientzia Nazionaleko langileak soinu probetan «Gorago? Denok kartzelara!» dioela, poliziak bortxaketaren apologian grabatzen dituztela eta egunean-egunean esperpentoa nazionalismo kutreenaren ikur, denboraren ardatzean gibelera noala egin dut amets Castelaoren marrazkiei begira.
Eta primitiboagoa naiz, eta sinpleagoa, eta tolesdurarik gabeko hitzek munduaren pisua dute.
LARREPETIT
Justizia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu