Koronabirusa

Bakartzeak eta itxierak ugaritu egin dira kurtso hasierarekin

Larraineko eta Zaldibarko eskolak itxi egin dituzte. Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua sindikatuekin bilduko da gaur

Haur batzuk eskolako lehen egunean, Bilboko Intxisu ikastetxean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Egun batzuk baizik ez dira pasatu ikastetxeek ateak zabaldu zituztenetik, eta horietako hainbat ezinean dabiltza dagoeneko, pandemiaren eraginez. Ikastetxe batzuk itxita daude jadanik, koronabirus kasuek behartuta. Beste zentro batzuetan, zenbait lagun bakartu behar izan dituzte, eta zaila zaie ikasturteari normal ekitea.

Larraineko (Zuberoa) eta Zaldibarko (Bizkaia) eskolek ateak ixtea erabaki zuten atzo, koronabirus kasuak atzeman ostean. Zaldibarko ikastetxeko gurasoak kexu azaldu ziren, hedabideen bitartez izan dutelako egoeraren berri. Larrainen, ikasleetako bati detektatu diote birusa, eta eskola osoa ixtea erabaki dute, «kutsatze katea eteteko». Zentroak adierazi du oraindik ez dakitela noiz itzuliko diren eskolak ematera. Zaldibarko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxearen kasuan, irakasleen artean hainbat positibo aurkitu dituztelako erabaki dute jarduera aldi baterako etetea. Osakidetzak baheketa eginen du zentroan, zer neurri hartu behar diren zehazteko.

Ez dira lehen itxierak, ordea.Mungiako (Bizkaia) Bentades ikastetxea itxia zegoen atzoko, hainbat langilek PCR probetan positibo emanda;asteartean izan zen zabalik azkenekoz. Halaber, Baionako Xaho haurtzaindegia ere itxi zuten atzo, langile batek birusa duela jakin ondotik.

Eskolak guztiz bertan behera utzi behar izan dituzten zentroez gainera, birusaren zabaltzeari aurre egiteko bakartzeek nabarmen baldintzatu dute kurtsoaren hasiera beste eskola batzuetan. Hala gertatu da azken orduetan Nafarroako bi ikastetxetan. Azagrako Francisco Arbeloa ikastetxean, 22 ikasle bakartu dituzte, ikasgelako lagun batek positibo eman duelako. Barañaingo Los Saucesen, berriz, lau ikasle konfinatu dituzte, ikaskide bati koronabirusa atzeman diotelako.

Bi eskola horietan izandako kasuen berri izan ondotik, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak esan du Hezkuntza eta Osasun Departamentuek emaniko erantzuna «eraginkorra, efizientea eta lasterra» izan dela, eta gaineratu du «esperotakoa» zela eskolaratze hasieran kasu berriak antzematea. «Ez da albiste atsegina, baina, egoera epidemiologikoa ikusirik, bagenekien gerta zitekeela», adierazi du Gimenok.

Kurtso hasiera, gatazkatsu

Egunek aurrera egin ahala, ezinegona are nabarmenagoa ari da bihurtzen hezkuntzan. Nafarroako hezkuntza komunitatearen foroak elkarretaratzea egin zuen atzo parlamentuaren aurrean, ikasturtearen inguruko «ziurgabetasuna» salatzeko. Ikastetxeetako segurtasun neurriak negozia daitezela galdegin zuten foroko ordezkariek, eta aldarrikatu zuten eskolarako itzulerak «adostua, osasuntsua eta aurrez aurrekoa» izan behar duela. «Gardentasuna» nahi dute kontratazioen eta baliabideen kudeaketaren inguruan, batik bat. Gainera, protestan sindikatuek aditzera eman zuten oraindik ez dutela baztertu greba egitea. Elkarretaratzea eginen dute asteartean, Gazteluko plazan.

Hain justu egun horretarako, grebara deitua dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Sare publikoari eta itunpekoari eraginen dio, baita garbiketa zerbitzuei, jantokiei eta garraioari ere. Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua gaur hasiko da sindikatuekin batzartzen. Greba deialdia bertan behera gelditu dadin saiatuko da, Jaurlaritzaren esanetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.