Iban Garatek aurkeztuko du gaueko 'Gaur egun' albistegia

ETBko albistegiek astelehenean hasiko dute denboraldi berria. 'Azpimarra'-ren tokia 'Ahoz aho'-k beteko du, Amaia Cayero gidari duela

ETB / ETB.
urtzi urkizu
2016ko irailaren 3a
00:00
Entzun
ETBko askotariko saiotan aritu eta gero, Iban Garatek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1982) albistegiak aurkezteko pausoa emango du. Astelehenean hasiko dituzte Euskal Telebistako albistegietako zerbitzuek denboraldi berria, eta egun horretatik aurrera iluntzeko Gaur Egun aurkeztuko du Garatek. Nafarroako Unibertsitatean Komunikazio fakultatean ikasketak eginak ditu Garatek.

Telebistan eta zineman proiektu ugaritan egin du lan Garatek, 15 urte zituela Goenkale telesailean hasi zenetik. Zinemako aktore gisa Aupa Etxebeste! filmekoa izan zen bere lehen rol garrantzitsua. Mystikal, Arriya eta Miel de naranjas izan dira parte hartu duen beste film batzuk. Antena3 kateko El secreto de puente viejo telesailean ere aritu da aktore, Madrilen. Tuntuxa ekoizpen etxearen sortzaileetako bat da Garate —dokumentalak egiten dituzte—. 2012. urtean ETB1eko Ai ama! entretenimenduzko saioa aurkeztu zuen Garatek. Eta iazko denboraldian Azpimarra saioan egin zuen lan, Maddalen Iriarterekin batera.

Iriarte EH Bilduko zerrendetan izango denez, ETB1eko Azpimarra saiorik ez da izango. Antzeko saio bat estreinatuko du euskarazko kateak, hilaren 12an: Ahoz aho. Albistegietako kazetariek egingo dute programa hori, eta aurkezle eta zuzendaria Amaia Cayero (Gatika, Bizkaia, 1984) izango da. Astelehenetik ostiralera, 16:15etik 18:30era emango dute Ahoz aho. Astearte gauetan ere emanaldi berezia izango du, gaur-gaurko gai politikoak aztertzeko, Ahoz aho+ izenburuarekin. Cayero Gaur egun-eko aurkezle lanetan aritu da azkeneko denboraldietan. Lantaldean, besteak beste, Ilaski Serrano eta Ruben Abal izango dira.

Aurreko denboraldian, iluntzeko Gaur egun Jonan Apaolazak aurkeztu zuen, eta, datorren astetik aurrera, asteburuetako Gaur egun aurkezteaz arduratuko da. Astegunetan, eguerdietan, Xabier Usabiaga arituko da aurrerantzean ere euskarazko albistegia aurkezten. Usabiaga goizetan ere ariko da ETB1en, Egun on, Euskadi-n, Estepan Aldamiz-Etxeberriarekin batera.

Albistegietako kirol tarteari dagokionez, ETB1en Jon Balentziaga eta Ana Ramos ariko dira gidari, eta ETB2n, Jose Ituarte eta Sara Gandara.

ETB2ko albistegietan, berriena Xabier Garcia Ramsden izango da —azkeneko urteetan Radio Euskadiko Ganbara gidatu du—. Astegunetako gaueko Teleberri aurkeztuko du Garcia Ramsdenek, Amaia Urkiarekin batera. Africa Baetak astegunetako lehen Teleberri aurkezten jarraituko du, eta Estibaliz Ruiz de Azuak asteburuetakoa.

Hilaren 22an, ETB2k La noche En Jake eztabaida saioa estreinatuko du. Xabier Lapitzek aurkeztuko du, ostiral gauetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.