Africa Baeta kazetariak gidatuta, saio berri bat estreinatuko du gaur ETB2 kateak: Tu playa favorita (22:25). Kultura, gizarte eta kirol arloko pertsona ezagunek euren hondartza gustukoenak aurkeztuko dituzte ostiralero. Modu horretan, Euskal Herriko hondartzarik ikusgarrienak ezagutzeko aukera eskainiko die programak ikus-entzuleei.
Saioak ez ditu bakarrik euskal geografiako hondartzak erakutsiko; hondartza bakoitzaren atzean dauden istorioak ere kontatuko ditu. Horrela, kostaldeko itsaslabarretara euren tresnak egiteko suharri onenaren bila joaten ziren haitzuloetako gizakien istorioak entzungo dituzte ikus-entzuleek. Filmetako agertoki ederrenen istorioak eta kontrabandisten itsasontziak protagonista dituzten istorioak ere tartekatuko dituzte ETB2ko saioan.
Gonbidatuek, bestalde, bizipen pertsonalen berri emango dute. Hondartzetan igarotako unerik onenak azalduko dituzte; euren familiako argazkiak eta hondartzetako euren txokorik gustukoenak erakutsiko dituzte.
Aurreneko atala
Tu playa favorita saioaren lehen atalak lau protagonista izango ditu: Silvia Intxaurrondo kazetaria —aurki Cuatro katean ariko da—, Juanito Oiarzabal mendizalea, Andoini Cedrun futbolari ohia eta Begoña Maestre aktorea.
Intxaurrondo Muskizko (Bizkaia) Arena hondartzan azalduko da. Erromatar Inperioaren garaian ere leku garrantzitsua zen, eta garai bateko istorioak kontatuko ditu kazetariak.
Kostaldeko hondartzak ez ezik, barnealdeko hondartzak ere agertuko dira saioan. Oiarzabalek Uribarri Ganboako (Araba) bere tokirik gustukoena erakutsiko du. Uda partean, milaka gasteiztar biltzen dira bertan, freskatzeko asmoarekin.
Gipuzkoan, Debako hondartza aurkeztuko du Cedrunek. Saioa Gorlizko (Bizkaia) badian amaituko dute. Han, tuberkulosia sendatzeko erietxe bat eraiki zuten duela mende bat, eta horren berri emango du Maestrek.
ETB2k 'Tu playa favorita' saioa estreinatuko du gaur gauean
Silvia Intxaurrondo, Juanito Oiarzabal, Andoni Cedrun eta Begoña Maestre izango dira aurreneko ataleko gonbidatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu