Gaur jakinaraziko dute De Miguel auziaren epaia. Ahozko auzi saioa bukatu eta urtebetera. Goizeko hamarretan irakurriko dute sententzia, Arabako Probintzia Auzitegian. Orduan jakingo da zein zigor jasoko duten Arabako EAJko hainbat buruzagi ohik ustez gidatutako legez kanpoko komisioen tramagatik akusatutako 26 lagunek. Besteak beste, Alfredo de Miguel, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano EAJko Araba Buru Batzarreko burukide ohiak daude akusatuen artean, baita Eusko Jaurlaritzako zenbait goi kargudun ohi ere. Hamaika delitu leporatzen dizkiete; tartean, eroskeria, dirua zuritzea eta prebarikazioa.
Auzia oso konplexua izan da, nahasia eta ertz ugarikoa. Mardula espero da sententzia ere, mila orri ingurukoa. Elena Cabero magistratuak idatzi du ebazpena, eta hark irakurriko du, saio publiko batean. Akusatuen esku egongo da bertaratzea ala ez. Abokatuek gaur bertan jasoko dute sententzia, eta egun batzuk geroago bidaliko zaie akusazio lanak egin dituztenei, hau da, fiskaltzari, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari.
Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz epaitu den ustelkeria kasurik handienaren epaia ezagutuko da gaur. Epaiketan ezagutu ziren datuek ustezko ustelkeria sarearen tamainaren neurria ematen dute.
LEKUKOEN DEKLARAZIOAK
Ainhoa Alberdi lekuko nagusiaren deklarazioa giltzarri izan da epaiketan. Enpresariak azaleratu zuen 2009an ustezko ustelkeria kasua, eta hark epaiketan adierazitakoa gakoa izan da. Hainbat saiotan deklaratu zuen Alfredo de Miguelek eta Aitor Telleriak 100.000 euroko komisioa eskatu ziotela Miñaoko teknologia parkea handitzeko obrak Urbanorma Consulting bere enpresari esleitzeagatik, eta estortsioa frogatzen duten elkarrizketak eta mezu elektronikoak aurkeztu zituen epaiketan. Hark egindako salaketatik tiraka, besteak beste, 700.000 euroko komisioak eta hamasei milioi euroko eragiketa irregularrak atzitu dituzte.
Lekukoei esker, besteak beste, jakin da De Miguelek 25 sozietate inguru sortu zituela propio iruzur egiteko, eta gehienetan senideen izenean eratu zituela. Sozietate askok ez zuten langilerik, eta ez zuten izena emanda Gizarte Segurantzan: Kataia, Errexal, Ortzi Muga eta Eskamelo S.L. enpresak dira horietako batzuk. Ustez akusatuek enpresa horiei esleitu zizkieten lanak «nahieran», eta komisioak jaso zituzten «kontratu simulatuen bitartez».
De Miguelek ustez gidatzen zuen sareak iruzur egiteko hainbat enpresa erabiltzen zituela baieztatu zutenen artean daude Bizkaiko Aldundia —akusazio partikularra da— eta Ertzaintza. Bizkaiko Aldundiko Ogasun Saileko aditu batek epaiketan deklaratu zuen De Miguelek Sidepur eta Zerulur enpresak baliatu zituela iruzur egiteko 2005. eta 2009. urteen artean.
Zanbranako (Araba) hirigintza operazioarekin zerikusia duten ustezko delituen atala izan da, tamainagatik, epaitu den garrantzitsuena. Ustez De Miguelek zuzendutako sareak hiru milioi euroko komisioa kobratu zion Riera eraikuntza enpresa katalanari Arabako Zanbrana udalerrian inoiz eraiki ez zen industria poligono bat esleitzeagatik.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Gazteria Sailetik adjudikatutako kontratuak eta Arabako Foru Aldunditik egindakoak ere aztertu dituzte, ustez iruzur egin baitzen hainbat enpresari esleipenak egiterakoan. Zehazki, 2006. eta 2009. urteen bitartean, Gurutz Larrañaga Kultura eta Gazteria sailburuordeak eta Francisco Javier Sanchez Robles Gazteria zuzendariak dozenaka kontratu eman zizkieten iruzur egiteko sortutako hiru «enpresa pantailari».
AKORDIOA FISKALTZAREKIN
Fiskaltzak bederatzi auzipeturekin akordioa lortu zuen urrian, eta delituetako batzuk onartzearen truke ordura arteko zigor eskariak murriztea adostu zuten. Akordioari esker, kontratuetan irregulartasunak aitortu zituzten, bai eta legez kanpoko komisioak ordaindu eta jaso izana ere. Hiru inputatu nagusiek, ordea, ez zuten akordiorik egin, eta euren errugabetasuna defendatzen jarraitu zuten.
Irregulartasunak aitortu zituzten lekukoen deklarazioak, berriz, funtsezkoak izan dira ustelekeria kasua agerian uzteko. Horien artean, Josu Arruti Sidepur enpresako administratzailearena izan zen esanguratsuena. Arruti izan zen legez kanpoko komisioak jasotzea onartu zuen lehena. Aitotu zuen De Miguelek eta biek Riera eraikuntza enpresako legez kanpoko komisioak jaso zituztela Zanbranan (Araba) industrialde bat sortzeko kudeaketa lanak egitearen truke. Arrutik azaldu zuen De Miguelek 2005ean proposatu ziola Riera taldeari bakoitzarentzat 161 mila euro eskatzea, eta eskaera onartu egin zuela enpresako arduradunetako batek, Francesc Fernandez Jovalek.
Hain justu, Fernandez Jovalek ere berretsi egin zuen Arrutik esandakoa. Construcciones Riera enpresako buruak deklaratu zuen 160.000 euroko komisioa pagatu ziela Zanbranako (Araba) industrialdearen proiektua «dinamizatzeko».
ZIGOR ESKAERA BERRIAK
Behin betiko ondorioekin batera berrikusi zituen fiskalak zigor eskaerak, eta guzti-guztiei murriztu zizkien zigor eskaerak, akordioa lortu zutenei zein onartu ez zutenei. Hiru akusatu nagusiei erdira murriztu zizkien hasieran eskatutako espetxe zigorrak. Akordioa lortu zuten gainerako akusatuei, berriz, are gehiago murriztu zizkien zigor eskaerak, eta zigortzen badituzte ere, ez dira espetxea joango, murriztearen ondorioz zigorrak txikiak izango direlako. Absoluzioa eskatu zuen, bestalde, sei lagunentzat: Francesc Fernandez Joval, Placid Casas, Joaquim Sabater, Ramon Tomas, Estibaliz Arruti eta Gorka Errastirentzat. Eta inhabilitazioa, berriz, Gurutz Larrañagarentzat eta Justina Angulorentzat.
FISKALTZARENONDORIOAK
Josu Izagirre eta Manuel Pedreira fiskalen tesia ez da fitsik ere aldatu epaiketa osoan. Frogatutzat jo dute De Miguelek, Otxandiano eta Telleriarekin batera, «enpresa sare» bat sortu zuela legez kanpoko komisioak kobratzeko, kontratu publikoak esleitzearen bidez. Auzipetuei egotzi zien erakunde publikoetatik dirua lortzeko «mafia» baten modura aritzea. Gainera, haren arabera, «trama kriminal bat» osatu zuten akusatuek, eta kontratu publikoak-eta lortzeko «koakzioak» erabiltzen zituzten. «Inpunitatez» aritu izana ere egotzi zien.
INPUTATU NAGUSIEN TESIA
De Miguelek, Otxandianok eta Telleriak euren «errugabetasuna» aldarrikatu zuten epaiketan, ez dutela inoiz deliturik egin, eta ez direla legez kontra aritu azpimarratu zuten. Baina, paradoxikoki, hirurek «gaizki egindakoengatik» barkamena eskatu zuten azken hitza hartu zutenean.
De Miguelek deklaratu zuen ez zuela inoiz eskatu edo onartu komisiorik kontratu publikoak adjudikatzeagatik, eta ez zuela zerikusirik leporatzen dizkioten delituekin. Salatu zuen «manipulatuta» zegoela Ainhoa Alberdi enpresariari komisioa eskatu ziola frogatzen duen audioa, eta ez duela bere burua identifikatzen hark 2009an Ertzaintzaren esku utzitako grabazioetan. Halaber, ukatu egin zuen berak Miñaoko Parke Teknologikoa zabaltzeko obren negoziazioetan eta kontratazioetan parte hartu izana.
Defentsa estrategia berari eutsi zioten Telleriak eta Otxandianokere, akusazio oro ukatuta. Telleriak «asmakeriatzat» jo zuen De Miguel auzia, eta baieztatu zuen ez duela «behin ere jaso komisiorik».
Mataza askatzeko unea
Gaur jakinaraziko dute 'De Miguel auziko' epaia, epaiketa amaitu zenetik urtebetera. Alfredo de Miguel ABBko burukide ohia da inputatu nagusia: komisioak kobratzeko sare bateko buru izatea egotzi diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu