Eskuina lehenengo. Bagoaz. Bat, bi eta hiru». Eta Mari Karmen Gandiaga markinarra oinez ibiltzen hasi da. Oinez, baina robot edo androide ibilerarekin, urrats bakoitzean hankek oinez ibiltzeko egin behar dituzten mugimendu guztiak poliki eginez eta errepikatuz. Eta robot edo androide soinuarekin: karranka elektroniko bat urrats bakoitzeko. Bip soinuren bat ere bai tarteka. Bitartean, aretoko izkin batean ahaztuta geratu da Gandiagak bidelagun izan ohi duen bastoia.
Ez doa bakarrik. Bi laguntzaile ditu. Bata soinean: exoeskeleto bat. Bestea atzean: Erika Otxoa, exoeskeletoa gobernatzen eta Gandiagaren premietara egokitzen. Adembi Esklerosi Anizkoitzaren Bizkaiko Elkarteko Errehabilitazio arduraduna da Otxoa, eta errehabilitazio saio bat egiten ari dira Bilboko egoitzan.
Plastikoz, metalez, uhalez eta bizkarrean eraman beharreko kutxa handi batez —aginte eta kontrol gailua— osatuta dago exoeskeletoa. Gaixoek jantzi egiten duten kanpo hezurdura bat. Hezurdura artifizal horrek eutsi egiten dio janzten duenari eta zutituta eta zuzen ibilarazten du, akatsak edo inertziak zuzenduz.
Exoeskeletoak ez dira berriak. Dezente erabili izan dituzte iktusen bat edo bizkar muineko lesioren bat izan dutenekin. Berrikuntza da, ordea, esklerosi anizkoitza duten gaixoekin erabiltzea. Adembi hasi zen bidea urratzen. Exoeskeletoa baliatzen du errehabilitazioaren tresna osagarri gisa, ibiltzeko zailtasunei aurre egiteko, oreka hobetzeko eta hankak indartzeko. Hainbat probatu eta gero, Ekso Bionics estatubatuarrarena erosi zuten, iaz.
Gaixotasun neurologikoa da esklerosi anizkoitza. Kronikoa, degeneratiboa eta sendagaitza, zenbait kasutan botikekin gaitzaren agerraldiak gutxitzea eta garapena moteltzea lortu bada ere. Garunari eta bizkar muinari eragiten dio. Gorputzaren sistema immuneak eraso egiten die bertako nerbio zuntzak biltzen dituen substantziari, mielinari. Ondorioz, eten egiten dira garuneko nerbio bulkadak. Esklerosi anizkoitzaren ondoriorik ohikoenetako bat da ibiltzeko gaitasuna galtzea. Kasurik larrienetan, erabat.
Exoeskeletoak gordeta ditu paziente guztien datuak. 48. soslaia da Gandiagarena, eta haren neurrira jarri dute: aldaka eta belaun arteko zatia, belaunetik orkatila artekoa, orkatilaren kurbatura... Torlojuak askatu, torlojuak estutu, uhalak lotu. Gandiagak eserita jantzi du exoeskeletoa. Otxoak hartu du gailuaren kontrola eta Gandiaga zutitu egin da, exoeskeletoaren indarraren laguntzarekin. «Soinean armadura bat izango banu bezala sentitzen naiz. Robot baten barruan joango banintz bezala». Exoeskeletoak 22 kilo pisatzen ditu. Bi bateriekin, 27. Gandiagak, ordea, ez du nabaritzen gainkargarik. Otxoak zerbait bai.
Errehabilitazio saioa hasi aurretik, Otxoak zehaztu egin behar du ibiltzean zenbat indar egingo duen Gandiagak eta zenbat lagunduko dion makinak. Era berean, baita hanka bakoitza zenbat altxatuko duen ere. Edota pausoaren luzera. Hanka bakoitzak neurri propioak izan ditzake.
Gorputzaldiaren arabera
Pazientea zenbat eta hobeto moldatu, exoeskeletoari laguntza gutxiago emateko agintzen diote. Ibiltzeko gaitasunik ez dutenen kasuan, exoeskeletoak egiten du ahalegin ia guztia. Gailuak gorde egiten ditu saio bakoitzeko datu guztiak, gero errehabilitazioaren arduradunek aztertu ahal izateko.
Saioan bertan erabakitzen dute egin beharreko lana, pazientearen gorputzaldiaren arabera. Gandiagak egun on batean mila urrats egin ditzake; egun txar batean, 200 agian. «Guk egokitu behar dugu haien borondatera, ez haiek gurera, entzun egin behar diegu», azaldu du Otxoak. Etengabe hitz egiten dute elkarrekin, eta, behar izanez gero, Otxoak moldatu egiten du ariketa.
Gandiagak esklerosi anizkoitz gaixo gehienek duten arazo bat du: hanketako espastizitatea, hanketako giharren zurruntasuna. Ondorioz, aldaka eta belauna ezin ditu tolestu, eta hanka dena batera mugitzen du. Pausoa emateko aurrena hanka guztia kanpora, zapaltzeko berriro barrura.
Ibilera desegoki hori konpontzen laguntzen dio exoeskeletoak. Pausoa ondo ematera behartzen du, «ibileraren eredua normalizatzera». Gandiagak nabari du: «Pausoa hobeto ematen dut: hanka gehiago tolesten dut, belauna gehiago igotzen dut eta orkatila ere mugitu dezaket. Horrez gain, askoz ere zuzenago sentitzen naiz. Neure burua zuzen ikusten dut, tente, oreka hobeagoarekin eta indartsuago».
Exoeskeletoa erabili eta gero, bastoia gutxiago behar du edo bastoirik gabe ere moldatzen da. Eraginak iraun egiten dio. Astean saio bakarra bada, pare bat egun. Astean bi saio badira, «ia aste osoan ibiltzen naiz sendoago, tenteago eta konfiantza gehiagorekin».
Exoeskeletoa erabili bakarrik ez, Adembi ikertzen ari da exoeskeletoak esklerosi anizkoitza duten gaixoetan duen eragina, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Bederatzi hilabeteko ikerketa bat egin du 37 pazienterekin: lehen hiru hilabeteetan ohiko fisioterapia egin zuten —hipoterapia, zaldiekin, eta hidroterapia, urarekin, barne—; hurrengo hiruhilabeteetan ohiko fisioterapiari exoeskeletoaren erabilera gehitu zioten, paziente bakoitzak astean bi saio; eta azkeneko hiru hilabeteak berriro exoeskeletorik gabe egin dituzte. Rakel Berriozabalgoitiaren doktoretza tesia izango da ikerketa, EHUn.
Eguneroko jardunak erakutsi die zein mesedegarria den exoeskeletoaren erabilera esklerosi anizkoitza duten gaixoetan, baina ikerketa zientifiko batekin berretsi nahi dute.
«Ikerketa aitzindaria da munduan», nabarmendu du Otxoak. «Esklerosi anizkoitzarekin egin den neurri horretako lehena». Urtebete beharko dute datuak aztertzeko, baina ondorio batzuk atera dituzte: «Batez ere oreka hobetzen du, pila bat. Horrek esan nahi du erortzeko arriskua askoz ere txikiagoa izango dela».
Ez hori bakarrik. Hankak eta enborra indartzen ditu. Ikerketaren hasieran bost minutu inguruko saioak egiten zituzten. Lan nekagarria da pazienteentzat. Ikerketaren bukaeran guztiek lortu zuten 30 minutu egitea, gelditu gabe. Mila pauso inguru. «Indarra asko hobetzen da. Exoeskeleto saioak eta fisioterapia dira konbinazio onena, nahi ditugun helburu guztiak lortzen ditugu. Ezin dugu gehiago eskatu». Urtarriletik aurrera beste ikerketa bat egingo dute, ibiltzeko gaitasunik ez dutenekin.
Gandiaga eta Otxoa aretoari bueltak ematen ari diren bitartean, begira dute Begoña Mella Lodeiros, errehabilitazio saioaren zain. Sortzez galiziarra, Bilbon bizi da aspalditik. Esklerosi anizkoitza du eta bere ibiltzeko gaitasunak okerrera egin du. Aulki gurpildun batean dago 2003tik, eta bere autonomia oso mugatua da: «Aulkitik beste leku batzuetara joateko ozta-ozta, eta komunean bi edo hiru urrats egitekoa».
Mellak erabili izan du exoeskeletoa, eta gero ere erabiliko du, hurrengo ikerketan parte hartuko baitu. Gogoan du erabili zuen lehen eguna. Adembi exoeskeleto bat erostea aztertzen ari zen, eta Bilboko egoitzan erakustaldi bat egiteko eskatu zion Ekso Bionicsi. Mugitzeko aulki gurpilduna behar zuten hiru pazientek erabili zuten. Horietako bat zen Mella.
Emozio hasperena egin du egun hura oroitzean. Begiak busti zaizkio. «Jada ez nuen oroitzen zer zen zutik jartzea eta pausoak ematea. Lehen urratsa... Sentsazio hori...». Hasperena berriro. «Berriz ere pertsona izango zarela pentsatzen duzu».
Otxoa ere oroitzen da Mellaren egun hartako emozio eta zirrara hasperenaz: «Begoña ezagutu dut bastoi batekin ibiltzen, bi makulurekin eta, zoritxarrez, aulki gurpildunean. Adembin daramatzadan hogei urteetako egunik hunkigarrienetakoa izan zen».
Autonomoago
Ibili ezin direnen kasuan, exoeskeletoak ez du lortzen berriro ibiltzea. Baina indartu egiten dizkie hankak eta enborra. Hobeto moldatzen dira zutik jartzeko eta aulki gurpildunetik beste leku batzuetara pasatzeko. «Segurtasun eta indar handiagoa ematen dizu», azaldu du Mellak. «Zutik jar zaitezkeen apur hori hobeto egiten duzu». Otxoak zehaztu du kasu horietan lortu nahi dutela «zutik mantentzea eta aulkitik beren kabuz mugitu ahal izatea». Gero eta laguntza gutxiago behar izatea eta bakarrik egitekoi gai izatea.
Ohartarazpen bat egin du: exoeskeletoa teknologia osagarria dela eta ohiko errehabilitazioa beharrezkoa dela, pazienteak gutxieneko sendotasuna behar baitu kanpo hezurdura erabili ahal izateko. Zutik jartzeko gai izan behar du: «Bestela, exoeskeletoan jarriz gero, apurtu egingo lirateke. Begoñak, Mari Karmenek... hogei urte daramatzate errehabilitazioa egiten, eta horrek eman die gaitasuna gaur egun exoeskeletoa erabili ahal izateko».
Onurak ez dira fisikoak bakarrik, baita psikologikoak eta emozionalak ere. «Eta hori», zehaztu du Otxoak, «fisikoa bezain garrantzitsua da».
Exoeskeletoak garestiak eta astunak dira oraingoz. Errehabilitaziorako bakarrik erabiltzen dira. Otxoak, baina, uste du hamar urtean sortuko direla exoeskeleto autonomoak, pazienteek eguneroko bizimoduan erabili ahal izateko. Arinagoak eta merkeagoak izan beharko dute —Adembirenak 100.000 eurotik gora balio ditu—.
Mellak ahapeka dio ezetz, hamar urte baino lehen lortuko dutela.«Imajinatzen duzu ni horrelako batekin Bilbotik paseatzen eta dantza egiten...».
[youtube]https://youtu.be/sFQ2CvvDj5g[/youtube]