Hemezortzi hilabeteren ostean, COVID-19aren kontrako murrizketarik gabeko garaia hasiko da bihar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Birusa hesitzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak harturiko neurri murriztaile ia denak indarrik gabe geratuko dira, eta izurri aurreko normaltasunera gerturatzeko modua izango dute hiru lurraldeetako herritarrek. Atzo, Iñigo Urkullu lehendakariak bertan behera utzi zuen iazko abuztuaz geroztik indarrean zen osasun larrialdi egoera, eta, horrenbestez, bihartik aitzina bertan behera geratuko dira izurriaren aurkako neurri zorrotzenak. Nafarroa joan den astean lotu zitzaion murrizketarik gabeko aroari; bihartik aurrera, berriz, Hego Euskal Herri guztia egongo da izurri osteko fase berrian.
[YouTube]https://youtu.be/wN6T3ogQgKI[/YouTube]
Atzo arratsalderako deitua zegoen Labiren aholku batzordea, eta bertan hartu zen osasun larrialdi egoera indargabetzeko erabakia. Batzarra amaituta, galderarik gabeko agerraldi batean egin zuen iragarpena Iñigo Urkullu lehendakariak. Osasun larrialdi egoera amaituta, «garai berri bat» abiatu dela azpimarratu zuen Urkulluk: «Ostegunetik [bihartik] aurrera, osasun zaintza fasea hasiko dugu». Hala, gaur egun indarrean dauden neurri ia guztiak bertan behera geratuko dira, Bizi Berri IV planak horretarako era ematen duelako. Beraz, ordutegiekin, espazio publiko zein pribatuetako gehienezko edukierekin, eta talde bilkurekin loturiko muga nagusiak desagertuko dira.
Dena den, ez da aldaketarik izango Espainiako Gobernuak arautuak dituen neurrien inguruan. Batetik, maskararen erabilera nahitaezkoa izango da leku itxietan eta pertsonen artean metro eta erdiko distantzia mantentzerik ez den kasuetan. Bestetik, espazio itxietan eta 5.000 ikusle baino gehiago sartzen diren lekuetan %80ko edukiera mantenduko da.
Osasun larrialdi egoera bertan behera utzita, baliogabe geratuko dira neurri murriztaileak ezartzeko indarrean ziren agindu eta dekretu guztiak, eta baita Labi organo bera ere. Atzokoa izan zen batzordeak egindako azken bilera. Labi deseginda, orain arte osasun larrialdiari aurre egiteko lehendakariak izan duen zuzendaritza eta koordinazio bakarra ere desagertuko dira. Aurrerantzean, pandemiari lotutako neurriak eta «zaintza fasea» Osasun Sailak kudeatuko ditu. Espainiako Gobernuarekin koordinatuta egin beharko du, betiere.
Bihar bertan sartuko da indarrean Osasun Sailak izurria kudeatzeko ondutako dekretu berria, eta bertan jasota egongo dira osasun publikoaren kontrol eta prebentziorako abian izango diren neurri bakar batzuk. Maskararen erabilerarekin eta 5.000 lagunetik gora sartzen diren esparruetako edukierarekin lotutako neurriekin batera, dekretuak jasoko du kultura edo kirol ekitaldietara joaten direnek, barruko zein kanpoko esparruetan, ezingo dutela elikagairik edo edaririk kontsumitu, ura izan ezik. Toki horietan, ostalaritzako guneetan bakarrik saldu eta kontsumitu ahal izango da.
Helburuak, beteta
Astelehenean Labiren batzorde zientifiko-teknikoak landutako txostena eskutan hartuta erabaki du lehendakariak osasun larrialdia bertan behera uztea. Batzorde horren iritziz, birusak osasun sistemaren gainean duen eraginak «kritikoa» izateari utzi dio, eta «endemikoa» bilakatu da. Horrek esan nahi du, adituen ustez, «egonkorra» dela kutsatuen kopurua, nahiz eta ez den baztertu behar noizbehinkako agerraldiak egotea. Pandemiaren egoerak «hobera» egin duela egiaztatu ahal izan dute batzordeko kideek, baina ohartarazi dute izurriari lotutako «mehatxu» eta «ziurgabetasunek» bere horretan jarraitzen dutela. Hiru aipatu dituzte: birusak mutatzen jarraituko duela, txertaketa ez dela planeta osora zabaldu, eta immunitatearen iraupenari buruzko zalantzak ez direla desagertu.
Pandemiaren bilakaerari dagokionez, helburuak bete direla eta normaltasunerantz urratsa egiteko ordua iritsi dela azpimarratu zuen Urkulluk. Datuek horretarako modua ematen dute, adierazle nagusiak doazelako beheranzko bidean. Hala, Bizi Berri IV planaren lehenengo mailan ezarritako hiru helburuak bete dira, lehendakariak jakinarazi zuenez. Batetik, presio asistentzialak hobera egin du, eta ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan birusarekin dauden gaixoak 40 baino gutxiago dira: oraintxe bertan 34 pertsona daude larri ZIUetan. Tasa metatua ere malda behera doa, eta transmisio apaleko egoeratik gertu dira hiru probintziak, azken hamalau eguneko intzidentzia metatua 62 kasukoa baita. Eta hirugarrenik: txertoaren bigarren dosia hartua dute 12 urtetik gorako biztanleen %90ek.
Txertaketa izan da, hain justu, fase berrian sartzeko «gako nagusia», Urkulluren esanetan. «Ebidentzia zientifikoa eta datu objektiboak argiak dira: txertoa izan da birusari aurre egiteko tresna hoberena». Lehendakariaren iritziz, txalogarria izan da Osakidetzak eta gizarteak txertaketarekin erakutsitako engaiamendua, eta haien «erantzukizunari» esker lortu da «Euskadi munduko lehen postuetan» kokatzea txertaketari dagokionez. Oraindik txertatu ez direnei txertoa hartzeko deia egin zien lehendakariak: «Denek izan beharko lukete txertatzeko aukera, eta aukera hori dutenek baliatu beharko lukete». Haren ustez, gainera, txertaketak «solidarioa eta orokorra» behar du, eta munduko bazter guztietara iritsi beharko litzateke.
Urkulluren hitzetan, «itxaropentsua» da ireki berri den aroa, baina «zuhurtziari» eustea ezinbestekoa da, osasun krisia ezin delako amaitu. Fase berrian beharrezkoa izango da «prebentzioz» jokatzea, eta ohartarazi zuen neurri berriak hartzeko aukera mahai gainean egongo dela egoerak okerrera eginez gero.
Esker oneko hitzak
Azken urte eta erdian aholku batzordean eta mahai teknikoan parte hartu dutenei aitortza egiteko baliatu zuen Urkulluk atzoko agerraldia. Haientzako izan ziren esker oneko eta aitorpen hitz nagusiak. Nabarmendu zuen Labiren aholku batzordeak eta batzorde zientifiko-teknikoak hilabete luzez egindako lana «funtsezkoa» izan dela izurriari aurre egiteko. Ez dira gutxi izan bi batzordeek egin behar izan dituzten bilerak eta hartu behar izan dituzten neurriak, Urkulluk gogora ekarri zuenez: osasun krisia hasi zenetik, Labi instituzionala edo aholku batzordea 34 aldiz batzartu da eta 20 dekretu onartu ditu. Labi teknikoa, berriz, 66 aldiz bildu da orain arte, eta denera, 31 irizpen onartu ditu.
COVID-19aren ondorioz hil diren pertsona guztiak eta hildakoak agurtu ezin izan dituzten familiak ere gogoan izan zituen Urkulluk: «Ez dugu hildakoen eta haien senitartekoen sufrimendua ahaztuko. Dolumina, hurbiltasuna eta elkartasuna adierazi nahi diegu senide eta gertuko pertsonei ere». Halaber, aitortza hitzak izan zituen osasun sistemako langile guztientzat, eta baita neurri murriztaileek gehien jotako gizartearen sektoreentzat ere. «Eskerrak eman nahi dizkiet egoera honetara iristen beren alea jarri duten guztiei».