Montejurrako gertakaria Madrildik sustatu zutela azaldu dute zenbait agirik

Alderdi Karlistaren arabera, Espainiako Gobernuak eta Manuel Fraga Iribarnek 1976an Montejurran gertatutakoa bultzatzen lagundu zuten

Alderdi Karlistaren agerraldia Iruñean, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Montejurrako magalean (Nafarroa) 1976. urtean izaniko istiluetan bi lagun hil zituzten, Karlos Hugo Borboikoaren aldekoak biak. Orain arte zabaldutako bertsio ofizialak dio «anaien arteko liskarra» izan zela heriotza horien eragile. Joan den asteburuan Nafarroako prentsan zabaldutako informazioaren, eta Alderdi Karlistak atzo agerraldi batean azaldu zuenaren arabera, ordea, Espainiatik antolatutako ekintza bat izan zen, eta Manuel Fraga Iribarne orduko Agintaritza ministroak esku hartu zuen. Helburua Alderdi Karlistaren ildo progresista zein demokratikoa akitzea zen, haien arabera.

Jose Luis Ruiz de Gordoa Nafarroako gobernadore zibilak Fragari bidalitako dokumentu bateko informazioa da historiaren bertsio ofiziala bertan behera uzten duena. Bertan, ideia etaaurreikuspen zehatz batzuk daude, eta azaltzen da nola utzi bertan behera Alderdi Karlistaren urteroko ekitaldia.

1976ko urtarrilean hasi ziren guztia prestatzen. Hilabete horretan Ruiz de Gordoak egindako txosten batean, zenbait agintari karlistarengan «eragiteko» aukera aipatzen da. Urte bereko apirilean, Espainiako Segurtasun zuzendari nagusiak gutun bat bidali zion Ruiz de Gordoari, hau erranez: «Montejurrako kontzentrazioaz arduratzeko tenorea iritsi da». Gehitu zuen «komenigarria» izanen litzatekeelaistilu bat egotea karlista progresisten eta Miguel Fagoaga, Ramon Merino, Pepe Arturo eta Sixto Henrike Borboikoak gidatutako karlista tradizionalen artean.

Sixto Henrike Borboikoa eta Pepe Arturo Espainiako erregearen aldeko gisa lerratu ziren Nafarroako gobernadorearekin egindako bilera batean. Hala, 1976ko maiatzaren 9an alde tradizionala eta eskuineko bertze zenbait eragile ekitaldia bereganatzen saiatu ziren. Karlos Hugo Borboikoaren aldekoek, baina, kontra egin zieten. Ondorioz, bi lagun hil ziren eta 30 inguru zauritu. Fragak hasieran bere gain hartu zuen gertatutakoa, baina azkenean «anaien arteko liskarra» izan zela erran zuen.

EH Bilduren eskaera

EH Bilduk jakinarazi du Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroaren agerraldia galdegin duela Kongresuan, Montejurrako hilketen atzean «estatuko aparatuak zeudela frogatu ostean». Madrilgo gobernuak ez du eskaera horren inguruan hitz egin, eta ikusteko dago Bolañosek azalpenak emango dituen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.