Zaldibarko luiziaren urteurrena

Beltranen sendia: «Ez ditugu loreak zabortegi batera eraman nahi»

Mobilizazioetan, Zaldibarko hondamendia «argitzeko» exijitu dute, eta «erantzukizunak» eskatu

Sololuze eta Beltran langileak gogoan izan zituzten. BERRIA.
Jone Bastida Alzuru.
Zaldibar
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun

Urteurren iluna izan zen atzokoa. Hain zuzen, urtebete da Zaldibarko zabortegia amildu eta luiziak Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak harrapatu zituela. Jazotakoa gogorarazteko, salatzeko eta erantzukizunak eskatzeko, mobilizazioak egin zituzten atzo hainbat herritan: Zallan, Etxebarrian, Markina-Xemeinen, Zaldibarren, Ermuan (Bizkaia) Eibarren eta Elgetan (Gipuzkoa). Bideoan, Eibarko manifestazioa.

Pankartaz josita zegoen Zaldibar; eta eguraldi kaskarra bazterrean utzita, herritar ugari bildu ziren Zaldibar Argitu herri plataformak antolatutako ekitaldian. Hondamendian hildako bi beharginei omenaldia eginez eman zioten hasiera ekitaldiari, aurreskua dantzatuz. Elkarretaratzearen tartea izan zen gero, eta aldarriak argiak izan ziren: Zaldibarko hondamendia argitzeko exijitu eta erantzukizunak eskatu zituzten. Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuaren aurkako mezuak ere zabaldu zituzten.

Nahiz eta egun beltza izan atzokoa, une goxoekin koloreztatu zuten ekitaldia. Beltranen eta Sololuzeren omenez lore eskaintza egin zuten, eta bi langileak gogoan hasi zuten hizketaldia ere: «Gaurko eguna, bereziki, Joaquin eta Alberto oroitzeko baliatu nahiko genuke. 2020ko otsailaren 6an lanera joan ziren, eta ezin izan ziren etxera bueltatu, sekula gertatu behar ez zuen hondamendi batengatik. Doala gure besarkadarik beroena beraien senide eta lagunei». Adierazpenen ostean, txalo zaparrada batek hartu zuen plaza. Zaldibar Argituko kideek salatu zuten duela hamabi hilabete bezala jarraitzen dutela, zabortegian gertatutakoaren inguruan erantzunik jaso gabe: «Gaur-gaurkoz, Eusko Jaurlaritzako arduradun politiko bakar batek ere ez du ardurarik hartu. Inork ez du bere erantzukizuna hartzen».

«Egun grisari argi pixka bat» emateko asmoz, musikariek hartu zuten oholtza jarraian. «Kantatzen duen herria, ez baita inoiz hiltzen, eta ez du inoiz ahazten». Soinuz girotu zuten ingurua; eta amaitzeko, indarrez betetako mezuak zabaldu zituzten: «Otsailak 6 hartatik, urte gogorra bizi izan dugu: intentsitatez, beldurrez, amorruz eta suminduraz betetako urtea izan da. Baina elkartasunez, borrokaz eta indarrez koloreztatu dugu». Jazotakoa hondamendia izan zela adierazi zuten, zentzu zabalean: ekologikoa, soziala eta giza hondamendia; baita politikoa ere: «Kontrol falta, isiltasun konplizea, lagunen arteko negozioak...». Mugimenduaren leloa oihukatuz itxi zuten ekitaldia: «Langileak. Osasuna. Erantzukizunak. Zaldibar argitu».

Jendetsua izan zen arratsaldean Eibarren eginiko mobilizazioa ere. Untzaga plazan elkartu ziren herritarrak, eta han eman zioten hasiera manifestazioari. COVID-19a dela-eta segurtasun neurriak errespetatuz, bi ilaratan jarrita egin zuten ibilbide osoa. «Zaldibar argitu», «Joaquin eta Alberto gogoan», «Arriola dimititu», «Jaurlaritza errudun» eta «Erantzuleak non daude?» oihuak entzun ahal izan ziren. Gero, plaza inguratu zuten manifestariek, erdian luiziak harrapatu zituen bi langileak omentzeko kartelak eta lore sortak zirela. Bukatzeko, eskakizun bera: «Zaldibar argitu».

Itxaropena galdu gabe

Zallan egin zen elkarretaratzean bildu ziren desagertutako Beltran langilearen familiartekoak, eta hitza hartu zuten. Erakundeei eskatu zieten haren gorpuzkien bila segitzeko, etenik ez egiteko, ez baitute «lorerik eraman nahi zabortegi» batera. Beltranen gertuko kideek irakurritako komunikatuan, esan zuten azken urte honetan Zaldibarren gertatutakoa «behin eta berriro bizitzen» ari direla. «Behar den denbora guztia itxaroten jarraituko dugu, baina ez dugu ulertzen nola egon gaitezkeen oraindik Joaquin gabe». Hondamendian desagertu zen Sololuze ere gogoan izan zuten Beltranen familiartekoek, baina baita «beste Joaquin» bat ere. Coruñako (Galizia) zabortegi batean izan zen beste luizi batean desagertu zen Joaquin Serantes langilea, hain justu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.