«Memoria dudanetik, patera hitza nire iruditerian dago». Ana Rosadok 4 urte zituen lehen aldiz migratzaile baten hilotza Cadizko kostaldera iritsi zenean: 1988ko azaroan izan zen, Tarifan. Urte batzuetara agertu ziren paterak, marokoarrek arrantzarako erabiltzen dituzten egurrezko ontziak. «Gerora ontzi pneumatikoak erabili dituzte, uretako motoak, ontzitxoak... Baina patera esaten diegu». APDHA giza eskubideen aldeko Andaluziako elkarteak hegoaldeko mugari buruz landu duen txostenean parte hartu du Rosadok. Irmoki salatu du ez dagoela migratzaileen harrerarako plangintzarik, nahiz eta migrazioa aspaldiko errealitatea den.
Inoiz baino migratzaile gehiago iritsi ziren iaz Andaluziako kostaldera, baina ez zen egoera guztiz berria izan. Fenomeno ziklikoak dira? Zeren araberakoak?
Espainiako Gobernuaren migrazio politikek hogei urte inguru dituzte, baina pateren auzia duela 30 hasi zen. Europako Batasunean sartu zenetik, Espainiak bete egin du Europaren dogma: mugak ixtea. Ez dago migrazio politika komun bat, estatu bakoitzak du, baina zorroztuz joan dira jendea bide legezko eta seguruetatik sartzeko eskakizunak. Eta Espainiak ezaugarri bitxi bat du: hurbil dauka Maroko, eta Afrikan dauzka Ceuta eta Melilla. Espainiak beti eman dio dirua Marokori migrazio mugimenduak kontrola zitzan, baina ika-mikak izan dira tartean: Sahararekin lotuta, arrantza edo nekazaritza akordioekin lotuta.... Era berean, azken urteetako egoeran eragina izan dute Italiak Libiarekin eta Europako Batasunak Turkiarekin sinatutako akordioek: beste muga batzuk zeharkatzea zailagoa denez, 2016tik hona milaka lagunek hautatu dute Gibraltarko bidea. Ez da bide erraza: basamortuan jende asko hiltzen da, eta ur arriskutsuak dira, baina nabarmen aktibatu da berriro. Gainera, egia da hemen oraindik ez dagoela salbamenduko operazio militar handirik: Itsas Salbamendua erakunde zibila da, eta horrek ere segurtasun gehixeago ematen die migratzaileei.
Iaz, inoiz izan gabeko egoerak izan ziren: kiroldegietan pilatuta migratzaileak, erakundeak gainezka... Zer gertatu zen?
Larrialdietarako neurrien bidez, giza eskubideen aurkako praktikak legitimatu dituzte. Une jakin bateko arazoa balitz bezala jorratu dute, baina egiturazkoa da: hogei urte baino gehiago dira etorkinak itsasoz iristen hasi zirela, baina oraindik ez daukagu harrera sistema egonkorrik; haiek atzemateko, atxikitzeko eta itzularazteko protokolo bat baino ez dago. Etorkinen kriminalizazioa eragin du horrek, eta nolabaiteko alerta mezua igorri du gizartera: jendea ez dago hain sentsibilizatuta migratzaileen errealitatearekin, saldu baitiete inbasioa dela haiena.
Kudeatzeko moduko kopuruak al dira?
Iaz, 64.000 lagun iritsi ziren. Ez dira Espainiako biztanleen %0,01 ere! Ez lukete Santiago Bernabeu futbol zelaia beteko... Chiclana de la Fronterakoa naiz: 86.000 biztanle ditu, eta iaz 200.000 turista baino gehiago etorri ziren abuztuan; haientzat badago planifikazio eta kudeaketa bat, baina 2018 osoan iritsitako 64.000 pertsona artatzeko, ez, nahiz eta igoera aspalditik aurreikusita zegoen. Migratzaileen harrerak bi ardatz nagusi ditu: arbitrariotasuna eta inprobisazioa. Nahita egiten dute. Beren kabuz antolatu diren herritarren sareek agerian uzten dute gobernuek ez dutela borondaterik harrera sistema duin bat atontzeko. Herritarrak antolatzeko gai badira, zergatik ez estatua?
Nolakoa izaten ari da uda hau?
Ez dugu datu zehatzik. Itsas Salbamendua, Guardia Zibila eta Gurutze Gorria ez dira ari ematen erreskate guztien berri; Barne Ministerioak bi astean behin ematen dituen datuak baino ez ditugu. Haren arabera, gutxiago ari dira iristen. Baina ez gutxiagok migratzen dutelako, baizik eta gehiago zapaltzen delako migrazioa: Maroko sutsu ari da sarekadak egiten eta migratzaileak hegoaldera botatzen. Ez da egoera guztiz berria: 2006an, Espainiak akordio bat sinatu zuen Senegalekin, han guardia zibil talde bat edukitzeko, Kanarietarako migrazioa saihesteko. Era berean, datu horien atzean dago Itsas Salbamenduak erakunde zibil bat izateari utz diezaion muntatu duten operazioa: militarizatu egin nahi dituzte erreskateak.
Legezko bideetatik sartu ezin izateak mafiak indartzen ditu.
Guk dakigula, ez dago halako talde antolaturik. Egia da pertsona batzuek besteen mina eta premia aprobetxatzen dutela, baina tokiko ezagutza eta harreman sareak erabiltzen dituzte muga igarotzeko. Agintariei ahoa betetzen zaie mafiekin eta pertsona trafikatzaileekin, baina guk beti esan dugu halakorik ez litzatekeela egongo sarbide seguruak eta legezkoak baleude. Mafiak sortu dira abaguneak lagundu dielako: atzerritartasun legeak. Bestela, zergatik pagatuko ditu pertsona batek 1.500-3.000 euro patera batean joateko, 35 euroan irits badaiteke ferryan?
Salatu izan duzue Espainiaren migrazio politika kanporatzeetan dagoela oinarritua. Zer esan nahi duzue horrekin?
Lehentasuna ez dela migratzaileei harrera egitea, baizik eta haiek botatzea. Espainiak kanporatze agindu bat ematen die baimendu gabeko leku batetik sartzeagatik. Gogora ekartzekoa da hori ez dela delitu bat, baizik eta arau hauste administratibo bat; baina delitugileak balira bezala tratatzen dituzte, eta atxikita izaten dituzte. Ez du zerikusirik Aquarius ontzikoei gertatutakoarekin, adibidez: auzi humanitarioa zenez —Maltako portu batera joan behar zirelako berez—, haiek hogei egun izan zituzten pentsatzeko asiloa eskatu edo beste norabait joan. Ez ziren egoera administratibo irregularrean egon. Hemen, ez: iristen direnean, kanporatze agindu bat ematen diete, abokatu eta itzultzaile baten laguntzarik gabe.
Zer aldaketa ekarri zuen PSOE Espainiako Gobernura iristeak?
Bat ere ez. Aquarius-ena keinu estetiko bat izan zen, itxurakeria, esateko haiek ez direla PPkoak bezalakoak. Baina migrazio politika bakarra eta bera izan da beti, agintean PP edo PSOE egon. Kontzertinak Rodriguez Zapateroren gobernuak jarri zituen. Kenduko dituztela esaten ari da Grande-Marlaska Barne ministroa esaten ari da kenduko dituztela, baina Marokon jarri dituztelako —Espainiaren diruarekin—. Eskuin muturraren gorakada geldiarazi nahi dute eskuin muturrak defendatzen dituen politikak aplikatuz. Orain Andaluziako Juntan dugun gobernua [PPk, Ciudadanosek eta Voxek babestua] 30 urteko pedagogia faltaren emaitza da.
Itsasoa harresi bihurtzen denean
UDAKO SERIEA. Mediterraneoko mugan. Ana Rosado. APDHAko kidea
«Gobernuek ez daukate borondaterik harrera duina atontzeko»
Inoiz baino migratzaile gehiago iritsi ziren iaz Andaluziara. Rosadok dio, ordea, kudeatzeko moduko kopurua zela. Salatu du migratzaileak kanporatzea duela oinarri Espainiaren politikak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu