Ez diot inori eztabaidatuko istripu biologikoa dela ume bat zakilarekin edo aluarekin jaiotzea. Baina ez dit inork ukatuko istripu biologiko berdinaren ondorioz biekin jaio daitekeenik ere. Istripu geografikoa da nik azal zuria izatea, adibidez. Istripu kromosomikoa izango da ume batek Down sindromea garatzea. Istripu asko gerta daitezke guk jaio aurretik neurtu ezin ditugun eremuetan, asko; baina bazterketarik handienak ez dira istripuetatik sortzen, ondo erabakitako ohitura kulturaletatik baino.
Jaio orduko ebaluazio estetikoa egiten digute: zuria, beltza, mutila, neska, normala, ez hain normala... eta horren arabera bizitzera kondenatzen gaituzte. Lehen negarra egiten dugunerako kalkula daiteke zertan izango dugun hegemonia eta zertan ez. Jaio ginenean egin ziguten diagnostiko horren arabera izango ditugu aukera guztiak edo erdiak bizitza duina garatzeko, erdibiderik gabe: edo mutila edo neska, edo normala edo ez-normala, edo zuria edo beste zerbait.
Eta diagnostiko horri aurre egiten dion edonor patologizatu egiten da: izan ere, mutil bat da neska baten gorputzean harrapatuta. Barkatu? Nor dago non harrapatuta? Nork erabaki du zakildun gorputzak mutila izan behar duela eta aludunak neska? Eta duela ez dakit zenbat urte alderantziz erabaki izan balu baten batek? Akaso orain, mutilei jarriko lizkiekete belarritakoak, eta neskak izango lirateke kiroletik bizi ahal izango luketenak, eta politikari gehienak neskak izango lirateke, eta mutilek egin beharko lukete greba lan berdinaren truke soldata berdina eskatzeko. Ez baitira berezko gauzak, inposatutako rolen arabera egiten ditugunak baino. Eta ez esan niri normala zer den eta zer ez. Normala ez dena da hamabost urteko mutil batek bere buruaz beste egiteko erabakia hartzea ezin duelako nahi duena izan XXI. mendean, mundu ustez aurreratuan. Hori da gure binarismo absurdoaren eta hipokrisiaren porrota. Gure porrota, denona.
LARREPETIT
Istripua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu