Pastor
DARWIN ETA GU

Karmentxu eta Kirmentxu

2021eko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Zapaterok Moncloan jadanik urte batzuk zeramatzan garaian Espainiako presidentea nor zen ba ote zekiten galdetu nien, txantxetan-benetan, Kazetaritzako lehen ikasturteko ikasleei. Haietako batek azkar erantzun zuen, xalo bezain ausart: «Rubalcaba!». Neska hark euskal hedabide batean dihardu egun. Ederto, gainera. Ez dut uste gaur Grande-Marlaska Espainiako presidentetzat joko lukeenik.

Gazteek politikarekin duten erlazioa agertu zuen ikaslearen erantzunak. Ezjakintasuna. Mesfidantza. Horretaz ohartuta, politikariek gazteak limurtu, gozatu egin nahi dituzte. Emmanuel Macron McFly eta Carlito youtuberrekin elkartu da Eliseoan. Bideoak milioika bisitaldi izan ditu geroztik. Macron gazteekin azaltzen da eta merde eta putain hitzak ateratzen zaizkio hortz artean —ez dakit zergatik, baina errazago irudikatzen dut Jean René Etxegarai hori esaten halako show batean, Hegoaldeko politikariak kaka zaharra edo ostia puta xuxurlatzen baino—.

Macronen agerraldiaren ostean inkesta baten berri eman du France Inter irratiak: 18-24 urte bitarteko gazteen %51k presidentearen aldeko iritzia dute. Apirilean baino 8 puntu gehiago da hori. Ez dakit bihar, departamendu eta eskualde bozetan, zer izango den, baina datua hor dugu. Il est cool le président, ouais. Eta abila, gazteak eskuinera erakartzen —ez egin kasu ideologien sasoia amaitu dela esaten dutenei, eskuindarrak izaten dira normalean—.

Gure gaztetako konpromisoa eta oraingo gazteena ez dira, sarri, berdinak. Dogma gehiegi genituen orduan, seguruena. «Zer egiteko prest zaude Euskadiren alde?», galdetzen zizuten —Euskal Herria gero etorriko zen—. Edo: «Zer egiteko prest zaude zeure herriaren alde?». Egunotan inor gutxik galdetzen du halakorik. Garai horiek joanak dira. Iraultzarik ez. Orain ez omen dago dogmarik, horixe. Iraultza zure baitan dago, esaten digute guruek. Iraultza egin zutenek lehenago beraien baitan iraultzarik egin ez balute bezala. Ezertaz hausnartu edo meditatu ez balute bezala, kandela esoteriko eta self-help libururik erosi gabe. La negra Lolak, Coca-Colak edo Iberdrolak babestutako mega-ekitaldi guay batean elkartu gabe, begiak itxita eta eskuak elkarri emanda. Love is the answer. Horretarako hainbeste kopla? Hori gauza jakina zen, baina. Ez al dugu Biblia irakurtzen?

Behinola, jaietan alaitsu etaborrokan kementsu leloa zabaldu zuen ezker abertzaleak, gazteei zuzenduta. Mezu hari iseka eta kritikak egin zizkioten —jaietan alaitsu eta borrokan Karmentxu entzuna dut horren harira—. Karmentxu edo... Kirmentxu, zergatik ez. Dena den, ez dut uste oraingo espirituak iradokitzen duen leloa hobea denik: jaietan epel eta borrokan txepel. Ikusi, batetik, pandemiak gazteei nola eragin dien. Bestetik, kapitalismo gero eta berdeagoak —Sánchez Galán jauna bezain garbia— ezarri dizkien uztarria eta baldintzak ditugu. Eta beldurra eta indibidualismoa batzen dituen galdera: «Zer egiteko prest zaude zeure gerriaren alde?».

Ez da zaila imajinatzea etorkizuneko politikariak: eskuindarrak, ezkertiarrak, unionistak, independentistak eta bateko zein besteko ustezko hirugarren bidekoak, sare sozialetan, born to be free bisera buruan eta surfeko ohola eskuan, zuzen-zuzenean, hainbat orduz egunero. Eta mitin hibridoetan influencerrekin. Horiek izango ditugu izar nagusi dirdiratsuak. Politikariak, aldiz, bigarren mailako aktoreak.

Karmentxu, Kirmentxu edo antzeko youtuberrek gidatuko gaituzte askatasunerantz, bai. Bitartean, ondo legoke goi-goian dauden influencerrekin entrenatzen hastea. Gazteen artean target-a ondo aukeratu multzo bakoitzaren ezaugarri soziolinguistikoen arabera. Eta gero, a gosssar: let's get physical, Dua-k dioen eran. Euskal Herrian mezu batzuk Hola Julen-ekin hedatu. Beste batzuk, berriz, Soy una pringada-rekin. Eta oraingo diktat politikoari segitu eta Espainian ere oinarria zabaldu eta konplizitateak lortu eta lotu nahi baditugu, hortxe dugu Martita de Graná. Casi ná.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.