Bel Pozueta. Altsasuko Gurasoak plataformako eleduna

«Minduta eta haserre gaude; zigorrak makillatzen saiatu dira»

Irati Urdalleta Lete.
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Sententzia jakin eta ordu gutxira, ezkor mintzatu da BERRIArekin Bel Pozueta, Adur Ramirez de Alda gaztearen ama. Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi urte eta erdira arteko espetxe zigorrak ezarri ditu Altsasuko gazteentzat, eta haren semeak, zehazki, zortzi urte eta erdiz egon beharko du espetxean. Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako zigorrak murriztu arren, kartzelan jarraitu beharko dute, eta isun ekonomikoei eta inhabilitazioei ere aurre egin beharko diete. Berriz ere kalera atera beharko dutela azpimarratu du Pozuetak. Eta horretarako aukera ugari egongo direla. Besteak beste, atzo egin zuten lehen elkarretaratze jendetsua, Altsasun bertan.

Altsasuko Gurasoak plataformakoek zein balorazio egiten duzue Auzitegi Gorenaren sententziaren inguruan?

Egin dugun balorazioa da sententzia honekin injustizia mantendu egiten dela, injustizia latza eta erraldoia. Ez dakigu zein hitz aukeratu ere gertatzen ari dena deskribatzeko. Atera den epaiarekin minduta eta oso haserre gaude. Oso injustua da gertatzen ari den guztia. Aldi berean, saiatu dira makillaje ariketa bat egiten, aurretik ere gauza bera egindakoak baitira. Ezin dugu ahaztu, hasieran, 62 urteko kartzela zigor eskaera zegoela, eta pixkanaka murrizten joan direla. Astakeria galanta izan zen, eta gero, jaitsi zutenean, bazirudien gizarteari esan nahi ziotela epaiketaren ondoren gauzak bere neurrian jarri zirela. Orain egin dutena gauza bera izan da. Hasieran emandako zigorrak pixka bat jaitsi dituzte, larrigarriak kendu dituztelako, baina oraindik ere izugarriak dira, eta erabat injustuak.

Behin sententzia ezagututa, zer asmo dauzkazue?

Ostegunean [gaur] prentsaurreko bat emango dugu, 12:00etan, Katakraken [Iruñea]. Han azalduko dugu sententziari buruzko gure iritzia eta balorazioa, eta erakutsiko dugu etorkizunera begira zein mobilizazio egiteko asmoa daukagun. Aurrerago informazio gehiago emango dugun arren, seguruenik, hilaren 26an duintasunaren martxa egingo dugu, Altsasutik abiatuta. Izan ere, kalera atera beharra daukagu.

Eta arlo judizialean, zer pauso emateko asmoa daukazue?

Ibilbide juridikoari dagokionez, jada epaia irmoa da. Orain, argi dugu Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joango garela, eta horrek bidea zabaltzen digunean, Europara joko dugula. Hala ere, ez digute justiziarik emango. Momenturen batean erakutsiko dute kasu hau zer-nolako astakeria juridikoa, zer-nolako zigorra eta mendekua izan den, baina gure seme-alabei egindako zauria ezingo da horrela sendatu.

Izan ere, Europara joateak denbora eskatuko du, ezta?

Bai, hala da. Nahikoa luzatu da jada, hiru urte pasatu ondoren eman baita epai irmoa, eta, bitartean, batzuk kartzelan egon dira.

Eta zigorrak jaitsi diren arren, kartzelan jarraitu beharko dute.

Bai. Oraindik ez dut ariketa matematikorik egin. Badakit Ainara Urkijori urte eta erdira jaitsi diotela zigorra, baina bera aurretik ere kanpoan zegoen. Iñaki Abadi, berriz, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra geratu zaio, eta urte eta erdi barruan daramanez, baliteke hirugarren gradua lortzea. Hala ere, kartzela zigorrak ikusten ditugu bakarrik, baina horren atzean badaude izugarriak eta neurririk gabekoak diren inhabilitazioak eta zigor ekonomikoak ere. Horiek ez dituzte aldatu, eta isunak milaka eurokoak izango dira. Inhabilitazioak ere hainbat urtetakoak dira, eta gazte batzuk, esaterako, irakasle ikasketak egiten ari dira. Horrek guztiak, etorkizunean, beren bizitza profesionala ere baldintzatuko du.

Gehiegikeria berretsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.