Pablo Iglesiasen dimisioa. ANALISIA

Vallekaseko azken mitin hura

martxelo otamendi
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Joan den ostiralean Vallekasen, Madrilgo langile auzo enblematikoan, Unidas Podemosen mitinera joan ziren mila pertsonetatik, zenbat joan ziren jakinda hura izango zela Pablo Iglesiasen azken mitinetako bat, eta zenbat jakin zehazki ez baina bai susmoa hartuta ez zutela mototsa berriro ikusiko jendea aulkietatik altxarazten? Espainiako lehendakariordetza utzi zuenean igar zitekeen berandu baino lehenago emango ziola bukaera bere ibilbide politikoari.

Vallekaseko lorategi plaza zabal batean egin zuen Unidas Podemosek mitina, Iglesiasek horrenbeste kritikatu duen 78ko Konstituzioaren Plazan, hain zuzen. Esanguratsua bere kanpainakoek egindako aukera, estrategiaren ardura daukatenei dena lotuta edukitzea gustatzen zaien garaiotan. Ez zen izango Vallekas osoan UPn gertuagoko erreferentzia edukiko zuen lekurik...

Segurtasun neurri handiekin egin zen mitina, bi ministro eta heriotza-mehatxuak jaso dituen politikaria baitzeuden ekitaldian. Nonahi ikus zitezkeen kaleko jantzitako poliziak audiofonoa belarrian zeukatela.

Kultura alorreko eragileak gonbidatu zituzten UPkoek ekitaldira eta esparru desberdinetako egileei sektorearen egoera azaltzeko aukera eman. Iglesias lehen lerroan zegoen, Yolanda Diaz eta Irene Montero ministroak ondoan zeuzkala. Kulturgileen mintzaldiak indarrez txalotu zituen,eta bat baino gehiago besarkatu zuen agertokitik jaitsitakoan.

Uste handiko bi aurkezpen egin zituen aurkezleak. Yolanda Diaz ministroa «Espainiako hurrengo lehendakari» gisa aurkeztu zuen, eta Iglesias «Madrilgo Erkidegoko hurrengo lehendakari» deituta. Diazen aurkezpenak txalo gehiago jaso zituen, ez, seguru asko, bertaratutakoek Iglesias baino gehiago estimatzen zutelako, Diaz pizten ari den izarra delako, eta Iglesias, aitzitik, itzaltzen ari dena. Jarraitzaileek, nonbait, ahalgarriago ikusten zuten Diaz Moncloan Iglesias Puerta del Solen baino.

Astiro eta pausaldi luzeekin hasi zuen hizketaldia Iglesiasek, gero eta gehiago berotzen joateko. Eta berotzeko gogoa zeukaten jarraitzaileen gozagarri, mezuan egoki tartekatutako aukera asko eman zizkien: beste alderdiak, banketxeak, energia konpainiak, arropa kate handiak... Badoanaren batere nostalgiarik gabe hitz egin zuen, politikaren zelaian oraindik gudu asko bizitzeko dagoenaren moduan.

Bukatutakoan hartu zuen denbora kazetari honekin hitz-aspertua egiteko, huntaz eta hartaz jarduteko. Egun berean, Espainiako egunkari handi batek aurreratu zuen Jaume Roures komunikazio enpresari katalanistarekin egingo duela lan aurrerantzean Iglesiasek, baina kazetari hau ez zen ausartu berrespena eskatzera. Ez zen egunik egokiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.