Mende laurdena Frantziako espetxeetan igaro ondoren, Frederic Haranburu Xistor euskal presoa baldintzapean aske utziko duten ala ez erabakiko du Parisko Auzitegiko epaileak laster. Bizi guziko kartzela zigorrera kondenatua dute, hain zuzen, Haranburu, eta duela bi urte egin zuen baldintzapean aske uztea lortzeko eskaera. Haren galdea aztertzeko epaiketa atzo iragan zen, Parisen, eta martxoaren 27an emanen du epaileak deliberoaren berri.
Maritxu Paulus Basurko abokatuak azaldu duenez, «konplexua» da afera, zalantzan ezarri baitituzte «elementu asko». Nabarmendu du, halere, hainbat argudio baldintzapean aske uztearen aldekoak izan direla, eta garrantzitsua dela hori: «Nahiz eta fiskala erabat kontra agertu, badira hainbat iritzi —eta ez edozein: administrazioarena, epaile batena...—, alde agertu direnak». Deliberoari buruz galdetuta, abokatuak aitortu du baiezkoa lortzea ez dela «erraza» izanen, baina ezezkoa izanik ere izanen duela garrantzia: «Asko itxoiten dugu erabaki horretatik».
Izan ere, ez da nolanahikoa egoera. 1990ean atxilotu zutenetik Frantziako espetxeetan daukate Haranburu preso, eta, beraz, 25 urte daramatza jada kartzelan. Haren egoeraz ohartarazteko elkarretaratzea egin zuen atzo Ni Ere Banoa kolektiboak Senperen (Lapurdi) Denbora badoa! 25 Stop! Xistor askatu! lelopean. EH Bai koalizioak ere babestu zuen mobilizazioa, eta gogoratu zuen ez dela egoera horretan dagoen bakarra. Ion Kepa Parot presoari, erraterako, hainbat aldiz ukatu izan dio Frantziak baldintzapeanaske geratu ahal izatea.
Paulus Basurkok azaldu duenez, Espainiako lege egoerarekin alderatuta okerragoa da Frantziakoa, Haranbururen kasuan behintzat. Haren arabera, hain zuzen, garai berean Espainian epaitu izan balute ,30 urteko espetxe zigorra ezarri izanen liokete. Frantziako Justiziak, ordea, bizi guziko kartzela zigorrera kondenatu zuen. Espainian epaitu izanak aldatu eginen luke egoera. «30 urteko kartzela zigorra luke, eta, beraz, ateratze data bat izango luke. Frantzian ez du ateratzeko datarik». Epaile baten aginduaren esku dago, beraz, Haranburu baldintzapean aske uztea. «Bizi osorako zigorrak erran nahi du epaileek ez badute noizbait erabakitzen aske uztea ez dela inoiz aterako. Izugarrizko arazoa da». Abokatuak gogora ekarri duenez, baldintzapean aske uztea onartuko balute ere, Haranburu ez legoke erabat aske. «Baldintzapean, lehenik ematen dizute eskumuturreko elektronikoa urte bat eta hiru urteren artean, eta gero hainbat baldintza ezartzen dizkizute. Justiziaren menpe gelditzen zara urte askorako. Beraz, ez da askatasuna».
Euskal presoak
Haranburu aske uzteari buruzko epaia martxoaren 27an emango dute
Frederic Haranburu 'Xistor' baldintzapean aske uzteko eskaera atzo aztertu zuten.25 urte daramatza preso.Bizi osoko kartzela zigorra du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu