Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Autodiagnostikoa

2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gabonak heltzear dauden garai honetan, azken egunetan sortu den eztabaida da farmazietan salduko den COVID-19a detektatzeko autodiagnostiko probak norberak egin ditzakeen ala ez. Autodiagnostiko hitzak esan nahi duena da bakoitzak bere buruari proba bat eginez gai izango dela emaitza ikusita jakiteko zein den bere egoera. Hori gaixotasun batzuekin gertatzen da, hala nola diabetiko batzuek glukosa begiratu behar dute egunero. Kasu honetan emaitza kualitatiboa da, zenbaki bat ematen du, eta, horren arabera, norberak neurriak hartu behar ditu.

COVID-19aren kasuan, aldiz, diagnostiko zehatzak egitea da helburu garrantzitsu bat, ahalik eta arinen kutsatua dagoen pertsona isolatzeko asmoz. Azken egunetan iskanbila handia dago farmazietan salduko den autodiagnostikatzeko probari buruz. Diagnostiko mota ezberdinak daude eta, kasu honetan, antigorputzak detektatzeko gai izango da, hau da, atzamarrean odol tanta bat hartuta ikusiko da pertsona horrek koronabirusaren kontra antigorputzak sortu dituen ala ez. Lortzen den emaitza ez da kualitatiboa (ez du zenbaki soil bat ematen), interpretatu egin behar da, eta horrek beti subjektibotasuna dakar. Edonor da gai interpretazio hori egiteko? Erantzuna ezezko biribila da.

Azken astean, Gaixotasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Espainiako Elkarteak agiri bat argitaratu du honi guztiari buruz bere iritzia emanez, eta ez da elkarte bakarra izan kezka handiz ikusten duena sortutako arazoa. Alde batetik, odol lagina atzamarretatik hartzen denean, laborategian egiten diren probek baino errendimendu txikiagoa dute, azken hauetan zainetik hartzen baita odola. Bestetik, antigorputzak detektatzeko probek ez dute balio, eta, beraz, ez dira erabili behar SARS-CoV-2 bidezko infekzio aktiboa diagnostikatzeko, ez gaixo sintomatikoetan, ez asintomatikoetan. Infekzio aktibo hori atzemateko, beste proba mota batzuk daude, hala nola genomaren edo antigenoaren detekzioa. Are gehiago, antigorputzak detektatzeko proben positibotasunak ez du bermatzen pazientearen immunitatea; beraz, emaitza edozein dela ere, guztiek babes-neurri berberak bete beharko dituzte une oro.

Aurreko guztia gutxi balitz bezala, proba hauen interpretazioa ezin du edonork egin, osasun profesional kualifikatuek egin beharko lukete, eta horrela, bai proba eskatzeko bai emaitzak sortutako zalantzak argitzeko, jadanik lanez gainezka dagoen osasun-sistemara jo beharko litzateke. Norberak egin dezakeen interpretazio txarraren ondorioz (negatibo faltsuak), COVID-19aren pandemiaren kontrolean eragin negatiboa izan lezaketen jokabide arriskutsuak izaten lagunduko luke.

Egia da: diagnostiko arin eta zehatza da pandemia kontrolatzeko gakoetako bat, baina une honetan ez dago inolako autodiagnostiko fidagarria ahalbidetzen duen probarik; beharbada etorkizunean egongo da, baina pazientzia behar da. Beraz, diagnostiko probei buruzko mezuak argitaratzen direnean ezinbestekoa da datu fidagarriak kaleratzea, eta, nahiz eta Gabonen zain egon, birusak ez du atsedenik emango eta, horrela, autodiagnostiko hoberena zuhurtziaz jokatzea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.