Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz

Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. GUILLAUME FAUVEAU.
Erredakzioa
2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Inauterietako ohiturei eutsi eta sorkuntza artistikoari bide ematera dator aurten ere Uztaritzeko (Lapurdi) Hartzaro jaialdia. Otsailaren 10etik 21era bitarte egingodute festibala, eta kontzertuak, dantza emanaldiak, hitzaldiak eta bestelako ikuskizunak izango dira beste urte batez. Aurrez, halere, eta jaialdiaren barruan, kaskarotak etxerik etxe arituko dira Baionan, eta Larresoron izango dira kotilunak.

Julie Rouaulten kontzertuak emango dio hasiera jaialdiari, ostiralean; Latsa gelan izango da emanaldia, 20:30ean. Larunbatean, Larrain dantza ikasteko saioa egingo dute arratsaldeko lehen orduan, hasiberrientzat nahiz fandangoa dakitenentzat. Iluntzean, bestalde, Baigorriko Gaiteroak eta ET Incarnatus orkestraren kontzertua izango da Arruntzako elizan. Igandean goizetik jarraituko du jaialdiak, Ur-Begiren danborradarekin, inauteriekin eta dantzekin.

Ekitaldi gehienak asteburuetan izango badira ere, astean zehar ere izango da zertaz gozatu. Hilaren 16an, ostegun gizena dela-eta, Tutak ikuskizuna eskainiko dute, eta aperitifa izango da Kuxkuxtu txarangak alaituta. Hurrengo egunean, Buhameak, historiarik gabeko jendeak? hitzaldia emanen du Nicole Lougarotek, Latsan. Iluntzean, berriz, musika izango da nagusi: Habiak, Neomak eta Andoni Ollokiegi izango dira Purguko pilota plazan, eta Egar eta DJ Uzkuluz gaztetxean.

Musikak girotuko du larunbata ere. Mixel Labeguerieren omenezko Egunsentia ikuskizuna eskainiko du Latsarria elkarteak aurrena, eta Lau pieza Alos Quartet eta Bilaka kolektiboek bigarrenik. Hartzaroa Kantuz kantaldia ere izango da tartean.

Igandean, kaskarotak etxez etxe ibiliko dira goizean goizetik. Inauterietako bazkaria ere egingo dute, Latsan, eta Iruñeko Jarauta 69 eta Arberoako txarangek girotuko dute herria. Inauterietako egun nagusia otsailaren 21a izango da, eta huraxe izango da festibalaren azken eguna: kotilunak, zirtzilak, hartza, zanpantzarren auzia eta beste izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.